Txibite: "Esfortzu ekonomiko guztiak larrialdi egoeraren zerbitzura daude"

Nafarroako Parlamentuan, osoko bilkura bereziak egin dira martxoaren 18ko eta 25eko bi foru dekretuak eztabaidatzeko. Taldeek babesa adierazi diote, aho batez.

Nafarroako parlamentua gaur. Soilik eledunak joan dira. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko martxoaren 27a
12:52
Entzun

Elkarrekin, inor atzean utzi gabe. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak onartu du «egoera bereziki gogorrak» bizitzen ari direla nafar guztiak, baina horren ikusita gizarte osoa ematen ari den erantzuna nabarmendu du. Haren hitzetan, «konfinamendua oso gogorra» da, eta garai oso zailak bizitzen ari dira makina bat familia. Txibite hunkitu egin da hil berri direnak eta haiek agurtu ezin dituzten herritarrak gogoan. Horri aurre egiteko, «batasuna» aldarrikatu du, «gaurko drama biharko itxaropena izan dadin». Alderdien babesa, erakundeen arteko elkarlana, gizarte osoaren laguntza eta, oro har, osasun sistemaren lana goraipatu ditu bere hitzaldian, eta gogorarazi du oso baldintza zailetan hartu behar direla erabakiak: «Berehalakoari aurre egin behar diogu; aldatzen ari den agertoki batean kokatzen gaitu orainaldi honek, eta erabakiekin argi apur bat eman nahi dugu, alarma osteko egoera iristen denerako».

Osoko bilkura berezia izan da, komunikabiderik gabea. Taldeen artean, soilik eledunak bertaratu dira, eta, hitz egin aurretik, parlamentuko langileek ondo garbitu dute atrila, kutsatze oro eragozteko.

Alderdiek babestu egin dituzte dekretuak, baina ñabardurak egon dira posizioak hartzerakoan. Navarra Sumak esan du ezin dela begietan oihal bat jarri. Kritikatu du Osasunaren Mundu Erakundea pandemiaren arriskuaz ohartarazten ari zela duela hilabete eta erdi, eta ez direla nahikoa baliabide bereganatu horri aurre egiteko. PSNk gogorarazi dio pandemia orokorra denez mundu guztiak jo duela merkatura, eta horrek hornidura arazoak eragin dituela, eta horri gaineratu behar zaiola ziurtagiriak ere lortu behar direla. Geroa Baik Txibiteri gogorarazi dio autogobernua egun Nafarroako familien zerbitzura jarri behar dela, eta Madrilgo erantzun zentralizatuak hutsegiteak izan dituela. Iritzi berekoa izan da EH Bildu, eta esan du gizarte eragileen artean mahai bat eratu beharko litzatekeela krisiari aurre egiteko. Koalizioaren ustez, ez da kritiken garaia, baizik eta ikustekoa «non diren zailtasunak, nola aurre egin jakiteko».

Bere hitzaldian, Txibitek gaurko 08:00etako azken datuen berri eman du, nahiz egoera une oro aldatzen ari den. Nafarroan, 1.715 kasu positibo daude. Espainiako erkidegoen artean, mila biztanleko kasu kopuru handiena duen lurraldea da batez beste, heriotza tasa batezbestekoaren «oso azpitik» dago, «nahiz eta biztanleria zaharrenetakoa izan». Txibitek uste du hori «osasun sistema sendoaren ondorio» dela, «baliabideak eta profesional handiak» dituztela. Haren hitzetan, datorren astearen erdian hobeto ikusi ahalko dira konfinamenduaren ondorioak: «Modulazio bat egongo da ospitaleratzeen hazkundean eta positiboen hazkundean».

Azkar aldatzen ari den egoera hori ikusirik, hainbat aurreikuspen egin dituzte hurrengo asteei erantzuteko. Larrialdietarako 120 ohe daude, baina, «oso azkar», %30 (beste 36 ohe, alegia) handitu daiteke kopurua. Osasun sarearen barruan, gainera, oheak handitzeko modua dute: Ubarmin, San Miguel, San Juan de Dios... Ospitale gunetik gertu, osasun gune bihur daitezkeen hotelak daude, Txibiteren arabera. «Azken baliabide gisa —ez dugu aurreikusten gertatuko dela baina hala aurreikusita dugu—, Refena erakustazokan behin-behineko ospitale bat antolatu daiteke». Aipatu duenez, osasun profesionalek atseden hartzeko eta haien arteko kasu positiboak artatzeko, hainbat hotelen zerrenda bat dute prest. Psikologoek estres eta antsietate egoerei aurre egiteko egin duten ekarpena eskertu du. 112rako deiek behera egin dute: martxoaren 15ean 4.013 dei jaso ziren, eta 26an, 2.636. Gizartearen ulermena gogoan hartu du.

