Galder Gonzalezek, Leire Sangronizek eta Josu Lopezek eskuratu dituzte aurtengo CAF-Elhuyar sariak

Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria, berriz, Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du. Neiker saria eta sorkuntza beka eman gabe utzi dituzte.

Josu Lopez Gazpiok sarietako bat jaso du Musikaren zientzia lanarengatik. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 29a
10:29
Entzun

Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak aitortzea da CAF-Elhuyar sariketaren helburua, eta aurten bereziki egoera berezian eman dituzte: «Kultura zientifikoaren beharra hain agerikoa den egun hauetan». Ezohiko egoera honetan, ezohiko moduan jakinarazi dituzte saridunen izenak ere, ez baitute sariak banatzeko ekitaldirik eginen. Saridunek, halere, 2.000 euroko diru saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana eskuratuko dituzte.

43 lan jaso dituzte aurten, eta horien artean hiruk eskuratu dute saria. Dibulgazio artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañagaren Io eta argiaren abiadura artikuluari eman diote saria; ikuspegi historikotik zientziak aurrera nola egiten duen erakusten du. “Lan irakurterraza, erakargarria eta bitxia» da epaimahaiaren iritziz: «Irakurlearen arreta harrapatzen duena”.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio artikuluen kategorian, berriz, Leire Sangroniz Agudo kimikako doktorearen Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez artikulua saritu dute. Epaimahaiak nabarmendu du «gaur egun ahoz aho dagoen arazo bati erantzuten» saiatzen dela tesia, eta «oso modu dibulgatiboan» idatzita dagoela.

Zientzia kazetaritzako lanen kategorian, azkenik, Josu Lopez Gazpiok lortu du saria, Musikaren zientzia lanarengatik. Musikaren eta zientziaren arteko lotura eta «musikaren idiosinkrasia hortik haratago dagoela oso ongi» azaltzen du Lopezek lan horretan, epaimahaiaren iritziz.

Neiker sari berezia –lehen sektoreko lan onena saritzen duena– eta Zientzia Gizartean sorkuntza beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, «aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik». Heldu den urterako gordeko dute aurtengo sorkuntza bekarako zeukaten dirua, eta proiektuak aurkeztera animatu dute jendea. Iaz Martin Etxauri Sainz de Murietak lortu zuen beka, Fossil Plastics. Alegiazko enborrak proiektuagatik, eta «bide emankorra» izan duela azaldu du Elhuyarrek. Donostiako Tabakaleran aurkeztu behar zuen proiektuaren emaitza Etxaurik, sariak banatzeko ekitaldiarekin batera, baina udazkenera gibelatuko dute, «ahal bada».

Merezimendu Saria, Ana Zubiagari

«Euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen» egindako lanarengatik eman diote Ana Zubiagari Merezimendu Saria. Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu Zubiagak EHUn, eta, irakasle izateaz gain, ikertzailea eta Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa taldeko arduraduna da. EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genetikoko Unitatearen arduraduna, Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko eta Jakiundeko kidea ere bada Zubiaga, Elhuyarrek azaldu duenez, eta dibulgazioaren alorrean ere buru-belarri ari da. «Zubiaga beti dago prest laguntzeko, eta adeitsu eman ditu azalpenak eta iritzia, hainbat eta hainbat aldiz, Elhuyar aldizkarian, Teknopolis zein Norteko Ferrokarrila saioetan, eta ohiko parte hartzailea da Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoetan. Komunikabide orokorretan ere maiz agertzen da, kontzeptu konplikatuenak argitzen, hizkera ulerterraz eta gertukoarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.