Enpresak

ELAk eta LABek salatu dute Jaurlaritza patronalaren esanetara ari dela

«Espainiako eskuinak baino jarrera muturrekoagoa» izatea aurpegiratu die ELAk Urkulluri eta Tapiari. Aranburuk uste du patronalak itxiera baino nahiago zituela kaleratzeak eta aldi baterako enplegu erregulazioak.

Iruñerriko industrialde bat hutsik, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 30a
16:20
Entzun

ELAren ustez, albiste ona da Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztea erabaki izana, nahiz eta ziurtatu duen «duela zenbait egun» erabaki behar zela, «lantokiak kutsatzeko foku nagusietako bat zirela agerikoa zenean». Sektore batzuk funtsezkoenen zerrendan sartzea «eztabaidagarria» izan daitekeen arren, ELAk uste du «osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratuko duen neurri positibo bat» dela.

Aldi berean, sindikatua haserre dago Eusko Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin. Haiek defendatzen duten gradualismoa «hanka sartzea eta arduragabekeria izugarria» iruditu zaio ELAri. Gobernuari eta bereziki Iñigo Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuari egotzi die industriarik handienaren «interes ekonomiko partikular batzuk» lehenestea. «Koma ekonomikoaren argudioari ezin zaio eutsi; izan ere, ez dituzte kontuan hartzen gainerako jarduerak (zaintzak, zerbitzuak...), eta ez dira gai pandemiak funtsezkoak ez diren jarduerei eusteagatik –ekonomian ere–  izango lukeen eragin tragikoa aurreikusteko». Eusko Jaurlaritza herritarren osasunaren aurka egiten ari dela uste du, «osasun irizpide publikoak patronalak ematea nahi duelako. Muturreko jarrera politikoak dira, Espainiako eskuinak hartutakoak baino muturrekoagoak».

Gainera, agiri batean, ELAk salatu egin ditu funtsezko jardueretakoek lanerako dituzten «baldintza arriskutsuak», eta gogorarazi du haietako gehienak emakumeak direla, osasungintzan eta zaintza lanetan gehiengoa direlako.

Jarduera ekonomikoa lehenbailehen berreskuratzea ere bada ELAren kezka. «Enpleguaz ari gara hitz egiten, eta pandemia horrek lezio asko utziko ditu. Adibidez, gero eta beharrezkoagoa den trantsizio produktibo, sozial eta ekologikoari heldu beharko zaio. Baina, bien bitartean, lehentasunezkoa da koma sanitarioa eragoztea (gaur egun errealitate bat da), balizko koma ekonomikoaren aurretik».

LAB, zirrikituak itxi nahian

ELAk bezala, LABek ere asteak daramatza eskatzen eteteko oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak. Berez, bi sindikatu abertzale nagusiek eta beste batzuek haserre egun bat antolatu zuten joan den ostiralean. Igandean, sindikatuak ziurtatu zuen «ezinbestekoa» zela jarduera ixtea, eta gaur jakinarazi du azterketa juridiko sakona egiten ari zaiola Espainiako Gobernuaren dekretuari. Izan ere, LABek egiaztatu nahi du patronalak ez duela zirrikiturik aurkituko itxierari aurre egiteko.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia haserre azaldu da patronalarekin, itxiera egun gutxirako dela kontuan izanda, «mezu katastrofista bat»  zabaltzen ari delako. «Ikusi da, oso modu nabarmenean, patronalak bere interes ekonomikoak lehenetsi dituela osasunaren gainetik. Ikusi da arduragabekeriaz jokatu duela, eta, arduragabekeria horretan, inola ere ez dela egon patronalaren erantzukizun sozialik».

LABek uste du enpresaburuen elkarteak ez daudela gustura Espainiako Gobernuak jarduerak eteteko aukeratutako formularekin. «Patronalak nahiago luke honi guztiari beste modu batean aurre egin, baimen ordainduekin baino, negoziaziorik gabeko aldi baterako enplegu erregulazioen eta kaleratzeen bidetik. Izan ere, ikusten dugu zera nahi duela, krisiaren ondorioak langileek bakarrik pairatzea, berriro ere».

EAJren eta Urkullu lehendakariaren jarrera ere kritikatu du LABeko idazkari nagusiak. «Krisiaren hasieran, Madrilek alarma egoera dekretatu zuenean, Urkulluk esan zuen ez zuela hamar segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko, leialtasunagatik edo. Bada, patronalaren alde aritzeko, etengabe ari da azken neurriak kritikatzen. EAJk autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da».

Hori ikusirik, langileei «aktibatuta» egoteko eskatu die, «krisi honen ondorioak gure bizkar gainean erortzea nahi ez badugu, 2008ko krisiarekin gertatu bezala».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.