Orain arte, 3.624 aldi baterako erregulazio aurkeztu dira, eta horietatik %30ek 10.648 langileri eragiten die. Jarraian, hartu dituzten neurri guztien berri eman du. Ohartarazi du datozen aste eta hilabeteetan langabeziaren datuek okerrera egingo dutela nabarmen, eta ahalik eta azkarren egoerari erantzuteko enplegu plan baten beharra aipatu. «Esfortzu ekonomiko guztiak larrialdi egoeraren zerbitzura daude».

Txibitek gogorarazi du egunero aldatzen direla agertokiak eta une oro ari direla protokoloak aldatzen, irizpide teknikoak aintzat hartuz eta «konbikzio politikoz». Horri aurre egiteko, batasuna aldarrikatu du, baina, adierazi duenez, «horrek ez du esan nahi denari baietz esatea».

Material faltaren inguruan, alderdiei erantzunez, Txibitek azaldu du ez daudela Espainiako Osasun Ministerioaren zain soilik. Nafarroako Gobernua ere ari da bere kabuz materiala erosten, baina uneotan nazioarteko merkatua oso nahasia dagoela dio. Iradoki duenez, «Txinan gorabeherak» izan dituzte, eta, materiala konprometitua zutenean, «estatubatuarrak etorri, eta prezio garestiagoa eskatu dute». Zahar etxeei dagokionez, Espainian izandako egoerarik ez dagoela ohartarazi du. Nafarroako Gobernuak zahar etxe guztiak bisitatu ditu, eta eguneroko komunikazioa dute haiekin. «Ez dugu bat bera ere bere kabuz utzi».

Nafarroako ekonomia erabat gelditzeko eskaerari buruz, Txibitek esan du ez dela beharrezkoa, ezta egokia ere. «Jada eskasa den jarduera ekonomikoa gelditzen badugu, krisi osteko berreraikuntza zailagoa da, eta gogorragoa izango da; jada enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen kaltea latzagoa izango da». Gauzak hobeto egin ote zitezkeen galdetuta, aitortu du neurri batean baietz, baina gogora ekarri du parlamentuan ezein taldek ez duela ekimenik aurkeztu pandemiaren arriskuaz. Kritika politikoa proposamenekin egin behar dela deritzo, eta ez soilik kritika hutsarekin.

Javier Esparza: «Ez zaio aurre hartu»

Javier Esparza Navarra Sumako eledunak onartu du «orain arteko esku hartzerik zailena» dela gaurkoa, baina «bihotzetik» hitz egin nahi izan du, «egungo garai dramatikoa hobeto ulertzeko balio duelako eta besteekiko enpatia ariketa hobeto egiteko balio duelako». Esparzak azpimarratu du oraingo egoerak herritarren artean kezka eta ezinegona sortzen dituela etorkizunarekiko, eta horri begira lidergoa adierazteko eta konfiantza emateko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Txibiteri babesa adierazi badio ere, autokritika egin behar dela uste du, eta aipatu du dekretuaren edukia martxoaren 11n sartzen bada indarrean, «pandemia ez zen martxoaren 11n hasi». Haren hitzetan, duela hilabete eta erdi, Osasunaren Mundu Erakundea joan zen herrialdeko osasun sistemei eskatzen prestatzeko mehatxuari begira, eta apurka alarma mezuaren koska igo zuen. Haren ustez, krisiari aurre hartu behar zitzaion. Gainera, «gardentasuna» eskatu dio: «Gardentasuna ez da prentsaurreko asko egitea; gardentasuna da galdetzen zaionari erantzutea eta alderdi guztiei, diferentziarik gabe, informazioa ematea».

Uxue Barkos: «Ez da gerra bat»

Uxue Barkosen arabera, azken egunetan eman den mezu belizistaren aurka, «hau ez da gerra bat». Haren hitzetan, historian munduan pandemia gehiago izan bada ere, kutsatzearen abiadura inoiz ikusi gabekoa da, eta, hori ikusita, «ezein agintari, osasun agintari eta gizarte ez dago prest horri aurre egiteko». Osasun krisiaren lehentasuna «ahalik eta heriotza gutxien» lortzea izan beharko litzateke, eta, egoera aldakor horretan, osasun adituen irizpidea aintzat hartuta hartu behar dira erabakiak. Barkosen arabera, aginte kate horretan min handia egin dezakete edozein «zarata mediatikok edo borondate oneko asmo batzuek». Haren ustez, ez da atzera begiratu behar kritika egiteko: «Atzera begiratzen jarrita, bestela, non jarri behar dugu muga? Zergatik ez osasun arloko murrizketetan?».

