Noiz sortua: 2020-02-13 13:06:22

Erakundeen erantzuna

Urkulluk datorren asteartean emango ditu azalpenak

Oposizioko taldeek eskatua zuten agerraldi hori, Eusko Legebiltzarraren Diputazio Batzordean.

Zaldibarko zabortegian egiten ari diren lanak
Zaldibarko zabortegian egiten ari diren lanak Aritz Loiola - Foku Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko otsailak 13

Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko zenbait sailburuk azalpenak emango dituzte auziaren inguruan Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean, datorren asteartean. Oposizioko alderdiek eskatua zuten agerraldi hori, hauteskundeen deialdiaren ondorioz Legebiltzarra deseginda dagoen arren.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak zigor espedientea ireki dio Zaldibarko zabortegiaren jabe eta kudeatzaileari, Verter Recycling 2002 SM enpresari. Bi aldeek asteazkenean izan zuten bileran eman zion horren berri Jaurlaritzak enpresari. Gainera, «egoera oker ez dadin» beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko ere eskatu zion Jaurlaritzak.

Mahai Teknikoaren bilera

Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak lehenengo aldiz bilera egin du Zaldibarren. Aurrerantzean, egunero bilduko dira. Lehenengo bileraren ostean azalpenak eman dituzte Jaurlaritzako arduradunek. Esan dutenez, desagertutako bi langileak bilatzeko lanak dituzte oraindik ere «lehentasun», eta, lehenengo aldiz, hondeamakinak sartu dituzte eremua egonkortu eta bilaketa lan horiek «segurtasunez» egin ahal izateko. Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak esan duenez, oraindik ezin zaie eperik jarri lan horiei: «Ahalik eta azkarrena topatu nahi ditugu, baina segurtasun erabatekoz»Â.

Airearen eta uraren kalitateari dagokionez, esan dute segitzen dutela neurketak egiten, eta parametro batzuk ohi baino handiagoak diren arren, «normaltasunaren barruan» daudela. Lagin batzuk Madrilera bidali dituzte, han aztertzeko. Inguruko baratzeen eta animalien kontrola ere hasi dira egiten.

Zabortegitik ateratzen ari diren materiala nora bidali, ordea, ez dute oraindik erabaki. Esan dutenez, hondakinak amiantoarekin nahasita daude eta, beraz, dena «hondakin arriskutsu gisa» tratatuko dute, baina EAEn ez dago horrelako hondakinak jasotzeko gauza den zabortegirik.

Hondamendiaren arrazoiaz, berriz, oraingoz ez dute azalpenik eman. Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan duenez, «orain ez gara errudunak bilatzen ari, irtenbideak baizik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna