Laborantza Ganbera

Birtokiratzea, laborantzaren iraunarazteko

Lurraldeko laborariek ekoitzi janaria lurraldean berean nola gehiago kontsumitua izan daitekeen aztertu nahi izan du Euskal Herriko Laborantza Ganberak, asteartean antolatu zuen gogoeta egunaren karietara. Bordeleko Sciences Agro eskolako Nathalie Corade irakaslea gomitatu zuen.

Erosle eta ekoizle arteko Amapetan lantzen da birtokiratzea; herritarrak izan ziren lehen akuilatzaileak. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iñaki Etxeleku.
2020ko martxoaren 2a
08:50
Entzun

Aldaketaren bidean deitu du bere gogoetaldi zikloa Euskal Herriko Laborantza Ganberak. Astearteko egunarentzat, laborantza eta elikadura ekonomien birlokalizazioa jarri zuen erronka gisa. Elikadura edo janari ekoiztea sistema ekonomiko bati lotuz. Aukezpenean, bere arrangura aski argiki agerian utzia zuen Monjoloseko laborantza ganberak: «Ipar Euskal Herrian biztanleek jan behikiaren hein handia ehunka edo milaka kilometrotara ekoitzi haragia da. Ipar Euskal Herriko etxalde anitzetan esne behiak aurkitzen baditugu ere, beren produktuak hemendik ehunka edo milaka kilometrora kontsumituak dira. Zentzugabeko eredu ekonomiko batera iritsi gara!». Lurraldeko haragi ekoizleek beren ekoizpenen saltzeko dituzten nekeziak azpimarratu nahi izan ditu EHLGk, horientzat tokiko merkatu bat garatzea helburu. Halaber, asteartean berriz ere aurkeztu zituzten Herriko ogia eta sasi artaldea elkartearentzat. Behikiarentzat ere Herriko marka bera baliatzen delarik, funtsean.

Xede horren alde mintzatzera gomitatua zuen Bordeleko Sciences Agro ingeniaritza eskolako ekonomia irakasle bat: Nathalie Corade. Hain zuzen, lurralde garapenean eta lurralde ekonomian berezitua.

Birtokiratzeaz mintzatu zen luzaz. Lehenik, industria laborantza garaikidearen historia labur bat eginez. «Birlokalizazioaz mintzo bagara gaur egun, erran nahi du deslokalizatu zirela laborantza eta elikadura». Eta deslokalizazio horrek iturburua II. Mundu Gerlaren biharamuna duela. «Bigarren gerla ondoan eta 1960. urteetarik goiti erran zuten: 'Europako biztanleentzat janaria ekoizteko merkatu bat sortu behar dugu'. Arrunt beste gisan egin zezaketen; erabaki zezaketen jendeari janaria ekartzeko lurraldez lurraldeko politikak ezartzea, tokian tokiko laborantzak tokian tokiko herritarrak elikatzeko».

Merkatuaren meneko sarturik, laster, laborariak prezioen meneko erori ziren, Coradek azaldu duenez. «Ekoizpena sobera handizki emendatzen hasten denetik, prezioak errekaratzen dira». Laborariei esplikatu zitzaien prezioen menperatzeko mekanismoak bermatuko zitzaizkiela, eta hala jarraitzen du nagusiki gaur egun.

Orduan Europa mailako merkatua zena, geroztik mundu mailako bilakatua da: «Egun jarrera hori MME Munduko Merkataritza Erakundearena da, nazioarte mailan. MMEk dio munduko janari segurtasuna berma daitekeela mundu mailako merkatuari esker. Ez da mintzo tokian-tokian ekoizteaz, tokiko herritarrentzat». Bertako ekoizpena, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak du aldarrikatzen. «FAOk dio janari segurtasuna lekuan berean bermatu behar dela, zeren eta merkatua baztertzailea eta sailkatzailea baita». FAOk adibide bat ematen du bazterketa horren erakusle dena: munduan 400.000 landare mota galdu dira merkatuak inposatu haziak direla kausa. «Merkatuak homogeneizatzen duelako. Hondarrean, jateko mota berak hedatzen dira».

Deslokalizazioak beste ondorio bat ekarri du: jalea eta janari ekoizlea urrundu direla bata bestearengandik. Hainbesteraino, non, herritar gehienek ez baitakite jaten dutena nondik heldu den zuzen, nork egina duen, eta zer baldintzatan. «Ardura egiten dira ikerketa batzuk lehen mailako eskoletan jakiteko haurrek ba ote dakiten esnea, arroltzeak nondik heldu diren. Harrigarri da zenbat haurrek, oraino, ez dakiten esnea behitik heldu dela».

