Noiz sortua: 2020-04-08 16:21:11

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran.
Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. Jon Urbe/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko apirilak 8

Osasun larrialdiak iraun bitartean herrietan elikagai azokak egitea debekatu du Eusko Jaurlaritzak. Erabakia oso gogor salatu dute nekazaritza arloko sindikatuek, esan baitute zuzeneko salmenta egitea galarazten dietela horrela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baserritarrei, noiz eta Gasteizko gobernua bertako produktuak kontsumitzeko deia egiten ari den honetan.

«Aski da!», azaldu du Gipuzkoako EHNEk. «Zertara dator azokekiko horrelako tema?», galdetu dio Jaurlaritzari. «Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori».

Gainera, sindikatu horrek uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik halako erabaki bat hartzeko-: «Azokak udal eskumena dira, eta osasun neurriak, une honetan, estatuaren eskumena». Horrela, gogorarazi du azken asteetan baserritarren azokak egin ahal izan dituztela hainbat herritan, «higiene eta protokolo zehatzek agindu bezala». Eskerrak eman dizkie Ordiziako, Villabonako eta Zumarragako udalei, «gauzak nola egin» erakutsi dutelako. Ziurtatu duenez, Katalunian eta beste lurralde batzuetan baimentzen dituzte janari azokak. 

Baserritarrentzat azokak ezinbestekoak direla nabarmendu du Gipuzkoako EHNEk, eta tokian tokiko ekonomiarentzat oso mesedegarriak direla. «Azokak, salmenta zuzenak, herrietako elikagai denda txikiak bertako produktuak komertzializatzen direla bermatzen duten guneak dira. Horiek denak tokiko ekonomika indartzen dute, baita herritarren lanpostuak ere».

«Ulertezina eta tamalgarria»

Antzeko kritikak egin ditu Enba Euskal Nekazarien Batasunak ere. «Erabakia ulertezina eta tamalgarria da, bai azoketara joaten diren baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat, baita azokak elikagaiak erosteko gune gisa defendatzen ditugun ororentzat ere».

Alarma egoera amaitu eta azokak zabaltzeko debekua kentzen denerako Jaurlaritzak jarritako baldintza «onartezinak» ere salatu ditu Enbak. Horrela, pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta sei metro egon beharko dira postutik postura. Gainera, postu baten barruan, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute beren artean, eta, lekurik ez dagoenean, bakar batek egin ahal izango du lan. Bezeroei dagokienez, gutxienez bi metroko tartea izan beharko da baten eta bestearen artean. Neurri horiek gehiegizkoak direla uste du Enbak, eta «kinka larrian» jarriko dituztela azokak.

Sindikatu horrek ziurtatu du koordinazioa falta dela Jaurlaritzaren barruan, Osasun Sailak azokak debekatu dituen egun berean Merkataritza Sailak merkatuak eta bertako produktuak babesteko kanpaina bat hasi duelako, «hitzez hitz, elikagai fresko eta bertakoez hornitzeko guneek betetzen duten tokia aldarrikatuz».

Eroskiren ekinaldia

Elorrioko kooperatibak iragarri du azokak galdu dituzten baserritarretako batzuek aukera izango dutela Eroskiren bitartez saltzeko beren produktuak. Harakai kooperatibak merkaturatutako arkumeak salduko ditu, eta bere barazki hornitzaile nagusiekin akordio bat lortu du inguruko ekoizle txikien produktuak ere bil ditzaten.

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. ©

Nafarroako Gobernuak «jarrera zuhurra» du lurraldeen arteko joan-etorriekin

Berria

«Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoa berbera ez izatea», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen hirugarren fasea bukatu arte ezingo dela autonomia erkidego batetik bestera bidaiatu. 

Heriotza kopurua asteka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ©INE

Nabarmen goratu da izurriak eragindako heriotzen kurba

Edu Lartzanguren

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko lehen agerraldian, Kongresuan. ©J. J. Guillen / EFE

Espainiako Kongresuak larrialdi egoeraren seigarren luzapena onartuko du gaur

Paulo Ostolaza

Ekainaren 21 arte luzatuko dute; printzipioz, azken aldiz. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna