Pentsiodunek eskatu dute ez erabiltzeko adina konfinamendurako irizpide gisa

Ohartarazi dute itxialdia adinaren arabera luzatzea giza eskubideen aurkakoa dela. Jaurlaritzak uste du ondorio psikologikoak ere aintzat hartu behar direla.

Pentsiodunen martxa bat, iaz. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko apirilaren 20a
10:58
Entzun

Konfinamendua partzialki leuntzeko eta adineko pertsonei itxialdi hori luzatzeko aukera ikusita, Demokraziaren Aldeko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak, Bizkaiko Pentsiodunen Koordinakundeak eta Nagusiak elkarteak eskatu dute ez erabiltzeko adina irizpide gisa, uste baitute hala egitea ez litzatekeela «zilegi», eta «giza eskubideen aurkako erasoa» litzatekeela.

Elkarte horiek nabarmendu dute adinekoak «zorrotz» ari direla betetzen etxean egoteko agindua, «gizarte osoaren sentipen bera» dutela, eta, beraz, galdegin dute gainerako herritarren «begirune berarekin» tratatuak izan daitezela. Erantsi dutenez, adinekoen egoitzetan sortutako egoera ezin da «aitzakia» izan «biztanleriaren sektore handi baten eskubideak urratzeko».

«Giza eskubideen aurkakoa da adinaren irizpidean oinarritzea neurri baztertzaileak ezartzeko», adierazi dute, eta gaineratu adinekoa izatea ez dela «heriotza eragiten duen gaitz bat. Bizi zikloaren parte da».

Jaurlaritzarentzat, «konplexua»

Adinekoak kalera irteteko aukeraz ere mintzatu da Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua. Esan du gai «konplexua» dela, «arrisku handiagoa dutelako, baina ondorio psikologikoak ere kontuan hartu behar dira».

Ser irrati katean elkarrizketatu dute Murga, eta, konfinamendutik ateratzeko prozesuaz galdetuta, azaldu du prozesu horrek «segurua» izan behar duela, «arriskuak murriztuta». Aitortu duenez, Jaurlaritza hainbat jokalekurekin ari da lanean, eta konfinamendua ez litzateke aldi berean amaituko herritar guztientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.