Herritarren rola

Coradek dio kontsumitzaileek ere utzi dutela egiten, egoera komenigarria gertatu baitzaie moltsaren aldetik. «Europako laborantza politikan garbiki idatzia da: Europako biztanleen janari beregaintasuna bermatu behar duela, eta kontsumitzaileari arrazoizko prezioak. Ondorioz, prezioak beheiti eraman dira, eta janari merkea izan dugu nonahitik jinik». Desjabetze horrek urrundu ditu laborariak eta gainerako herritarrak elkarrengatik, baita laborariak berak ere ekoizten dutenetik. «Laborari anitzek ez dakite zehazki ekoitzi dutena norat heltzen den, bitartekari anitzen eskutarik iragaten baita, atzerrira joaten baita, menturaz gure sukaldera itzultzeko batzuetan. Bataz bertze, hazkurri batek 1.500 kilometro bide egin ditu kontsumitzailearen azietara heldu aitzin».

Urruntze hori tokiko erakunde eta hautetsietan ere gertatu da, laborantzari buruzko erabaki guneak beste norabait eramanak izan baitira. «Horri gehitu tokiko lurraldeetan laborantzak zerga gutxi ekartzen dizkiela tokiko erakundeei». Tokiko hautetsiei ez zaiela interesgarri, hots, beste ekonomia alor batzuen eta, partikularki, laborantza-lur jale handia den etxebizitza sailaren aldean. «Eta horrek denak egiten du lekuan berean jatekoaren desjabetze bat gertatu dela; beraz, tokiko eragile publikoen utzikeria bat badela».

Ahantzi gabe nork gomitatua zuen, Coradek birlokalizazioak duen arrazoi nagusia azpimarratu zuen: «Birlokalizazioa erdietsi nahi dugularik, erdietsi nahi dugun lehen gauza da laborantzak iraun dezan. Bizigarria izan dadin». Irakasleak dio 2021ean indarrean sartu beharra den NPB Nekazaritza Politika Bateratu berriko negoziazioetan ez direla batere horretarik ari. «Eztabaidatzen duten gauza bakarra da: 'Zenbat laguntza emanen diogu Europako laborantzari?' Hots, dirua, finantza dute aipatzen. Ez dira mintzo laborantza ereduaz. Brexit-az baliatzen dira, gainerat, errateko apaldu behar direla laguntzak».

Laborantzaren birtokiratze horrekin, lurraldeen antolaketa bera jokoan dela dio. Tira duten lurraldeetan, konparazione, lurren artifizializazioari buru egiteko. Baserri eremuetan, saltegi ttipiak berriz sortzeko. «Laborantzaren birlokalizazioaren gibelean bada lurralde garapen iraunkorraren gaia».

Funtsean, Bordeleko irakasleak oroitarazi zuen birtokiratzearen lehenbiziko akuilatzaileak herritarrak izan zirela; besteak beste, 1960ko hamarkadan, Japonian sortu ziren Teikei, Amapen gisako janari-erosle taldeetarik.

'Birlurraldetu'

Birtokiratze hitza baino egokiago zaion beste neologismo bat erabiltzen du Coradek: birlurraldetze. Lurraldean errotua eta lurraldeari lotua den laborantza baten premia ikusten du. «Jokoan dena da laborantza, janari ekoizpena, lotua izatea lurraldeko arazoekin. Zirkuitu labur andana bat gara dezakezu: Amap bat hemen, ekoizle saltegi bat han, etxaldean berean saltzea; bizkitartean, horrek ez badu sistema bat osatzen lurraldean, iniziatiben gehiketa horrek ez du ondorio orokorra ekarriko. Bat-bederaren interesaren gehiketak ez du bortxaz egiten denen interesa». Zehazkiago errateko, han-hemenka sortu iniziatibak ez badira elkarrekin loturan, koordinaturik, elkarren lehian izateko lanjerra badela. Lurralde batean jada hor diren janari ofizioko saltegi ttipiekin lotura bermatu behar dela uste du.

«Helburu horren araberako ahalak ezartzen badira, uste dugun baino aise zaluago joan daiteke. Europako laborantza politika 1962an erabaki zen, eta 1973ko plantan emana zuten. Gizakiaren eskalan, hamar urte ez da deus». Herritarren ekinbideak abiapuntu inportanteak badira, goragoko erabakitzaileek ere segitu beharko dutela goiz ala berant aldaketa zinez gerta dadin.

Galdera da, sistema egiteko lurralde batean, nola egin daitekeen herritar guziengana heltzeko. Errebenio apalenengana, eman dezagun. Etxe ekoizpen batzuk, edo Jatorri Deitura Babestuko hazkurri batzuk ez baitira denei emanak egunerokoan. Azterketa zehatzik ez badu egin ere, Coradek dio Amap elkarteen gisako taldeetan ibiltzen diren herritarren profil bat agertzen dela nagusiki: «Jakina da Amapetan ibiltzen direnak jada konbentzituak direnak direla, eta erosteko ahal doi bat handiagoa dutenak». Ñabardura bat gehitu du: «Nahiz, gaur egun badiren langabezian diren jendeak ere Amapetan».

