Bake Bidea

Esnal, Parot eta Haranburu askatzea galdegin dute Iparraldeko hautetsiek

30 urte bete dira Esnal, Parot eta Haranburu kartzelan direla, eta Ipar Euskal Herriko delegazioak berehala askatzea exijitu du.

Anaiz Funosas eta delegazioko kideak. NAHIA GARAT
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko apirilaren 8a
11:14
Entzun

Hiru urte pasatu dira ETAk armagabetzea egin zuenetik. 2017ko apirilaren 8an, 20.000 lagun bildu ziren Baionan, «iraganaren eta etorkizunaren arteko haustura puntua markatzeko». Alta, Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik «aktualitatea dramatikotzat» jo dute. «30 urte bete dira Ion Parot, Jakes Esnal eta Frederic Xistor Haranburu Frantzian kartzelatuak direla. Espainian 1978tik 1989ra bitartean egindako egitateengatik, Frantziako justiziak betiko kartzelara zigortu zituen. Espainian epaituak izan balira, hau da, atentatuak egin zituzten lekuan, gehienez ere 30 urteko kondena izanen lukete. Gaur aske izanen lirateke…», adierazi dute. Exijitu dute Frantziak Parot, Haranburu eta Esnal askatzea, «ezin delako onartu zigorra hil artekoa izatea».

Hala, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari hitza bete dezala eskatu diote: «Gizarteak ahalegin guztiak egiten ditu alde horretatik, Estatuak gauza bera egin behar du: hori ulertu genuen Macron presidentearen iazko Biarritzeko mezuan. Hitz publikoan sinetsi nahi dugu, eta Estatuko maila gorenean jendaurrean hitzemandakoa errespetatzea nahi dugu».

Euskal presoek pairatzen duten zigor bikoitza salatu dute: «Aieteko Konferentziaren biharamunean borroka armatua behin betiko bukatu ondotik, ETAren erabateko desarmatzearen ondotik eta baita duela bi urte ETA desegin ondoren ere, Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak zigorraren egokitzapena onartzen duelarik ere, prokuradoreak sistematikoki helegitea aurkezten du». Esnal, Parot eta Haranburu duela 30 urte atxilotu zituzten, eta baldintzapean aske uzteko galde guztiak ukatu dizkie Parisek.  Egoera «ulertezina, bidegabea eta arriskutsua» da Ipar Euskal Herriko delegazioaren ustez. «Gaur askatzeko erabakirik ez bada, Frantziak aukera politiko hau onartzen duela esan nahi du: preso hauek hil arte bete beharko dute zigorra», salatu dute.

Ipar Euskal Herriko Bake Bideko delegazioan hainbat hautetsik parte hartu dute; tartean, Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza; Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua; Frederique Espagnac senataria eta Akitania Berriko lurralde kontseilaria; Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria; Alain Iriart, Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakariorde eta Hiriburuko auzapeza; Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakaria eta Jean Noel Txetx Etxeberri, bakegilea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.