Koronabirusa

Komunitateak indartuz

Krisia dela eta, zaintza sareak sortu dira Euskal Herriko hainbat txokotan, eta kideek izandako erantzuna nabarmendu dute: «Etorkizuneko arazoei aurre egiteko tresna bat sortu dugu».

Erosketak egitea izan da boluntarioen jardun nagusia. Irudian, Erriberako merkatua (Bilbo). ARITZ LOIOLA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Erakutsi dugu edozein larrialdi garaitan jendea hor dagoela, laguntzeko prest». Ainara Mujikaren hitzak dira, Irurako (Gipuzkoa) elkartasun sareko kide batenak. Koronabirusaren krisia dela eta, elkartasun sareak sortu dira Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan, egoerak are eta zaurgarriago bilakatu dituen pertsonei egunerokoan laguntzeko. Antolatzeko eta ekiteko hainbat eredu proposatu dituzte, eta horietan lanean jardundako hiru kideren testigantzak jaso ditu BERRIA-k.

Mujikak auzoko adineko emakume bati laguntzen dio konfinamendua hasi zenetik. Iruran, udalak antolatu du laguntza sarea: «Sarerako boluntarioak behar zituztela zioen mezu bat jaso nuen. Nik ez dut seme-alabarik, senideak osasuntsu daude, eta nire lan ordutegia malgua da; beraz, nola ez nintzen, bada, apuntatuko?». Udalak bitartekari lanak egiten ditu, eta boluntarioa bere etxetik gertu bizi den pertsonaren batekin jartzen du harremanetan.

Hasieran, bi familiarekin hasi zen lanean Mujika, baina gehiegizkoa egin zitzaion: «Lan kargaz gain, beldurrak ere banituen: ondo egingo ote nuen, nik ez ote nuen birusa izango...». Izan ere, herrian kasu asko izan direla nabarmendu du, eta horrek laguntzen dion pertsonari ere eragiten diola azpimarratu: «Asko ezagunak zituen, eta, horrelakoetan, harekin hitz egin, entzun eta animoak ematea ere tokatu zait». Ez da erosketak egite hutsa, beraz.

Gauzak nola egin jakiteko protokolo jakin bat azaldu zien Udalak. Mujikaren arabera, «eman beharreko pauso bakoitza zehaztuta dago» bertan, eta edozein zalantza argitzeko ere eskuragarri dute udala.

Altsasun (Nafarroa), berriz, Patxi Calleiras izan zen protokolo bat osatzeko arduradunetako bat. Herriko gazte asanbladako kidea da, eta eurek antolatu zuten sarea: «Asanbladan atera zen ideia, eta zortzi laguneko talde bat osatu genuen». Horren ostean, beste 70 lagun inguru gehitu zitzaizkien boluntario lanak egiteko prest, eta dinamizatzaileen taldeak jarri zituen beharra zuten pertsonekin harremanetan.

Asko adineko pertsonak direnez, sareko kideak etxez etxe joan ziren laguntza eskainiz. Calleirasek dioenez, kezka sortzen zien gai horrek: «Nik uste dut asko ez direla ohartu sarearen existentziaz, edo ez direla ausartu laguntza eskatzera».

Nagusiki, erosketak egin dituzte sareko kideek Altsasun: «Haurren edo pertsona helduen zaintzan laguntzeko beharra ere ikusten genuen hasieran, eta sortu da, ziur. Ez digute deitu horretarako, baina egina genuen lanketa».

Calleirasek azaldu du Altsasun osatutakoa «eragile politiko bat» dela. Idatzi bat ere plazaratu dute euren iritzia azalduz: «Badirudi lursaila prestatzen ari direla krisi honen ondorioak langileriak ordain ditzan. Guk beste gizarte eredu baten aldeko aldarria egiten dugu, eta bide horretan geratzen zaigun bakarra antolatzea eta borrokatzea da».

Gasteizko Batera Zaindu herritarren sareak jaso ditu erosketak egitetik harago doazen eskaerak: haurren zaintza egin dute, aisialdia bultzatzeko dinamikak, eta Gurutze Gorriarekin elkarlana elikadura hornidura bermatzeko, besteak beste.

Herrietako sareek baino gaitasun handiagoa ere badute. Orain 2.500 kide inguru dira, eta hiriko 23 auzotan eta inguruko hainbat herritan antolatu dira.

Hiriko gazte talde batek sortu zuen sarea, martxoaren 13an, baina, Iñigo Lopez de Munain sareko kidearen arabera, ondoren «adin guztietako jendea» batu da. Gasteiz osorako antolakuntza bat sortzea zuten asmoa, baina nola?: «Gure filosofia ahalik eta espazio txikienetan antolatzea da; posible bada, blokeka». Hasieran auzoz auzo sortu zituzten Whatsapp taldeak, baina, «autoantolakuntza sustatzeko», kaleetara eta blokeetara murriztu zituzten gehienak. Beharra dutenengana heltzeko metodologia ere hori izan dela nabarmendu du Lopez de Munainek: blokez bloke antolatzea, konfiantza sortzea komunitate bakoitzean.

Talde batek «telefonogune lanak» egiten ditu; auzoetako arduradunei pasatzen die informazioa, eta haiek arduratzen dira boluntarioak eta beharra dutenak harremanetan jartzeaz.

Duela egun batzuk, Gasteizko Udalari bilera bat proposatu zioten sareko kideek, «elkarlan bat hasteko garaia zelako ». Oraingoz, ordea, ezezkoa jaso dute: «Gu eskua luzatuta gaude oraindik».

Etorkizuna

Sareen etorkizunaz galdetuta, iritzi ezberdinak dituzte elkarrizketatuek, baina, orokorrean, balantzea positiboa da. Mujikaren ustez, Iruran sareak «herria elkartzeko balio izan du», eta erakusteko badela jendea «laguntzeko prest».

Calleirasek, berriz, aitortu du gustatuko litzaiokeela taldeak jarraipena izatea: «Herriko 70 pertsona elkartu gara, eta etorkizunean etortzen diren beharrei erantzuteko tresna bat sortu dugu. Krisiaren aurretik ere langileriak behar batzuk zituen, krisian beste behar batzuk izan ditu, eta aurrerantzean ere beste behar batzuk izango ditu».

Lopez de Munainek ere uste du halako sareek «ohiko praktika bat» izan beharko luketela etorkizunean: «Zaintza krisia lehen baino handiagoa da orain, eta agerian geratu da horrelako sareak beharrezkoak direla komunitatea indartzeko eta gure arteko zaintza bermatuz bizitzak erdigunean jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.