Eusko Legebiltzarrerako bozak

Martinezen eta Gorrotxaregiren arteko hautagaitza bateratua, urrunago

Ahal Dugu-ko lehendakarigai izateko lehian jarraituko dute Rosa Martinezek eta Miren Gorrotxategik. Zerrenda bateratua egiteko aukera baztertu du Martinezek.

Rosa Martinezen hautagaitzaren manifestuaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. AHAL DUGU
Edurne Begiristain.
2020ko otsailaren 14a
14:34
Entzun

Bi aste eta erdi falta dira Ahal Dugu-k Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia aurkezteko epea amaitzeko (martxoaren 2an amaituko da epea), eta gero eta urrunago dago Miren Gorrotxategiren eta Rosa Martinezen artean zerrenda bateratua osatzeko aukera. Joan den astean, Gorrotxategik Zubiak izeneko hautagaitzan sartzea eskaini zion Martinezi, «batasunaren eta integrazioaren aldeko» keinu gisa. Haatik, Martinezek berak gaur goizean baztertu egin du aukera hori, bere hautagaitzaren manifestu bat aurkezteko egindako agerraldian.  Adierazi du eztabaida horiek alderdi «barruan» eman behar direla eta uko egin dio gaiaz jendaurrean eztabaidatzeari. Gainera, adierazi du Gorrotxategiren estrategiak eta berak dituenak «ezberdinak» direla. Herenegun, Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusia argiago mintzatu zen, eta Gorrotxategiri zerrenda bateratua lortzeko negoziazioak «alde bakarretik haustea» leporatu zion. Izan ere, bezperan, Gorrotxategik berak iragarri zuen Martinezek uko egin ziola zerrendak bateratzeko proposamenari.

Gaur goizean, Gorrotxategik Radio Euskadin adierazi du hautagaitza osatzeko garaian oinarrien iritzia kontuan izan duela. Azaldu du Pablo Iglesiasen babesa duela, baina horrek ez duela esan nahi Iglesiasek haren aldeko kanpaina egingo duenik: «Baina harreman estua dut, nire asmoen berri ematen diot, eta berak oniritzia ematen dit». Horrez gain, kritikatu egin du Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzarekin lortutako aurrekontu akordioa: «Nire anbizioa kopuru txiki batzuk lortzetik harago doa». Halaber, baztertu egin du Ahal Dugu-k EAJrekin gobernatzea: «Ez da naturala». EH Bildu, PSE-EE eta Podemosen arteko itunak nahiago dituela esan du.

Guztion Aukera

Gaur goizean, berriz, Rosa Martinezen hautagaitzaren aurkezpena egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. Martinezekin batera izan dira Lander Martinez, Cristina Makazaga eta Julen Bollain. Guztion Aukera izena du hautagaitzak, eta manifestu bat ere aurkeztu dute agerraldian. Manifestuan, Martinezen hautagaitzaren hainbat konpromiso eta erronka bildu dituzte. Besteak beste, ekonomia «larrialdi klimatikora eta digitalizaziora» egokitu nahi dute, indarkeria matxistari aurre egin nahi diote eta estatutu berri bat onartu nahi dute. Aurkezpenean, Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak adierazi du apirileko hauteskundeetara Equo eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztu nahiko luketela berriz, koalizioak «ezin hobeto» funtzionatu duelako orain arte. Dagoeneko bi alderdi horiekin hasi dituzte negoziazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.