Errefuxiatuak

Iheslari bat hil eta beste bost zauritu dituzte Turkia eta Grezia arteko mugan

Sirian bonbekin barre egiten ikasi zuen neskatoa gerragunetik atera dute.

Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 4a
13:01
Entzun

Otsailaren erdialdean, biral bihurtu zen Selva haurraren barrea. Abdulla Mohammad aitarekin errefuxiatu zegoen haurra Siria Idlib hirian, gerraren erdian. Bonbardaketak joko bat zirela esan zion aitak haurrari, eta, argitaraturiko bideo batean erakutsi zuen leherketa bat gertatzen zen bakoitzean barre algarak egiten zituela neskatilak. Haurra eta haren gurasoak dagoeneko gerragunetik atera dira, Turkiara pasatuta.

Turkiako Anadolu berri agentziaren arabera, familia Turkiara pasatu zen otsailaren 25ean, Cilvegozuko mugatik. Ondoren, errefuxiatu eremu batera eraman zituzten Reyhanlin.

«Espero dut Siriako gatazka laster amaitzea, eta itzultzeko aukera izatea», esan dio Mohammadek berri agentziari. Pozik dagoela gaineratu du, haurrak eskolara joateko aukera izango duelako.

Hildako bat Greziako mugan

Turkian, dagoeneko, 3,7 milioi errefuxiatu siriar daude, eta denak ez dira Mohammad familia bezain zorionekoak.

Milaka errefuxiatu pilatu dira azken egunotan Turkiak Greziarekin duen mugan, Europako Batasunera sartzeko itxaropenarekin. Horietako bat hil dute gaur goizean, Greziako aldetik tirokatuta, Turkiako agintariek esan dutenez. Hildakoari bularrean egin diote tiro, Greziara sartzen saiatzen ari zela. Greziako militarrek negar gasa  eta bestelako jaurtigaiak erabili dituzte errefuxiatu talde bat muga igarotzen saiatu denean. Beste bost iheslari zauritu dituztela adierazi dute.

Greziako Gobernuaren eledun Stelios Petsasek, ordea, ukatu egin du eurek inor hil izana: «Ez da inor hil Greziako indarrek jotako tiroengatik». Turkiari «albiste faltsuak» sortzea egotzi dio Pertsasek, Atenasen eginiko agerraldi batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.