Aitortu du Coradek gizarte osoari hedatzea egiazko galdera dela. Baina, argi utzi du ustekeria anitz badela zirkuitu laburreko ekoizpenen prezioei buruz: «Zirkuitu laburretan diren hazkurri guziak ez dira baitezpada supermerkatuetan baino karioago. Entzuten den betiko terrenta da hori; badira karioago diren janariak, hori hala da, baina badira merkeago direnak ere. Laborariak zer harreman duen eroslearekin, horren baitan da. Zirkuitu laburretan prezioaren finkatzeko moldeak ez du deus ikustekorik supermerkatuetan egiten den manerarekin».

Jakintzen partekatzea

Laurogei bat entzule bildu zituen astearteko mintzaldiak. Zirkuitu laburreko kontsumitzaile eta eragile franko, erakunde publikoetako teknikariak, ekoizleak, eta herritar gisa etorritakoak. Hitza hartzeko parada izan zuten mintzaldiaren hondarrean.

Birtokiratzearen definizioari zerbait gehitu nahi izan zion lehenik Isabelle Capdevillek, Ipar Euskal Herriko Amap-arteko elkarteko buruak, eta galdu den jakintza baten berreskuratzearen beharra azpimarratu zuen. «Tokiko janariari buruz laborantza bizi baten berriz plantan emateko, laborantza beste gisa batez egitea da jokoan; etxalde baten xedea beste gisan eramatea, gauza desberdinak ekoitziz eta konfiantza ukanez norberak bere baitarik jakin eta eragin dezakeenean». Guti badira guti, laborari batzuk hasiak dira beren baitarik, zenbait urte hauetan, etxaldeko ekoizpenen anizten. Eman dezagun, hazkuntzaz gain, fruitu arbolen lantzen eta fruituetarik kontserba egiten; kabala mota desberdinak ezartzen; esnekietan —fresko eta ondu—, denetarik egiten.

Gabriel Durruti zuhaitzetan aditua, industria laborantza aitzinagokoen jakintzen begiratzeaz mintzatu zen, baita esperimentatze beharraz ere: «Birtokiratzeko eta sistema egitekotan, menturaz so egin behar zaie lehenago ongi bazebiltzan sistema batzuei. Baina laster egin behar da. Lurralde honetan berean egiten zena berriz hartuz, bada zer ikas. Hiri inguruetan baziren baratzezainak; jendeek etxeko baratzeak bazituzten. Bazen ofizio bat desagertu dena: arrakardariak. Etxeetako baratzekari soberakinak biltzen zituzten hirian banatzeko. Lehen egin denaz ez badugu gogoeta egiten —jakitateak baditugu—, nekez eginen da sistema oso bat. Bestalde, esperimentazioari parada uztea funtsezkoa da. Huts egiten delarik ere beti zerbait ikasten baita».

Durrutiren ideia punpean harturik, Coradek baietsi zuen gauzen probatzen uztearen beharra: «Arazo bat dugu gure gizarteetan: esperimentazioa ez da haizu. Akats handia da; aise gehiago lagundu behar lirateke esperimentazioan diren egitasmoak, jada pikoan direnak baino».

Francis Poineauk, EHLGko lehendakarikideak, laborantzak bizi zuen espezializazioaren arazoa deitoratu zuen. Ipar Euskal Herrian, esne ardiek, esne behiek eta haragitakoek duten nagusitasuna kontuan harturik, leku guti dute beste laborantzek. Ardi saila zuen bereziki aipatu, eta merkatuaren menekotasunak eragin berezitzea. Horrek dakarren arriskuarekin: beti eta esne gehiagoren ekoizteko tirria piztea hazleen artean. Gaur egungo esne sasoi bakarretik, urte guzian deiztera lerratzeko lanjerra ikusten du merkatu gosearengatik. Logika berean, laborari batzuk nola diru laguntzen meneko eroriak diren aipatu zuen Poineauk: «NPBrekin, zenbait aldiz laborariak ez du gehiago pentsatzen hazkuntzan edo lur lanetan egiten dakienari, baizik eta sistemarekin altxatzen dituen primei. Etxaldearen joanarazteko oinarrizkoak diren egin moldeak —errotazioak, optimizazioak—, bazter utziak dira».

Azkenik, jatorriz Perigord aldekoa den entzule batek, gizarteko hazkurri usaiak jarri zituen eztabaidan. Hazkurria, norberak egin dezakeena dela oroitarazi zuen, laborarien ogibidea izateaz bestalde. Errusiaren adibidea eman zuen, herritarrek lurrarekin atxiki dezaketen loturaren adierazle: «Errusian, hiriko biztanleen %60-%80k badute bere baratzea, bana beste 600 metro karratuko eremuarekin. Beraz, laborantzarekin harremanetan dira, berek ekoitzi hazkurria jaten dute, eta jakitateak partekatzen dituzte».

Egunak, tailerrekin jarraitu zuen, eta denen artean partekatu ondorioak zerrendatuz bukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.