Hamarretik seik uste dute jendea «erlaxatzen» ari dela itxialdiko neurriekin

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretik zortzik kezka handia edo nahiko handia dute osasun krisiak beren familiaren egoera ekonomikoan izango duen eraginaren inguruan.

Jendea ariketa fisikoa egiten, Hernanin. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 6a
15:40
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean inkesta bat egin du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoetako Kabineteak, eta, erantzun dutenen arabera, %85 «nahikoa» (%50) edo «oso kezkatuta» (%35) daude koronabirusaren hedapenarekin. Hamarretik zazpik, berriz, gaixotzeko kezka handia edo nahiko handia dute, baina datuak diferenteak dira adin tartearen arabera; 30 urtetik beherakoetan, erdiek dute kezka hori, baina 65 urtetik gorakoen artean, %82k. Progresioa erakusten dute datuek: galdekatua zenbat eta zaharragoa, kezka orduan eta handiagoa.

Bestalde, hamarretik zortzik kezka handia edo nahiko handia dute osasun krisiak beren familiaren egoera ekonomikoan izan ditzakeen ondorioen inguruan, baina adierazgarria da klasea zenbat eta apalagoa izan kezka orduan eta handiagoa dela: maila handikoen %40k dute kezka handia, eta maila apalekoen artean, %47 dira. Edozein kasutan, galdekatutako ia guztiek (%98) kezka dute nola eragingo ote dion osasun krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari.

Inkestan landu duten beste elementuetako bat izan da koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartu diren neurriak eta horien betetze maila. Lautik hiruk uste dute zorrotz ari direla betetzen segurtasun neurriak, eta %57k «oso konbentzituta» betetzen dituzte neurriok. Gainera, %85ek uste dute gainerako herritarrek ere betetzen dituztela, baina hamarretik seik diote jendea «erlaxatzen» ari dela horiek betetzeko orduan.

Haurrei etxetik irteteko baimenaz galdetuta, iritzi nagusia da arau hori ongi dagoela dagoen bezala, eta, galdekatua zenbat eta zaharragoa izan, uste hori orduan eta orokorragoa da. Itxialdi garaiko elkarbizitzaz galdetuta, berriz, galdekatutakoek ia aho batez erantzun dute bizikidetza ona edo oso ona izaten ari dela, eta %85ek diote oro har ongi daramatela konfinamendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.