Artagune bereziak prestatu dituzte Ipar Euskal Herrian

COVID-19 gaitza duten pazienteei, bai eta beste eritasunen bat dutenei ere, harrera eginen diete Donibane Lohizunen (Lapurdi), Donapaleun (Baxenabarre) eta Maulen.

Donibane Lohizuneko artagunea. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko martxoaren 25a
18:38
Entzun

Kasuak ugarituko balira ere aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan artagune bereziak plantan ezarri dituzte. Donibane Lohizunen, Donapaleun eta Maulen izanen dira funtzionatuko duten lehen hirurak, baina guztira zazpi artagune berezi egiteko aukera dago, Baionako ospitaleko arduradunen arabera. Donibane Lohizunen eta Donapaleun, mediku taldeek eta Gurutze Gorriak eramanen dute elkarlana. Maulen, Xiberoko Osagarri Batarzunak kudeatuko du gunea. Xiberoko Osagarri Batarzunak adierazi du Atharratzen izandako kasuen aurrean Ā«aldez aurretikĀ» jokatu dutela.

Artagune bereziak mediku eta erizain liberalek kudeatuko dituzte, eta Baionako eta Paueko (Okzitania) ospitaleekin harremanetan ariko dira. Oraingoz, medikutegiak eta ospitaleak ez gainezkatzea dute helburu behin-behineko artaguneek. Behar izanez gero, koronabirusak kutsaturiko pazienteen harrera ere egiten ahalko dute. Oroitarazi dute ez dela nor bere kabuz artagunera hurbiltzen ahal: beharrezkoa da medikuntza larrialdi zenbakira (15) edo medikuaren bulegora deitzea aldez aurretik. Bertan lan eginen duten medikuek ospitalera bideratuko dituzte kasurik larrienak.

Artaguneetan segurtasun neurriak bermatuko dituzte, eta, sintomen arabera, leku ezberdinetan eginen zaie harrera eriei. Gainera, garbiketa erregularrak eginen dituzte lekua desinfektatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.