Udal politika

Navarra Sumaren aurkako zentsura mozio bat aurkeztu dute Lizarrako udaletxean

Martxoaren 24an bozkatuko dute mozioa. EH Bilduko, PSNko eta Geroa Baiko udal zinegotziek sinatu dute. PSNren zuzendaritzak ez du baimendu

EH Bilduko Koldo Leoz litzateke Lizarrako hurrengo alkatea, zentsura mozioak aurrera eginez gero. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko martxoaren 9a
10:25
Entzun

Gonzalo Fuentes Urriza Ganuza Navarra Sumak Lizarran duen alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu du oposizioak gaur goizean. EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNren hiru zinegotzietatik bik sinatu dute mozioa. Martxoaren 24an bozkatuko dute mozioa, 12:00etan.

Itunari jarraikiz, EH Bilduk eta PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziek banatu egingo dute alkatetza: lehenbizi, Leoz abertzaleak edukiko du makila, eta, 2022ko martxoaren 1etik aurrera, Crespo sozialistak. «Joera autoritario eta diskriminatzailea» egotzi diote sinatzaileek Navarra Sumako alkateari.

«UPNren, PPren eta Ciudadanosen eskuinak Lizarrako alkatetzatik kanporatzeko beharretik sortu da zentsura mozio hau», adierazi dute sinatzaileek, ohar baten bidez. Fuentes alkateari eta haren taldeari udala kudeatzeko «ezintasuna eta erabateko egitasmo falta» leporatu diete. «Alderdi politikoen artean dagoen aldea egonda ere, aurrerapauso bat eman dute eskuzabaltasunez, eta herritarrekiko erabateko konpromisoz».

Koldo Leoz Garciandia, Uxua Domblas Ibañez, Regino Etxabe Diaz, Edurne Ruiz Armendariz, Maider Barbarin Perez de Viñaspre, Unai Errazkin Peña, Jorge Crespo Ganuza, Magdalena Hernandez Salazar eta Pablo Ezkurra Fernandez zinegotziek aurkeztu dute mozioa. PSNren hirugarren zinegotziak —Ibai Crespok— ez du sinatu, eta bat egin du alderdiaren zuzendaritzak agertutako jarrerarekin.

Hain zuzen, PSNk ohar bat argitaratu du zentsura mozioa txarresteko. «Ezkutuko operazio tranpati bat» dela esan du alderdiko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek. PSNren ildo ofiziala alboratzea, sozialistei «traizio» egitea eta alderdia «interes pertsonalen mesedetan erabiltzea» leporatu die zentsura mozioa sinatu duten zinegotzi sozialistei, eta de facto PSNtik kanpo daudela esan du: «Mozioa sinatzen duten egunetik aurrera, PSNk zinegotzi bakarra izanen du Lizarran». Gobernu akordio eta mozioen gaineko ardura osoa «zuzendaritza erregional eta federalari dagokiola» gogorarazi du Alzorrizek: «PSN-PSOEk esana du ez duela gobernu itunik sinatuko EH Bildurekin».

Agintaldi eztabaidatsua

Navarra Sumako alkatearen erabakiek eztabaida handia sortu dute, besteak beste euskararen aurkakoek. Horietako sonatuena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen ikuskizun bati kiroldegia ukatzea izan zen. Tradizio handiko ekitaldia zen herrian, hamaika urtez egin baitute aurrematrikulazio kanpainaren harira. Azken hamarrak Lizarrerria kiroldegian egin zituzten, eta emanaldi bakoitzean 700 ikusle inguru bildu dituzte azken urteotan. Lizarrak 13.800 biztanle pasatxo ditu.

Baina Fuentesek ukatu egin zien kiroldegia otsailaren 4an eta 5ean, «kirol entrenamenduak» zeudela argudiatuta. Azkenean, Oteitzan egin zuten ekitaldia, otsailaren 5ean, Lizarratik 11 bat kilometrora.

Programa ituna

Zentsura mozioa gobernatzeko programa batekin dator. Hainbat puntu jasotzen ditu itunak. Eta euskara ere badago bultzatuko dituzten alorren artean. Esaterako, euskararen udal araudi bat sortuko dute, eskolatik kanpo ere euskara erabiltzea bultzatzeko egitasmoak garatuko dituzte, eta musika eskolan euskarazko lerro bat sortuko dute.

Horrez gain, hainbat kale oinezkoentzat izatea, bidegorriak egitea eta autoak zentrora sar ez daitezen kanpoaldean aparkalekuak egitea daude adostutakoen artean. Miguel Egia industrialdea garatzea hitzartu dute, Emakumearen Kontseilua sortzea, eta nekazarien Plazara! azokaren aldeko apustua egitea. Eliza katolikoak matrikulaturiko ondasunak jabego publikora itzultzeko lan egingo dute.

Urtarrilean hasi ziren mugimenduak Lizarran. Diario de Noticias de Navarra egunkariak zabaldu zuenez, Lizarrako PSN oso haserre zegoen Navarra Sumako udal ordezkariekin, ez zietelako ematen aurrekontuei buruzko informaziorik, besteak beste. Kontatu zuen Lizarrako PSNk bilera bat egin zuela bi aukeraren artean erabakitzeko: maiatzeko hauteskundeez geroztik Navarra Sumarekin duten akordioari eustea —Navarra Sumak gehiengo soilarekin gobernatzen du, baina PSNk hiru batzordetako presidentetza du—, ala Gonzalo Fuentes alkatearen aurkako zentsura mozioa «aurrera ateratzeko beharko litzatekeen akordioa aztertzea». %70ek bigarrenaren alde bozkatu zuten.

Baina PSNko zuzendaritzak itzali zuen sua: esan zuen ez zuela «inolaz ere» aurkeztuko Fuentesen aurkako zentsura moziorik. Ana Beltran PPNko presidenteak kritikatu egin zuen PSN: «Beste behin elkartu nahi izan dituzte nafarren bidea eta Bildu», adierazi zuen.

2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondoren, ekainaren 15ean osatu zituzten udalak Nafarroan. Lizarran, EH Bilduren legealdiaren ostean, Navarra Sumak hartu zuen alkatetza. Hura izan zen lehen indarra, zazpi zinegotzirekin. EH Bilduk sei ditu; PSNk, hiru; eta Geroa Baik, bakarra. PSNk erabaki zuen Jorge Crespo hautagaiaren alde egitea, eta, hala, modua eman zuen Navarra Sumako Gonzalo Fuentes alkate izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.