Hegoaldean larunbatetik jarduera fisikoa egin ahal izango da

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du epidemiaren bilakaerak esango duela konfinamendua «arintzeko» neurri hori hartzea posible izango den. Sanchezek asteartean aurkeztuko du konfinamendua leuntzen joateko plan bat, baina iragarri du prozesu hori «mailakatua» izango dela.

Pertsona bat bizikletan, Donostiako etxe batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 25a
20:39
Entzun

Espainiako Gobernuak konfinamendua «arintzeko» lehen pausoa emango du bihar, 14 urtetik beherako haurrei kalera irteteko baimena emanda. Ordubetez atera ahalko dute kalera, kilometro bateko eremuan eta heldu bakarrarekin. Irteera horiek COVID-19a hedatzen ez badute eta ezarritako arauen arabera egiten badira, bigarren pauso bat emateko prest dago Espainiako Gobernua, eta maiatzaren 2tik aurrera onartu lezake jarduera fisikoa egitera edo paseoak ematera ateratzea.

Hala, kalean ariketa fisikoa egiteko modua izango lukete Hegoaldeko herritarrek. Ipar Euskal Herrikoek ez dute muga hori izan konfinamenduaren hasieratik.

Hori iragarri du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, 20:15ean eginiko agerraldi batean. «Eboluzioak positiboan jarraitzen badu» ahalbidetuko dute jarduera fisikoa egitera irtetea, bakarka, eta paseoak ematea, etxebizitako kideekin. Momentuz ez du horri buruzko beste xehetasunik eman, eta, neurri horri adin mugarik jarriko dioten galdetuta, osasun arloko adituek unean-unean ematen dizkioten irizpideen esku utzi ditu datozen egunetako erabakiak.

Sanchezek azaldu du koronabirusa garaitzeko modu bakarra txerto bat topatzea izango dela, baina horretarako hilabeteak beharko direla. «Baina garaipen partzialak lor daitezke; duela sei aste, konfinamendu oso gogor batean sartu ginen; herritar bakoitzak beste hiru kutsatzen zituen. Orain, kutsatze maila %1,5ekoa da».

Leuntze «mailakaturako» plana

Asteartean aurkeztuko du Sanchezek konfinamendua leuntzeko plana, ministroen kontseiluan. Azaldu duenez, asteak daramatzate hori lantzen, baina iragarri ditu plan horren xehetasun batzuk. «Mailakatua» izango da «normaltasun berrirako trantsizio» hori: «Ez dugu kolpe bakarrean jardurera eta mugikortasun sozial osoa berreskuratuko; jarduera eremu bakoitzean, pauso ezberdinak emango dira». Jarduera bakoitzari ezartzen zaizkion mugak aldatuz joango dira, egoeraren arabera.

Bestalde, trantsizio hori «asimetrikoa» izango da, baina Sanchezek argi utzi du aginteak Espainiako Gobernuaren esku jarraituko duela, eta hura izango dela zehazten duena noiz eta nola eman pausoak: «Elkarrekin sartu ginen, eta elkarrekin aterako gara, herrialde bezala. Leuntzea abiadura ezberdinetan gauzatuko da, baina denontzako arau berdinekin». Leuntze hori maiatzean zehar gauzatuko da, baina Sanchezek ez du haragoko jokalekurik iragarri nahi izan: «Ekainean, ikusiko dugu».

Normaltasunerako itzulera horretan, Espainiako Estatuko mugen inguruan galdetu diote Sanchezi; hark erantzun du hori dela egun izaten ari diren funtsezko eztabaidetako bat, eta gaia Europako Kontseiluaren mahai gainean dagoela.

Iparralderako asmoak ere, asteartean

Bestalde, Frantziako Gobernuak asteartean bertan aurkeztuko du Frantziako Asanblean konfinamendua leuntze aldera prestatu duen bide orria. Ipar Euskal Herrian maiatzaren 11n amaitzekoa da konfinamendua. Hedabide ugarik zabaldu dutenez, Edouard Philippe gobernuburua bide orri horren xehetasunak zehazten ari da, batez ere garraioari, hezkuntzari eta ekonomiari dagokien gaietan.

Horien artean, hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, Frantziako Gobernuaren asmoa izan litzateke aurrez aurreko eskoletarako itzulera modu mailakatuan egitea, hiru astez. Astean zehar, Eliseoko iturriek zabaldu dute itzulera hori borondatezkoa izan litekeela, erabakia gurasoen esku utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.