Barkosen arabera, dena den, Madrilek erabakiak zentralizatzea «hutsegitea» izan da, sendagaien eta ekipamenduen hornitzeak agerian utzi duenez. Beste adibide bat eman du: edozein heriotza egonda ere, 24 ordu itxaroteko agindua eman du Espainiako Gobernuak, eta, Madrilgo egoeran ulergarria bada ere, COVID-19az haragoko beste arrazoiengatik hil diren herritarren senideek bestelako dolu bat egiteko aukera luke Nafarroak. Horregatik, Barkosen ustez, «autogobernua herritarren zerbitzura» jarri behar da. «Kooordinazioa bai, inertzia ez», adierazi dio Txibiteri. Haren ustez, neurri osagarriekin, Nafarroak ahalmena du egoerari aurre hartzeko, Madrilen zain egon gabe.

Ekonomiari begira, esan du likidezia krisi handiari bi erantzun eman behar zaizkiola: lehenik, geldialdian «soldata errentak» bermatzea eta enpresei bide ematea jarduera berraktibatzean. Haren ustez, 2008ko hutsegitea ezin da errepikatu (finantza erreskate bat eta ondoren murrizketak). «Likidezia zuzenean isuri behar diegu nafarren soldata errentei. Finantza erakundeek euren rola jokatu behar dute, baina bigarren mailakoa. Bestela, krisiaren irteera negozio bihurtuko da, eta lukurreria kasuak ikusiko ditugu». Halaber, galdetu dio ea Nafarroako Gobernuak nahikoa baliabide dituen aldi baterako erregulazioen kopuru handiaren tramiteari bide emateko, eta ohartarazi dio hala ez balitz kalteak sor litezkeela.

Bakartxo Ruiz: «Beharrezkoa da mahai zabal bat eratzea»

Osasun krisian, senide bat galdu edo gogor lanean ari direnak ekarri ditu gogora EH Bilduko Bakartxo Ruizek. «Gogorra da bizitzen ari garen egoera, batez ere osasunaren ikuspegitik, baina ez dugu ahaztu behar beste arlo batzuetan fokua jarri behar dugula. Eskubide murrizketa pairatzen ari gara. Horrek gogortu egiten du egoera. Kontrol sozialerako bide arriskutsuak jorratzen hasiak direla ikusten ari gara, eta honek ondorio larriak izango ditu ekonomiaren eta gizartearen eremuan». Haren irudiko, alderdien ardura da herritarrei ziurgabetasun egoera honetan «ahalik eta ziurtasun eta babes gehien» ematea, ondorioak leuntzeko. Haren ustez, gobernuarena da lidergoa, baina gainerako taldeak ezin dute so egon. «Betebeharra dugu  politika egiteko, ekarpenak eta proposamenak eginez». Uste du horri ezin diotela muzin egin. «Horretan saiatu gara. Helarazi dizkiogu gure kezkak eta gure proposamenak». Kezka kartzelan daudenekin, genero indarkeria jasaten dutenekin, etorkinekin...

EH Bilduren irudiko, «beharrezkoa da mahai zabal bat eratzea ondorioei aurre egiteko». Mahai horrek sektore sozial, ekonomiko, sindikal eta feministak hartu beharko lituzke. «Iruditzen zaigu garrantzitsua dela kontsentsuak biltzea, aurrera begira jendarte moduan arlo instituzionalean erabakiak are eta kolektibo gehienen artean adostu daitezen».

Kezka adierazi du, kudeatzerakoan «ahuldade asko» agerian geratu direlako; adibidez, zaintza aintzat hartzen ez duen sistemarena. «Agerikoa da» enpresaburu eta botere ekonomikoek eragin ahalmena dutela erabakietan». Eskatu du jarduera ekonomiko oro gelditzea, funtsezkoa dena ez ezik. «Konfinamendua eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da. Ez da posible mundu guzia asteburuan gelditzea eta astelehenean lanera joatera behartzea. Denek ezin dute konfinamendua egin». Bat egin du sindikatu abertzaleen deialdiarekin. 

Bakartxo Ruizen arabera, ez da kritikatu behar zer egin den gaizki, baizik eta zer hobetu behar den. EH Bilduren arabera, ministerioak erabaki gune zentralizatua izatea «hutsegitea» izan da, eta «paralisira eraman du», Madrilen zain geratu direla ematen baitu: «Gaur-gaurkoz ez dago ziurtatua nahikoa material profesional guztientzat. Maskarak, norbera babesteko ekipamenduak eta testak falta dira». Bere erabaki propioak hartzeko hartzeko eskatu dio, behar propioen arabera.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.