Koronabirusa

Laugarren koronabirus kasua baieztatu dute

Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du gaixotasuna ez dela oso kutsakorra, eta neurriak hartu dituztela. Sintomak dituztenei eskatu die arretaz jokatzeko, eta ez egoteko arrisku taldeetako pertsonekin.

Murga eta Arteagoitia, asteazkeneko prentsaurrekoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arantxa Iraola - Mikel P. Ansa - Andoni Imaz
2020ko otsailaren 28a
20:35
Entzun

Araban eta Gipuzkoan bi koronabirus kasu baieztatu zituen Eusko Jaurlaritzak atzo, eta Nekane Murga Osasun sailburuak gaur goizean eman duen prentsaurrekoan jakinarazi du badela beste kasu bat ere. Gaixoek osasun ona dutela eta bakartuta daudela azaldu du. Arratsaldean Nafarroako lehen kasua baieztatu dute. Euskal Herrian agertu diren aurreneko kasuak dira.

Gaitza atzo atzeman zieten bi pertsonak kanpoan ibiliak dira azkeneko hamabost egunetan. Bat Italian izan da, eta bestea, Espainian, Andaluzian. Ez dute ziurtatu, baina uste dute kanpoan kutsatu direla biak, eta ez Euskal Herrian. Gaitza atzeman dioten arabarra medikua dela jakinarazi dute, Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Hirugarren kutsatua ere ospitale bereko medikua da.

Murgak eta Txema Arteagoitia Osasun Saileko Zaintza eta Txerto buruak hitz egin dute. «Lasaitasun eta konfiantza» mezua zabaldu du: «Kutsakortasun maila ez da oso handia. Gaitza duen pertsona bakoitzak bi edo hiru pertsona kutsatzen ditu. Beste birus batzuena askoz ere handiagoa da; elgorriarena, adibidez». Nabarmendu du protokoloa martxan dagoela, eta lanean ari direla gaixotasuna ez kutsatzeko. «Aspalditik gaude prest».

Osakidetzak egunotan eman dituen aholkuak errepikatu ditu Murgak: eskuak garbitzeko, doministiku egitean ahoa besaurrearekin estaltzeko, eta erabili eta botatzeko musuzapiak baliatzeko. «Maskarek ez dute balio gaixotasuna saihesteko; onena eskuak garbitzea da», esan du. Arnasketa infekzioren bat dutenei eskatu die etxean geratzeko, eta, batez ere, saihesteko arrisku taldeetako pertsonekin egotea. Adineko jendea da zaurgarriena.

Murgak eta Arteagoitiak esan dute gripe garaia dela oraindik, eta arnasketa gaixotasun gehienak horrek eragiten dituela. Halere, adierazi dute litekeena dela koronabirusa Euskal Herrian hedatzen hasia egotea, baina herritarrei eskatu diete ez larritzeko: «Soilik sintomak dituztenek hartu behar dituzte neurriak».

Gaitza zelatatzeko eta bakartzeko protokoloa martxan jarri du Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak. Kutsatutakoek izan dituzten kontaktuak aztertzen ari dira, gaitza gehiago hedatu ez dadin; aztertzen ari dira gaixotutakoekin kontaktu estua izan duten zer pertsona jarri berrogeialdian.

Osakidetzak ospitaleak antolatu ditu 600 ohe gehiago prest edukitzeko moduan, kasuak azaltzen hasten badira behar bezala erantzuteko. Erizain boluntarioen eskea ere egin du. Nafarroan, adibidez, departamentu arteko batzorde bat eratu dute, eta protokolo bat ezarri dute; herritarrei zein osasun arloko profesionalei begira, hainbat irizpide eman dituzte. Akitania Berriko eskualdeak krisi zelula bat abian jarri du birusaren hedapenak sortu ditzakeen egoerak kudeatzeko.

Aholkuak

>Osasun publikoko arduradunek zenbait aholku eman dituzte, baina bat nagusiki: sintomak nabarituz gero —eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak...—, eta orain berri koronabirusa zabaldu den lekuren batean ibili badira, harremanetan jartzeko osasun zerbitzuekin. Osakidetzak telefono bat eman du: 900-20 30 50. Nafarroako Osasun Departamentuak beste telefono bat jarri du: 948-29 02 90. Gaur egun, arriskutsutzat jotzen dira Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia.

 

 

Aholkuak ere eman dituzte: eskuak urez eta xaboiz garbitzea; eztula egitean ahoa ondo estaltzea —besoaren barruko aldea edo zapi bat erabiliz—, eta botatzeko zapiak erabiltzea mukiak zintzatzeko.

Euskal Herriko farmazia askotan bukatu egin dira aurpegirako maskak eta eskuak garbitzeko kremak, baita koronabirusak kutsatutako aurreneko bi pertsonen berriak iritsi aurretik ere.

Mehatxua «goi-goian» dago orain

OME Osasunerako Mundu Erakundeak esan du okerrera egiten ari dela egoera. Zabaltzen jarraitzen du COVID-19 koronabirusak; tantaka, munduko herrialde askotan ari da agertzen, eta, ondorioz, hedatze orokor baten mehatxua «goi-goian» da. Afrikan ere kasu bat agertu dela jakin da gaur, eta horrek eraman du nazioarteko erakundea berriz arazoaren larriaz ohartaraztera.

«Pandemia» hasi den galdetuta, hala ere, hitz hori saihestu egin behar dela esan du OMEk: «Izan ere, esan nahiko luke edonork duela gaitza harrapatzeko arriskua». Txinan izan zuen sorburua izurriak, baina, ordutik, handik kanpora ere, 4.351 kasu zenbatu dituzte, 48 herrialdetan. Gaur arratsaldeko datuak dira, iragankorrak guztiz, gorakada etengabea baita.

Bada itxaropenerako motibo izan daitekeen datu bat, ordea; Txinan apaldu egin dira nabarmen kasu berriak. Hortik ikas daitekeen lezioaren bila dabiltza adituak. Datuek erakusten duten hedatze bizkorrak sorrarazten dien ezinegona ezkutatu ezinik: «Kezka eragiteko modukoak dira».

Erakundeko eledun Tedros Adhanom Ghebreyesusek argi utzi du erronkarik garrantzitsuena «transmisio katea» etetea dela; horretan egin behar dute ahalegina mundu osoko osasun sistemek. «Birusa dutenak bakartu egin behar dira, eta haien kontaktuak kontrolpean izan». Adierazi du, halaber, hainbat zientzialari talde lanean ari direla txertoen eta tratamenduen bila, eta, ondo bidean, ikerketa horiei esker gaitzaren aurka egiteko sendagaiaren bat izango dela aurki: «Hainbat asteren bueltan».

Oraingoz, ordea, sintomak arintzeko botikak besterik ez dago. Ez da gaitz larria kasurik gehienetan; adinekoei  eta aurrez osasun arazoak dituzten pazienteei, ordea, osasun arazo larriak eragin diezazkieke. OMEko adituek kezka azaldu dute errefuxiatuen guneekin; hango bizi baldintza kaxkarretan, ondorio larriak izan ditzake birusak. Nazio Batuen Erakundeak ere lasaitasuna eskatu du; esan du ez dela izuak jota gelditzeko garaia, baizik eta prestatzekoa, ongi prestatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.