Musika

Gatibuk Bizkaia Arena betez ospatuko ditu 20 urteak

Taldearen 20. urteurrena ospatzeko biraz gainera, kanta eta bideoklip berri bat ere sortu dituzte, eta martxoaren 28an kontzertu «berezia» eskainiko dute Bilbon, ia 8.000 zalerentzat. Amaitzear dira sarrerak.

Inigo Astiz
2020ko otsailaren 14a
14:41
Entzun

Ospakizun bat da nagusiki, urtebetetze festa bat, baina, bigarren mailan, bada harrotasun aldarrikapen moduko bat ere, Haimar Arejita Gatibu taldeko sortzaile eta gitarra jotzaileak azaldu duenez. «Zergatik ez du egingo euskaraz abesten duen talde batek horrelako kontzertu erraldoi bat? Euskal kultura euskaraz egiten dugunok zergatik ez dugu beteko horrelako toki bat? Horrelako aretoak betetzen dituztenak beti izaten dira atzerritarrak edo gazteleraz abesten dutenak; ba, guk ere merezi dugu, eta euskaraz ere horrelako gauza masiboak egin daitezkeela demostratzen gabiltza». 20 urte beteko ditu aurten taldeak, eta abiatua dute jadanik urteurren bira. Ordea, martxoaren 28an Bilboko Bizkaia Arenan ia 8.000 entzulerentzat egingo duten emanaldi berezia izango da ospakizun ekitaldi nagusia. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, etag oraingozg saio «berezia» izango dela baino ez dute aurreratu. Gonbidatuekin. Normalean egiten ez dituzten gauzekin. Eta, halere, funtsean, Gatiburen kontzertu bat.

Okasiorako kanta eta bideoklip berria ere sortu dituzte.

[youtube]https://youtu.be/H94MMf6pPzI[/youtube]

«Ez dugu orain nahi hau eta bestea etorriko direla esaten hasi, sarrerak saltzeko eta propaganda egiteko», azaldu du Alex Sardui taldearen sortzaile eta abeslariak. Musika nahi dute ekitaldiaren muinean. Gonbidatuak izango dituztela aurreratu dute, halere; zein izango diren zehaztu gabe. Ulertarazi dutenez, ordea, beren ibilbidean kolaboratzaile izan dituzten artistak egongo dira kontzertuan. Eta, adibidez, Fito y los Fitipaldis taldeko Fito eta Izaro abeslariak dira taldearen kolaboratzaile izan diren sortzaileetako bi. «Opari bat izango da», aurreratu du, soil, kantariak.

Atzera begira jarri eta balantzea egitera behartu ditu urteurrenak taldekoak. Eta horren emaitza da kaleratu berri duten abesti berria ere. Bixotzetik deitu dute, eta taldearen historia laburbiltzea izan da asmoa, hala musikalki, nola hitzetan. «Bilatu gabe», baina beren ibilbidean landu dituzten musika adar nagusiak bildu dituzte kantuan, Arejitaren hitzetan; badaude tarteka taldearen hasierako rock gogorragoa gogorarazten duten pasarteak, baina gerora lantzen joan diren erritmo dantzagarriak nagusitzen dira berehala, eta leloan argi entzuten da musikarien pop zaletasuna. Eta letrek ere badute laburpen gogo hori. Lehen ahapalditik beretik: «Bizitza kotxeko ispilutik ikusten./ Hogei urte joan dira, hogei asteburuten./ Lekuek, ostalak, maletak, arazo ta pozak,/ katuek egin ahala, bizitza, albotik doa».

«Martxarako ere animatua den abesti bat, Gatiburen soinua daukana 100%», laburbildu du gitarra jotzaileak. «Taldea zer momentuan dagoen islatzen du, eta esaten du hurrengo 20 urteetan ere norantz joango den».

Euskara erdigunean

Atzera begirako errepasoan bada taldekideek lehen-lehen lerroan jarri duten elementu bat: euskara. Arejitak eman du azalpena: «Hogei urte hauetan Gatibuk egin duena, batez bere, da musika euskaraz. Euskarak dauka garrantzia, eta hori da desberdintzen gaituena: rocka eta popa euskaraz egiten dugula. Musikak badu gaitasuna euskarazko kantekin euskaldunei eta euskaldun ez direnei ‘rollo ona’ transmititzeko, bizipoza, martxarako gogoa, sexua praktikatzeko gogoa». Izan ere, musikariaren hitzetan, «hizkuntza aspergarria» izatea da euskarari buruzko estereotipo okerretako bat. Alegia, ez duela balio sexurako. Ez duela balio dantzarako. «Guk mito hori apur bat saiatzen gara apurtzen, eta jarraituko dugu saiatzen erakusten euskaraz edozer gauza egitea posible dela, eta euskaraz ez dakien jendea ere dantzan jartzea euskarazko musikarekin». Eta kidearen azalpena amaitzean egin du broma Sarduik: «Egia esan, euskara gehiago egiten dugu sexua baino».

Kanpora joateko erronka

«Kanpora joatea». Erronka hori jarri dio bere buruari taldeak hurrengo urteetarako, Gaizka Salazar bateria jotzailearen hitzetan. Jadanik badabiltza Herrialde Katalanetan, Galizian, Madrilen eta beste hainbat lekutan kontzertuak ematen, eta «bide hori zabaltzen» jarraitzea da musikarien asmoa. Azken asteetan, kanpoan egindako kontzertu horietako batzuk errepasatu dituzte. «Madrilen jo genuen lehen aldian, 100 pertsona ez ziren bilduko, eta orain ikusten ari gara taldea nola hazten ari den. Ikusi da bertako jendea interesatu dela». Kontatu duenez, 600 ikusle bildu zituzten Espainiako hiriburuan eskainitako azken kontzertuan. Esan dutenez, gainera, zaleen artean, badaude euskara jakin ez arren, beren abestiak goitik behera abesten dituzten entzuleak. Eta pozik daude hango eta hemengo zaleen artean adin “espektro oso zabala” lortu dutelako ere.

Artistikoki «bide berriak ezagutzea» da taldearen asmoa. Baina, oraingoz, entseguak dituzte buruan. Urteurren birakoak, orokorrean, eta martxoaren 28koa, bereziki. «Oraindino ez dugu sinisten», onartu du Sarduik. «Behin pasatu zitzaigun Durangon, hirugarren diskoarekin. Kontzertua jo genuen, eta bukatu genuen zoraturik, eta nik uste dut horrelako sentsazio bat lortuko dugula: dena egin eta geroko satisfazio puntu hori. Ze oraingoz behar egin behar da azken momentura arte, azken segundora arte entseguak daude».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.