Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak

Gehienez hamabost eguneko epea izango du, eta dekretu bidez ezarri beharko ditu haren xehetasunak. Bihar bilduko da Ministro Kontseilua.

Espainiako presidente Pedro Sanchez. EFE
2020ko martxoaren 13a
15:15
Entzun

Espainiako presidente Pedro Sanchezek urgentziazko prentsa deialdi batera deitu du, koronabirusaren egoera tratatzen ari den ministerio arteko jarraipen batzordearekin bildu ostean. Presidenteak alarma egoera ezartzea erabaki du, «larrialdi soziosanitarioari» aurre egiteko. Espainiako Ministro Kontseilua bihar bilduko da, «herritarrak babestu, eta larrialdi sozial eta ekonomiko honi ahalik eta eraginkortasun handienez erantzuteko» baliabideak onartzeko, hau da, alarma egoeraren ezaugarriak. Sanchezek adierazi du beharrezko «baliabide sozial eta militar guztiak» jarriko direla martxan koronabirusaren aurka.

Herritar guztiak babesteko eta pandemiari «ahalik eta kalte gutxienarekin» aurre egiteko asmoa adierazi du. Pandemiaren «lehen fasea» dela azaldu du, eta aste «zailak» espero dituztela: «Aste gogorrak etorriko dira, eta ezin da baztertu datorren astean 10.000 kutsatuen kopurua gainditzea». Egoerari aurre egiteko, herritarren kolaborazioa eskatu du presidenteak. Arrisku taldeei zuzenduta —adinekoak eta gaitz kronikoak dituztenak—, leku publikoak ahal den neurrian ekiditeko eta pertsonen arteko tarteak mantentzeko gomendatu du. Gazteei ere zuzendu die mezua, esanez «ezinbestekoak» direla gaitzari aurre egiteko, eta eskatu die kontaktuak murrizteko eta adituen aholkuak betetzeko.

Aurretik, Eusko Jaurlaritzak Osasun larrialdiko egoera ezarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak eman du erabakiaren berri, goizean Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera bat egin ostean.

Zer da alarma egoera?

Alarma egoera Espainiako Konstituzioko 116.2 artikuluan dago jasota, eta gobernuari eskumena ematen dio dekretu bidez alarma egoeraren ezaugarriak —lurraldea eta neurri zehatzak— ezartzeko. Neurrien artean egon daiteke herritarren zirkulazioa espazioan eta denboran mugatzea. Zenbait sektoretako lantegietan ere esku hartzeko gaitasuna ematen dio gobernuari —industriak, fabrikak...—, eta baita beharrezkoak diren artikuluak mugatzeko edo banatzeko ahalmena ere.

Gehienez hamabost eguneko iraupena izan dezake, baina luzatu dezakete, Espainiako Kongresuaren oniritziarekin. 4/1981 Lege Organikoan garatu zituzten alarma, salbuespen eta setio egoerak —hiruretan arinena da alarma egoera—, eta, haren arabera, «normaltasunaren aldaketa larriak» daudenean ezar daiteke. Aldaketa horiek dira hondamendiak —uholdeak, lurrikarak, suteak...—, osasun krisiak —epidemiak, esaterako— eta ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen eteteak. Espainiako Gobernuak behin eman du alarma egoera azken 40 urteetan; 2010eko abenduan, aire kontrolatzaileen grebari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.