Euskal presoak

Jakes Esnal presoa baldintzapean aske uzteko galdearen emaitza apirilaren 9an emanen du Parisek

Esnalen egoera salatzeko Etxeraten agerraldia. FRANCOIS BERLAND
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko martxoaren 13a
13:16
Entzun

Jakes Esnal euskal presoaren baldintzapean aske uzteko galdea aztertu du gaur Parisko Auzitegiak. Apirilaren 9an erranen dute baldintzapean aske geldituko den, ala ez. Epaileak aldeko jarrera erakutsi badu ere, Prokuradorearen jarrera kezkagarritzat jo du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Hala ere, azpimarratu du epaileak Ile de Reko kartzelan egon direla gaur. Paulus Basurko: «Horrek pozten gaitu, orain arte bideo konferentziaz egiten baitziren saioak. Horrek ez ditu bermatzen defentsa eskubideak».

Jakes Esnalek ia 30 urte daramatza preso, bizi osoko kondena betetzen. Baldintzapean aske uzteko eskaera egin zuela eta, Parisko Auzitegiak auzi saioa gibelatu zuen —iragan azaroan egin beharra zuten—, Segurtasun Neurrietako Diziplina Askotako Batzordeak bere iritzia eman dezan, Esnalen «arrisku maila» neurtzeko. Azken eskaeretan, batzordeak uko egin zion bere iritzia emateari.

Euskal preso baten kontrako erabakia hartu zuen, berriz ere, terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak, iragan otsailean. Jakes Esnalek baimena eskatua zuen bizpahiru orduko kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko. Esnal eta beste preso batzuk presondegiko zaindarien zaintzapean aterako ziren. Zigorrak Ezartzeko epailea ados zen, haien gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzua ere bai, baina prokuradorea ez, eta Esnal ezin izan zen kalera atera aldi baterako.

Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Txistor 1990eko apirilean atxilotu zituzten, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi osorako zigorrera kondenatuak izan ziren. Orain arte baldintzapean aske uzteko eginiko eskaera guztiak ezeztatu dizkie Frantziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.