Zabortegian «ezin zehatzago» egiten zuten lan, Verterren esanetan

Enpresak adierazi du neurri guztiak bete izan dituztela beti, hondakinen sektorea «gehien kontrolatutako sektoreetako bat» baita.

Zabortegiko azpiegiturak eta makinak ere jausi ziren ezbeharrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko otsailaren 17a
12:09
Entzun

«Kamioia zamaz bete, eta hara eramaten genuen zaborra, inolako birziklatze prozesurik egin gabe. Han denetik ikusi izan dut: material korrosiboen bidoiak, suharberak, amiantoa...». Kamioi gidari batek adierazpen gogorrak egin zizkion BERRIAri igandean. Zortzi urtez egunero joan-etorriak egin ditu Verter Recycling 2002 SM enpresaren zabortegira, eta esan du denetik ikusi zuela lanean ari zenean. Enpresak, ordea, bereari eutsi dio; Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) «ezin zehatzago» lan egiten zutela adierazi dio gaur BERRIAri.

Verterrek krisi egoeren kudeaketan espezializatutako Consejeros del Norte aholkularitza enpresa kontratatu du ezbeharraz geroztik komunikazio lanetan aritzeko. Enpresa horrek adierazi du Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) «kontrol zorrotzak» egin izan direla beti, hondakinen sektorea «gehien kontrolatutako sektoreetako bat» bat delako. Prozeduretako kontrolik eza nabarmendu zuen kamioilariak, baina enpresakoek ukatu egin dute hori: «Jatorrian, kode bat ematen zieten hondakinei. Baskulan kode hori egiaztatzen zuten, eta han neurtzen zituzten pisua eta bolumena. Hori guztia erregistratu egiten zuten, eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzen zioten». Nabarmendu dute Jaurlaritzak ontzat emana zuela prozedura guztia.

Ezbeharra gertatu zen eguneko gauerdian jakin zen amiantoa zegoela zabortegian, 2017tik: hiru urtean, ia 10.000 tona amianto sartu ziren han. Jaurlaritzak ondoren jakinarazi zuen enpresak bazuela amiantoa hartzeko baimena. «Gu amiantoaren gainean ibili izan gara kamioiarekin. Askotan, nola puskatzen zen ere sumatzen nuen», azaldu zuen kamioilariak. «Horrela esanda, badirudi amiantoa solte zegoela hor; fibrozementua eramaten zen», esan du enpresak. «Plastikozko kapsuletan sartzen zuten, behar bezala bildu, eta zabortegira botatzeko prestatzen zuten».

Amiantoarekin lan egiteko material berezia zutela ere esan dute; tresna mekanikoekin deskargatzen zuten, eta erregistratutako lekuetan gordetzen zuten gero, enpresaren esanetan. BERRIAk elkarrizketatutako kamioilariak, berriz, kontatu zuen ez duela jantzi eta material egokirik erabili izan.

«Aldaketa esanguratsurik» ez

Atzo, Vocento taldeko egunkariek kontatu zuten Zaldibarko zabortegia diseinatu zuen enpresak «ia osorik» aldatu zuela Eusko Jaurlaritzak aurrez onartua zuen proiektua. Verterrek 2007an lortu zuen baimena, LKS ingeniaritza enpresak egindako txosten batekin, baina handik gutxira beste enpresa bat kontratatu zuen, proiektu «berri» bat hasteko. Aldaketa horrek zalantza ugari sortu ditu, ez zutelako prozesu administratibo gehiagorik egin zabortegiaren azken proiektua aztertzeko. Verterrek gaur adierazi du Eusko Jaurlaritzak izan zuela proiektu eta enpresa aldaketa horren berri, eta erabaki zuela ez ziotela «aldaketa esanguratsurik» egin proiektuari, eta, beraz, ez zuela merezi baimena emateko beste prozesu bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.