Adinekoei laguntzeko eta zaintza partekatzeko ekinbideak prestatu dituzte hainbat herritan

Etxetik ez ateratzeko gomendioa eman zaie adineko herritarrei. Horri aurre egiteko, Zumaiako Udalak eta Gaztetxeak erosketak egiteko zerbitzua prestatu dute. Beste hainbat herritako udalak ere boluntarioak eskatu dituzte halako lanak egiteko. Bizkaiko Diputazioak ere boluntarioak aktibatu ditu.

Adineko herritar bat, erosketak eskuetan dituela. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko martxoaren 14a
08:08
Entzun

Koronabirusaren aurkako neurrien artean dago etxean geratzeko gomendioa. Batez ere, adineko jendeari eta gaixotasun kronikoak dituztenei dagokiena. Hori kontuan izanik, Zumaiako Udalak (Gipuzkoa) eta Gaztetxeak herriko adineko jendeari erosketak egiteko proiektua abiatu dute, «adindunak COVID-19 birusaren aurrean kolektibo zaurgarria direla kontuan hartuta». Adinekoentzat ez ezik, oro har, «kolektibo zaurgarrietako kideei» ere egin die egitamsoaz baliatzeko gonbidapena. Gaur jarriko dute martxan.

Udalak babestutako ekinbidea da, eta telefono zenbaki bat —688-75 77 74— jarri dute behar dutenek laguntza eskatzeko. Telefonoan, sarearekin koordinatzaileak jasoko du erosketa zerrenda, eta hura egingo duten boluntarioei pasatuko die informazioa. Herritarrek erosketa entregatzen zaien unean egin beharko dute ordainketa, kostu gehigarririk gabe. Herriko gazteak arituko dira boluntario gisa, eta horretarako ere parte hartzera animatu ditu herritarrak, [email protected] helbidera idatzita.

Besteak beste, Azpeitiko eta Ordiziako udalek (Gipuzkoa) ere boluntarioak eskatu ditu 65 urtetik gorako herritarrei laguntza eskaintzeko, «ezohiko egoera» honi aurre egiteko. Azpeitiko Udalak azaldu du hainbat udal langile lan horietara bideratuko dituztela, baina «herritarren laguntza» beharrezkotzat jo dute. «Badakigu horrek behar batzuk sortuko dituela; esaterako, erosketak edo beste hainbat gauza egiteko laguntza beharko dutela», adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Horretarako, adinekoei gutun bana bidaliko die Udalak. Boluntario izateko prest daudenentzat eta laguntza behar dutenentzat bi telefono —943-54 79 83 eta 943-15 71 92— eta helbide elektroniko bat —[email protected]— prestatu dituzte. Ordiziak ere telefonoa eta helbide bat jarri ditu eskuragarri «erosketekin laguntzeko, jangela solidarioak jartzeko, zaintza lanetan laguntzeko...»: [email protected] eta 688-81 75 83.

Antzeko ekinbideak sustatu dituzte hainbat herri eta eskualdetako udalek eta elkarteek ere, besteak beste, Tolosan, Orion, Andoainen (Gipuzkoa), Zuian (Araba), Ugaon, Lemoan, Otxandion, Berriatuan eta Durangon (Bizkaia). Guardia-Arabako Errioxako kuadrilla ere lanean da COVID-19agatik gaixo dauden herritarrei eta berrogeialdian daudenei etxeetara elikagaiak eramaten. Laguntza udalen, kuadrillaren eta gizarte zerbitzuen bidez eskatzeko aukera dute herritarrek, inongo kostu gehigarririk gabe. Arabako hiriburuan, Gasteizen, ere sortu dute zaintzarako sare herritarra: Batera. 649-05 44 48 telefonoa eta [email protected] helbidea jarri dituzte eskuragarri. Eta Iruñean ere hasi dira antolatzen zenbait auzotan, Arrotxapean adibidez.

Bizkaian, diputazioa

Bizkaiko Foru Aldundiak #BizkaiaGara boluntario sarea jarri du martxan, adineko jendeari eta ezinduei laguntzeko. Beharrean direnekin harremanetan jarriko direla jakinarazi dute, baina telefono bat ere eman dute, norbaitek sare horren laguntza jaso nahiko balu: 944-06 60 00. Boluntarioek erosketak egingo dizkiete etxetik ateratzea komeni ez den pertsonei. Sarean lagundu nahi dutenek 944-16 15 11 telefonora dei dezakete, edo [email protected] helbidera idatzi.

Donostian, identifikatuak

Donostiako Parte Zaharrean ere antolatu dute antzeko ekinbide bat. Herritar talde bat elkartu da, eta adinekoei eta ezinduei laguntza eskaintzeko sare bat antolatu dutela jakinarazi dute. Harremanetarako, jarri dituzte telefono bat (617 75 48 39) eta posta helbide bat ([email protected]). Eguerdian Parte Zaharrean itzuli bat egin dute, megafoniaz ekinbidearen berri emateko. Udaltzainak joan zaizkie, megafoniarekin builaka ibiltzea debekatua dagoela esan die, eta identifikatu egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.