Fase berrirako prestatzen (eguneko laburpena)

Espainiako autonomia erkidegoetako presidenteekin bilera egin du Pedro Sanchezek, igandero legez, eta berriro kritikak entzun behar izan ditu, krisia nola kudeatzen ari den ez baitaude ados asko.

Zumaiako hondartza, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
mikel p ansa
2020ko maiatzaren 3a
19:45
Entzun

IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskatu dio alarma egoera bertan behera uzteko lehenbailehen, osasun publikoko lege arruntak erabilita krisia kudeatzea eta erkidego bakoitzari bere eskumenak itzulita krisia kudeatzeko aski tresna badirela iritzita. Errenta unibertsalarengatik galdetu dio, eta aldi baterako enplegu erregulazioetarako dauden laguntzak mantentzeko eskatu ere bai.

Espainiako Gobernuaren kudeaketarekin ulerberago agertu da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, baina hark ere eskaria luzatu dio Sanchezi: hemendik aurrerako urratsak erkidegoetako gobernuekin adostuta egin daitezen. Txibiteren esanetan, tokiko gobernuak dira erakunde eraginkorrenak, konfinamenduaren leuntzea nola egin behar den zehazteko. Sanchezek 16.000 milioi euroko funts bat ere agindu du, eta hitzarmen ekonomikoaren batzordea lehenbailehen biltzeko eskatu dio Txibitek.

Administrazioen arteko eztabaidak bizi-bizi jarraitzen duen bitartean, herritarrek berriro baliatu dute eguraldi ona eta kalera irteteko aukera, eta gaur berriro kaleak eta herrietako inguru berdeak bete dituzte, atzo egin zuten bezala.

Asteburuarekin eta Maiatzaren Leheneko zubiarekin, jaitsi egin dira pandemiaren parametro gehienak, martxo erdialdeko datuetara hurbilduz, baina ez erabat. PCR probetan atzemandako gaixoen kopurua igo egin da larunbateko datuetan, %0,3 inguru. Ospitaleratuen kopuruak ere gora egin du: aurreko egunean baino 39 gaixo gehiago daude erietxean, eta zainketa intentsiboetan sartu dituzte horietatik hiru. Heriotzen kopuruak azken egunetan beherantz egin du: hamar pertsona hil dira azkeneko 24 orduetan.

Bihar sartuko da indarrean arintzearen lehen fasea, eta denda askok ireki ahal izango dute. Igande arratsalde honetan argitaratu du dekretua Espainiako Gobernuak, baldintzak zehaztuz. Negozio txikietako jabeek kezka eta nerbio handiz bizi dute egoera, eta haien ezinegona jaso du BERRIAk; bederatzi dendatako jabeen lekukotzak bildu ditu, eta etorkizuna zail ikusten dute gehienek.

Bihartik aurrera garraio publikoan ibiltzeko derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea, bestalde. Espainiako Gobernuak ia 900.000 igorri ditu Hego Euskal Herrira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, geltokietan banatuko dituzte 280.000 inguru; Gurutze Gorriko, DYAko eta babesgo zibileko kideak arituko dira horretan, bihar eta etzi. Nafarroan, gobernuaren ordezkaritzak 84.000 inguru banatuko ditu. Behin erabiltzeko maskarak dira. 430.000 bat maskara, bestalde, udalei emango dizkiete.

Datuak.Koronabirusaren azken datuak.

Mapa.Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka.

Honek ere merezi du:

Prostituten zama. Koronabirusaren pandemiak ezkutatu egin ditu prostitutzak, eta ezkutatu egin ditu haien ezinak. Premia gorrian daude haietako gehienak, eta diru laguntzarik ezin dute jaso inondik.

Zaintza sareak. Konfinamendua ezarri zenerako, autoantolatzen hasi ziren herritar asko, komunitateetan zaintza eta laguntza bermatzeko. Etorkizunera begira daude; uste dute etorkizunera begira ere tresna eraginkorrak izan litezkeela, ez soilik krisi garairako.

Jon Redondori elkarrizketa. Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendariak uste du garrantzitsua dela kirolaren sektorea ere martxan jartzea, ez soilik arlo profesionalean edo goi mailakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.