Politika

Buesa eta Diez oroitu dituzte, hilketaren 20.urteurrenean

Eguerdian, lore eskaintza egin diete Fernando Buesari eta harekin batera ETAk hil zuen Jorge Diez bizkartzainari. Alderdi guztietako ordezkariak izan dira omenaldian.

Fernando Buesaren eta Jorge Diezen senideak gaurko lore eskaintzan. JAIZKI FONTANEDA
Edurne Begiristain.
2020ko otsailaren 22a
13:04
Entzun

Gaur hogei urte bete dira ETAk Fernando Buesa PSEko buruzagi eta Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Jorge Diez haren bizkartzaina hil zituenetik, eta, urtero legez, haien omenezko lore eskaintza egin dute eguerdian, Gasteizen. Buesa eta Diez hil zituzten tokian bertan haien omenez jarri zen monolitoan egin dute omenaldia. Han izan dira biktimen senideak eta alderdi politiko guztietako eta erakundeetako ordezkariak.

Buesa ETAk hil zuen, 2000.urteko otsailaren 22an, Gasteizen, bonba-auto bat leherrarazita. Erasoan, Jorge Diez bizkartzaina ere hil zuen talde armatuak. Eguerdiko lore eskaintza baino lehenago, Eusko Legebiltzarrak ere gogoan izan du Buesa, legebiltzarkidea izan baitzen PSEko buruzagia, eta baita Enrique Casas ere. Casas Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten, 1984ko otsailaren 23an, Donostian, tiroz. Urtero legez, buruzagi sozialisten argazkiak jarri ditu legebiltzarrak ganberaren atariko Gauerdiko Iparrorratza eskulturan, eta suontzia piztu dute, egun osoz. Hauteskunde deialdia dela-eta legebiltzarra deseginda dagoenez, ganberak ez du omenezko ekitaldirik egin.

Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta talde parlamentarioetako ordezkaritza zabal bat joan dira eguerdiko lore eskaintzara. Eusko Jaurlaritzatik, Jonan Fernandez Bizikidetza Idazkari Nagusiak hartu du parte omenaldian. Arrosa gorriak paratu dituzte Buesaren eta Diezen omenezko oroitarrian, eta isilpean oroitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.