Mugan ezarritako lehen kontrolek auto ilarak eragin dituzte

Gauerdian sartu da indarrean Espainiako Gobernuak mugak ixteko eman duen agindua, eta poliziek banan-banan eskatu diete dokumentazioa muga pasatu nahi izan duten gidariei. Lanera joateko soilik igaro daiteke.

Auto ilarak Hendaia eta Irun arteko mugan, gaur goizean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 17a
12:23
Entzun

Gauerdian hartu du Espainiako Gobernuak mugak ixteko erabakia, eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaro behar izan duten gidariak hasiak dira ondorioak igartzen. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak goizean goizetik ezarri dituzte kontrolak Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian, eta laster hasi dira lehen auto pilaketak. Pausu eta Behobia artean ere badira kontrolak, baina ez da halako ilararik izan. Frantziako Jendarmeak ere laster dira muga kontrolatzen hastekoak, baina oraingoz ez dira iritsi —12:00etan hasi da konfinamendua Ipar Euskal Herrian—.

Muga igaro ahal izateko, gidariek lanera doazela erakutsi behar izan dute, eta goizean goiz hamabost minutu inguru itxaron behar izan dute polizien kontrola pasatzeko. Ohiko dokumentuez gain, Espainiako Gobernuak lanera doazela erakusten duen agiriren bat aldean eramatea gomendatu die langileei, poliziei lana errazteko. Bertan, beharginak lanera nahitaez joan behar duela argudiatu behar da. Banan-banan ari dira auto bakoitza geratzen, baina dokumentuak zituztenak inongo arazorik gabe pasatu ahal izan dira.

Santiago zubia oinez igaro nahi izan dutenak ere kontrolatzen ari dira Espainiako Polizia eta Guardia Zibila. Guztiei eskatzen diete dokumentazioa, eta, pisuzko arrazoirik ez badute, buelta erdia emanarazten diete. Hainbat herritarrek BERRIAri aitortu diotenez, ohiko bizimoduan jarraitzeko edo erosketak egiteko soilik igaro nahi zuten muga. Goizean oraindik ezarri gabe zuen konfinamendua Frantziako Gobernuak.

Krisia amaitu arte, itxita

Kontrolok koronabirusaren krisia amaitu arte mantentzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Atzo azaldu zutenez, muga igarotzeko debekua dute Espainiako nazionalitatea ez dutenek edo egoiliarrak ez direnek, ez bada pisuzko arrazoi batengatik bederen —lanera joateko, adibidez—.

Halaber, neurriak ez die eragingo mugaz gaindiko langileei; garraiolariei, adibidez. Azaldu zutenez, «jarduera ekonomikoa ez etetea eta produktuen sartu-irtenarekin jarraitzea» da helburu nagusia. Oraingoz, Madrilek lurreko mugak soilik itxi ditu, baina litekeena da datozen orduetan airekoak eta itsasokoak ere ixtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.