Nafarroa

PSNk Navarra Sumarekin bat egin du Ikurren Legea aurrera ateratzeko

Geroa Baik eta EH Bilduk «koldarkeria politikoz» aritzea leporatu diete sozialistei. Uxue Barkosen arabera, 2020ko aurrekontuak norekin onartuko dituzten estaltzeko, Nafarroako banderan estali du bere burua PSNk. Araizen ustez, eskua luzatu dio etsipenean zen eskuinari.

Bozketaren emaitza adierazten duen pantaila eta haren emaitzaren zain, parlamentariak. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 20a
12:34
Entzun

«Pozten naiz kontent zaudelako». Ironiaz, Unai Hualde parlamentuko presidenteak ohar hori egin dio bere harmailatik Navarra Sumako Javier Esparzari, hark bere hitzaldia amaitu duenean. Izan ere, legealdi osoan bakarrik geratzera eta sumin tonua erabiltzera ohituta egonik, Esparzak pozarren ospatu du Ikurren Legea aurrera atera izana. «Gaurkoa egun handia da, Nafarroak Ikurren Legea izango duelako berriro; albiste handia da». Horretarako, ezinbestekoa izan da PSNren jarrera, bat egin baitu eskuineko koalizioarekin. «Baiezkoa eman diogu Nafarroako ikurrak duintzen dituen lege bati», arrazoitu du Ramon Alzorriz sozialistak.

Navarra Sumak bere proposamena aurrera ateratzea lortu du, eta legealdiko lehen garaipena lortu. Aurreko legealdian, laukoak 2003ko foru legea indargabetu zuen, baina, egungo legealdia hastearekin batera, eskuineko koalizioa berriro ahalegindu da iraganeko legea biziberritzen. Proposamenean, zigor erregimen gogorra agertzen zen ikur ez-ofizialak erabiltzen dituzten udal eta erakundeen aurka. Urrian, lege proposamena tramiterako onartu edo ez bozkatzerakoan, PSNk bide eman zion egitasmoari.

Lau hilabete geroago, batzordetako tramitazioan, zigor erregimena kendu egin dute taldeek. Gaurko osoko bilkuran, eztabaida hasi baino ordu erdi lehenago, Navarra Sumak eta PSNk ahozko bi zuzenketa (in voce) aurkeztu dituzte. Bertan, adierazten da Nafarroako banderak lehentasunezko tokian egon behar duela erakunde publikoetan Espainiako banderarekin batera, eta mastan erdiraino jasorik jarri ahalko dela gobernuko lehendakariak dolu eguna zehazten duenean. Navarra Sumak eta PSNk baiezkoa eman diote azkenik foru legeari —zuzenketak barne—. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak kontra bozkatu dute. 

Ikurrinak kentzea helburu

Betiko diskurtsoari heldu dio Esparzak proposamena defenditzeko, eta gogoan hartu du 2003ko legea helburu argi batekin ezarri zutela: «Bertako ikurrak duintzeko eta udaletan ikurrina jartzea eragozteko onartu genuen, eta, orain, Navarra Sumak asmo berarekin jarraitzen du. Legeak bete egin behar dira». Haren irudiko, euskal nazionalismoa «betidanik identitateen arteko gatazka» sortzen saiatu da, eta «banderen arteko gerra bultzatu du». Halaber, aurreko legealdian laukoak foru legea indargabetu zuen, talde abertzaleen erabaki politiko baten ondorioz, «udaletan ikurrina jar zedin». Esparzaren arabera, egoera hori irauli nahi izan dute, Nafarroako ikurren «gutxiespen horren kontra».

PSNk erdian kokatu nahi izan du bere burua, eta adierazi du historikoki alde bateko zein besteko ordezkariek euren aurka egin izan dutela horregatik: «Oraindik gogoan dut nola 2007an manifestazio bat egin zuen eskuinak gure aurka, Nafarroa saldu genuela leporatuz; aldi berean, aurreko legealdian, kritika ugari jaso genituen nafar ikurren aldeko manifestazioan parte hartzeagatik, baina sozialistok norabide sendoa dugu». Ramon Alzorrizek dioenez, sinboloak ez dira inorenak, eta gatazka saihestu behar da: «Eskuinak ikurren jabegoa bereganatu nahi izan du. Pedro Sanchezek berak Espainiako bandera handi baten azpian jarri behar izan zuen, bandera guztiona dela aldarrikatzeko». Haren irudiko, legeak Nafarroako ikurrak duintzen ditu, eta zigor erregimena kendu zaio «inoren aurka joan dadin» eragozteko.

Eskuinari eskua luzatu

Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak gogora ekarri du urrian lege proposamena aurkeztu zenean Javier Remirez presidenteordeak adierazi zuela akordio programatikoan jada bazkideek borondate irmoa adierazi zutela Nafarroako ikurren alde. Gerora gobernuak iritzirik eman ez badu ere, Barkosen ustez PSNk proposamenari bide eman zion hauteskundeak ate joka zirelako. Orain, berriz, «etsipenean eroria den eskuinaren doinuan dantza egitea» aurpegiratu dio sozialistei. Haren irudiko, «koldar» jokatu dute sozialistek. «Datorren astean onartuko diren aurrekontuen aurrean, nork babestuko dituen estaltzeko kilo eta erdi bandera jarri duzue zuen inguruan». Barkosen arabera, Esparzak arrazoiak ditu pozik egoteko. «Usaintzen du gaztatxoen Nafarroa gertuago dela». Barkosek ohartarazi dio Geroa Baik lan egingo duela hori eragozteko.

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, salbamendu ontzi baten modukoa da PSNk Navarra Sumaren proposamenari emandako baiezkoa. Haren irudiko, aurreko legealdian, 2003ko legea indargabetu ostean, laukoa ez zen gai izan beste lege bat garatzeko eta uda honetako akordio programatikoa «Geroa Baik ez du ondo lotu». «Ahal bezain azkar, PSNk ihes egin dizue», esan dio Barkosi. Deigarria egin zaio PSNk eta gobernuak jarrera desberdinak azaldu izana. Araizen ustez, PSN eskuinaren tranpan erori da, foru legean zigor erregimena kendu bada ere Navarra Sumak beste ikurrak «debekatzea baino ez baitu nahi». EH Bilduren ustez, gehiengo zabalak dituzten udaletan ikurrina jartzea nahi badute, «demokratikoki» hori babestu beharko litzateke, zigortu gabe. Azpimarratu du ezen historikoki, 80ko hamarkadan, parlamentuan zuhurtziaz jokatzen zela alor horretan.

Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek gogora ekarri du 2017ko eztabaidan «zer-nolako performancea eta zer-nolako zirkua» antolatu zuten UPNko eta PPko taldeek. Haren irudiko, herritarren benetako arazoak ezkutatzeko erabiltzen da eztabaida hori. Ezkerrako Marisa de Simonen irudiko, ikurren legeak ez du «ezertarako» balio. «Sinboloak arautzea beharrezko al da? Ez. Begiratu besterik ez dago parlamentu honetan hor daudela hiru ikur ofizialak, Nafarroakoa, Espainiakoa eta Europakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.