Diru laguntzak

Jaurlaritzak oinarrizko soldata bat bermatuko die kulturgintzako langileei

Gehienez 1.200 euro izango da errenta, eta aurreko urteetako errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko da bakoitzaren zenbatekoa.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultur sailburua. IREKIA
aitor biain
2020ko apirilaren 15a
12:03
Entzun

Koronabirusaren ondorioz diru sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileei oinarrizko soldata bat bermatuko die Eusko Jaurlaritzak. Segidan soldatarik jasotzen ez duten eta «estu» dabiltzan «langile profesionalentzako» laguntza bat da, Bingen Zupiria Kultura sailburuak adierazi duenez, eta ez sektore oso bati zuzendutakoa. Izan ere, sailburuak berretsi du krisiaren ondorioei aurre egiteko onartutako beste laguntza lerroen osagarri izango dela errenta. «Jakitun gaude, hala ere, kultur jardueraren bereizgarritasunen ondorioz langile autonomo ugari daudela aldian aldiko kontratazioak dituztenak eta ezinezkoa zaienak laguntza horiek eskuratzea. Eta horregatik erabaki dugu lerro berri hau zabaltzea».

Hilaren amaierarako jarriko da martxan diru laguntza eskatzeko bidea, eta martxoaren 14tik krisia amaitu bitartean iraungo du; laguntza gehienez ere sei hilabetez emango da, nolanahi ere. Hala, gehienez 1.200 euro izango da oinarrizko errenta, eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren araberakoa izango da gutxienekoa. Langile autonomo bakoitzak bere errenta izango du, eta aurreko urteko errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko da, Beatriz Artolazabal enplegu sailburuak azaldu duenez. «Aurreko urteko errenta aitorpenean, kulturari lotutako jardueran, aitortutako diru sarrera garbien hileko batezbestekoaren %70 inguru izango da jaso beharreko zenbatekoa». Jarduera ekonomikoa aurten abiatu dutenek ere eskatu ahal izango dute laguntza, baina jasoko duten kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da: 950 euro, alegia. 

Kultura Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu guztira laguntzarako. Diru poltsa hori Enplegu Sailarekin eta Ogasun Sailarekin adostutakoa da, Beatriz Artolazabal enplegu sailburuak adierazi duenez. «Jakitun gaude sektorearen berezitasunez, eta, horregatik, Lanbidek laguntza lerro espezifiko eta zehatz bat garatu du». Hala, Elkarrekin Podemosekin aurrekontuetan adostutako «kultur formakuntzarako» diru poltsa erabiliko da oinarrizko errentarako.

Aholkularitza zerbitzua

Jaurlaritza ohartzen da osasun krisia kulturan eragiten ari den kalteaz: «Eta geldialdi hau oso ondorio larriak izaten ari da kulturaren arloan», esan du Zupiriak. «Bat-batean, COVID-19a gelditzeko neurrien ondorioz, dena geldirik dago: kontzertuak, filmen estreinaldiak, dantza emanaldiak, liburuen aurkezpen, inpresio, argitalpen eta salmentak... Dena gelditu da bertan behera». Sailburuak erantsi du «etengabeko harremana» izaten ari direla sektoreko elkarte eta ordezkariekin; «informazio zehatza» jaso eta gertatutakoaren neurria kalkulatzeko galdetegi bat emango dietela.

Hala ere, sailburuak iragarri duenez, Jaurlaritzak martxan jarriko du aholkularitza zerbitzu bat, laguntza oro kulturaren arloko langileengana iristeko. «Eusko Jaurlaritzak enpresentzako eta autonomoentzako diru laguntzak kulturgintzako enpresetara helarazten ere ahalegindu gara, eta helburua da kultura arloko enpresei diru laguntzen inguruko informazioa erraztea, eta tramiteetan laguntzea». Zerbitzua datorren astetik aurrera egongo da martxan.

«Ahal den azkarrena kultur jarduera berreskuratzeko gure apustua berretsi diegu sektoreko elkarte eta ordezkariei», esan du Zupiriak. Eta gehitu du «modu koordenatuan» ari direla lanean EAEko foru aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta Eudelekin krisiari «erantzun bateratu bat» emateko. «Kulturak krisia baino lehen zeuzkan balio guztiak mantentzen ditu orain ere. Beraz, momentu honetan kultura behar dugun moduan, kulturak behar gaitu gu. Eta uste dugu jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik garrantzitsua dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.