Albistea entzun

Turkia

Turkiak iragarri du ez duela muga itxiko EBk bere hitza bete arte

Greziak salatu du 4.000 pertsona saiatu direla «indarrez» muga zeharkatzen, eta Turkiari egotzi dio taldeak antolatzea. Erdoganek esan du bonbardaketetan 2.100 soldadu siriar hil dituztela.

Iheslariak Grezia eta Turkia banatzen dituen Meric ibaia zeharkatzen, Europan sartu ahal izateko.
Iheslariak Grezia eta Turkia banatzen dituen Meric ibaia zeharkatzen, Europan sartu ahal izateko. Erdem Sahim / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2020ko martxoak 1 10:12

Recep Tayyip Erdoganek eta Europako Batasunak trukerako txanpon bilakatu dituzte gerretatik ihesi doazenak. Duela lau urteko iheslarien fluxua geldiarazteko Bruselarekin hitzartutako akordioak boterea eman dio estatuburu turkiarrari, eta baliatu egin du. Siriako gerrak okerrera egitearekin batera, beste milioi bat inguru lagunek Turkiara jo dute ihesean, eta, hark iheslari gehiago ezin dituela jaso argudiatuta, mugak zabaldu ditu, eta ohartarazi du ez dituela itxiko baldin eta EBk bere hitza betetzen ez badu. Izan ere, Turkiak Bruselari egozten dio ez ematea akordioan jasotako diru laguntzak.

Ez da lehen aldia estatuburuak ohartarazten duena ez duela nahikoa baliabide Siriatik ihesi doazen migratzaile guztiak jasotzeko —3,5 milioi inguru errefuxiatu daude egun herrialdean—. Oraingoan, ordea, testuingurua bestelakoa da.

Babes bila

Herenegun, Siriako Armadak, Errusiako hegazkinen laguntzarekin, 33 soldadu turkiar hil zituen, eta Turkiak haren kokalekuak bonbardatuz erantzun zion. Azken orduetan bi aldeek nolabaiteko menia bat hitzartu duten arren, ez dago argi noiz arte iraungo duen, eta, lehia horretan, Turkiak EBren eta NATOren babesa lortu nahi du. Ankarak, aliantzako kide izanik, badu aukerarik estatu kideen laguntza eskatzeko, bere subiranotasuna arriskuan dagoela argudiatuz. Baina NATOk berak izango luke azken hitza, eta ez dirudi haren alde egingo lukeenik. Horregatik, Turkiak beste bidea aukeratu du; alegia, errefuxiatuei atea ireki eta estatu kideak ataka estuan jartzea.

Bien bitartean, Bruselak dio akordioak indarrean jarraitzen duela, eta mugak zabaltzeko erabakia «behin-behinekoa» dela —Turkiako Gobernuko bozeramaileak herenegun esandakoari eutsiz—. Izan ere, iheslariek oztopo asko gainditu behar dituzte Europaren bihotzera heldu aurretik, tartean Greziak lurreko eta itsasoko mugan jarritako Poliziaren eta militarren kontrolak.

Atenasek herenegun itxi zuen Turkiarekiko muga, eta, bart gobernuak salatu duenez ,«4.000 pertsona inguru saiatu dira hura legez kanpo eta indarrez zeharkatzen». Greziako Barne ministro Michalis Chrysohoidisek Turkiari egotzi dio haiek «antolatu» eta bidaltzea.

Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk ukatu du halakorik, eta iheslariei negar gasa jaurtitzea egotzi dio: «Guk ez ditugu zertan geldiarazi gure herria utzi nahi dutenak, baina Greziak haiek gizaki gisa tratatzeko betebeharra du». Atenasek, baina, ohartarazi du bere esku dagoen guztia egingo duela inork muga igaro ez dezan.

Greziak ez ezik, Bulgariak ere segurtasun neurri bereziak hartu ditu Turkiako mugan, eta kontrolak iragarri ditu Austriak ere. «Mendebaldeko Balkanetako bideko gure kideekin eta EBrekin harremanetan gaude. EBko kanpo mugetako segurtasunak geldiarazten ez baditu, Austriak bere mugak babestuko ditu», iragarri du Sebastian Kurz kantzilerrak.

Biltegi kimikoak

Errusiak zabaldu duenez, «tentsioa murrizteko» akordio bat itxi dute bi aldeek. Aurrez, baina, Turkiako armadak Siriako Gobernuaren kontrolpeko hainbat gune bonbardatu zituen, tartean biltegi kimikoak, betiere Ankararen arabera. «Gai kimikoen zazpi biltegi suntsitu ditugu», azaldu zuen Erdoganek, eta gaineratu zuen erasoetan 2.100 soldadu hil eta 300 ibilgailu militar ere suntsitu dituztela.

Erdoganek ohartarazi du ez dela Siriatik erretiratuko «herriak eskatu ezean», eta eskatu dio Errusiari utz diezaiola Al-Assad babesteari. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, ordea, asko du irabazteko buruzagi siriarra garaile irteten bada; izan ere, pisuzko aliatu bat lortuko luke Ekialde Hurbilean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nazioarteko Zigor Auzitegia, Herbehereetako Haga hirian. ©EFE

Palestinan egindako gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak

Julen Aperribai

Fiskalburuak adierazi du gatazkan parte hartu duten alde guztiak ikertuko dituztela. Horretarako eskumena baduela ebatzi zuen auzitegiak otsailean.

Junta militarraren aurkako protestak, Yangon hirian. ©NYEIN CHAN NAING / EFE

Junta militarraren aurkako parlamentariak gobernu berria osatzen hasi dira

Iosu Alberdi

Parlamentari talde batek lau ministro izendatu ditu, eta adierazi Win Myint presidenteak eta Aung San Suu Kyi Estatu idazkariak euren karguan jarraituko dutela. Protestetan, 30 lagun baino gehiago hil ditu armadak.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, gaur, parlamentuaren ikerketa batzordean hitz egiten hasi aurretik. ©EFE

Sturgeonek dio Salmonden konspirazio salaketak «zentzugabeak» direla

Ander Perez Zala

Parlamentuaren ikerketa batzordean, Eskoziako lehen ministroak barkamena eskatu du sexu-eraso akusazioak ikertzeko kudeaketagatik. Toryek jakinarazi dute konfiantza mozio bat aurkeztuko dutela haren kontra.

Milaka herritar atera dira Bartzelonan Pablo Hasel askatzeko eskatuz. ©Marta Perez / EFE

Bartzelonan larunbateko istiluen ondotik atxilotutako zortzi pertsonak espetxera bidali ditu epaileak, bermerik gabe

Berria

Poliziaren arabera, Bartzelonako Udaltzaingoaren furgoneta bat erre zuten zortzi atxilotuek. Hilketa saiakera, agenteen aurkako atentatu saiakera, talde kriminaleko kide izatea, desordena publikoa eta legez kontrako manifestazioa egitea egozten diete. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna