Bizikidetza

Foro Sozial Iraunkorrak dei egin du «hitza armagabetzeko»

Uste dute egoera berriak «lehentasun humanitarioen agenda berria» ekarriko duela, baina «arlo kezkagarriak» ere aurkitu dituzte.

Foro Sozialeko Agus Hernan eta Nekane Altzelai, agerraldi batean. ANDONI CANELLADA - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko maiatzaren 6a
16:00
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak koronabirusaren pandemiak ekarritako egoera berria aztertu du, batez ere indarkeria zikloaren ondorioak konpontzeko agendari dagokionez. Foro Sozialeko koordinatzaile Agus Hernanek aurkeztu du analisia, Foroaren Batzorde Iraunkorrak egindako ezohiko bileran. Aukerak eta arriskuak aztertu dituzte analisi horretan: uste dute pandemiak «lehentasun humanitarioen agenda berria» ekarriko duela eta «esperientzia komunitario berriak» azaleratu dituela, baina, era berean, «kezkagarri» begitantzen zaizkien zenbait arlo ere nabarmendu dituzte.

Foro Sozial Iraunkorrak uste du azken asteetan «eskubide urraketak eta jarrera autoritarioak» agertu direla. Gainera, arduradun politiko askok «gerra erretorika» erabili dute pandemiaz berba egiteko, eta, ohartarazi dutenez, «gerrari etengabeko erreferentziak eginez, eskubide zibilen murrizketak ekarriko dituen kultura belizistari» bide eman zaio. Azkenik, «eztabaia politikoaren gogortzea» sumatu dute arduradun politikoen diskurtsoetan.

Foro Sozialaren ustez, pandemiak beste lehentasun batzuk agerrarazi dituen arren, lehenagotik zeuden arazoak ez dira desagertu, eta, esaterako, «konponbiderako agendak» hor jarraituko du konfinamenduaren ostean ere. Zehazki, «biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea» lehentasun izango da aurrerantzean ere, hala nola «salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzeko» beharrak eta «memoria kritiko inklusibo bat eraikitzeko» zereginak ere.

Txostenean, hainbat gomendio eman ditu Foro Sozial Iraunkorrak. «Hitza armagabetzeko» aholkatu dute, badakitelako alderdien arteko eztabaida gogortzeak «ondorio zuzenak» dituela indarkeria zikloaren ondorioak konpontzeko ekinbideetan; «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko dinamiketan sakontzea» proposatu dute; premiazkotzat jo dute biktimen eskubideen edo presoen egoera normalizatzearen beharra «alderdien arteko gatazkatik» ateratzea, eta «ireki den aukera hau ulertzeko eta baliatzeko» eskatu diete eragile guztiei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.