Jaurlaritzak hurrengo faserako proposatu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Osasun Saila gaur arratsaldean bilduko da Espainiako Osasun Ministerioarekin. Murga sailburuak esan du kasu kopurua «egonkorra» dela; Hego Euskal Herrian 23 hildako izan dira gaur. Nafarroa lehen fasean sartzeko eskatu du Txibiteren gobernuak. Ipar Euskal Herriko komertzioak irekiko dira maiatzaren 11n.

Hainbat oinezko atzo Pikotamendin (Bilbo). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 7a
13:52
Entzun

Gaur arratsaldean bilduko dira Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak astelehenean lehen fasera igarotzeko irizpideak betetzen dituzten ala ez eztabaidatzeko. Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo bete zuen eskatutako dokumentua, eta, Nekane Murga Osasun sailburuak gaur adierazi duenez, lurralde guztiek betetzen dituzte beharrezko baldintzak: «Artatze gaitasun egokia dugu, kasu kopurua egonkorra da, eta adierazle epidemiologikoak, berriz, onak dira».

Fernando Simon osasun arloko krisien jarraipenerako Espainiako batzordearen eledunak ere gaur goizean aitortu du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, orokorrean, «egoera ona» dutela, eta beste lurralde batzuek baino aukera gehiago dituztela hurrengo fasera igarotzeko. Dena den, ez du baieztatu hori gertatuko denik: «Printzipioz datuek ez dirudite txarrak, baina erabakia hartu aurretik irizpide asko aztertu behar dira; posible bada, aldebiko erabakiak hartuko ditugu autonomia erkidegoekin, zehazteko konfinamendua nola arindu eta zer zonatan». Madrilek ostiral gauean edo larunbatean jakinaraziko du zer lurralde igaroko diren lehen fasera astelehenean.

Atzo 23 hildako erregistratu ziren Hego Euskal Herrian (1.873 guztira), eta PCR bidez 50 kasu baieztatu zituzten osasun zerbitzuek. Test azkarren bidez, berriz, beste 581. Atzo ere 500 positibo erregistratu ziren Hegoaldean. Gorakada hori duela bi aste hainbat behargin lantokietara itzultzearen ondorioa ote den galdetu diote Murgari, eta hark esan du eurek ez dutela goranzko joerarik nabaritu: «Zerra hortzak daude, eta pandemiaren garapenaren balorazioa ez da egunez egun egin behar». Egoera egonkortzen ari dela ere esan du, eta aldagai batzuk hobetzen ari direla ere bai.

676 pertsona ospitaleratuta daude oraindik, horietatik 110 zainketa intentsiboetako unitateetan. Hala ere, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute ospitaleetako egoerak hobera egin duela; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino 52 ohe huts gehiago dituzte orain, eta Nafarroan 20 lagunek utzi zuten ospitalea atzo.

«Osasuna zaintzeko tresna»

Murgak COVID-19.eus aplikazioaz zabal jardun du gaurko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk iragarri zuen tresna hori martxan jarriko zuela, eta jada hirugarren bertsioa dute eskuragarri erabiltzaileek. Guztira, 67.348 dira aplikazioa deskargatu duten pertsonak, eta horietatik 3.708k jakinarazi dute koronabirusak eragiten dituen sintomak izan dituztela autodiagnostikoaren bidez. Medikuek horietako 1.051 lagun artatu dituzte, eta 202 osasun zentroetara bideratu.

«Datozen faseetan tresna garrantzitsua izango da kutsatze berriak atzemateko», esan du Murgak. Nagusiki hiru funtzio ditu app-ak: autodiagnostikoa egitea, mediku batek haren bidez bilakaera kontrolatzea eta sintomak izanez gero pazientearen ingurukoei abisatzea. Osasun sailburuaren arabera, «gizartearen osasuna zaintzeko tresna bat da».

Nafarroa ere, lehen fasean sartzeko

Nafarroako Gobernuak lurralde osoa lehen fasean sartzeko eskatu dio Espainiako Osasun Ministerioari. Hala aurreratu zuen atzo Javier Remirez gobernuko lehen presidenteordeak, eta gaueko bederatzietan jakinarazi zuen ministerioak eskatutako agiriak eta Nafarroaren arintze proposamena aurkeztu zituztela. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroaren hitzetan, «lehentasunezkoa» da ekonomia berriz abiatzea. Ondorioz, heldu den astelehenetik aitzina komertzio guztiak irekiko dira Iparraldean, ostatu, jatetxe eta halakoak izan ezik.

Horrez gain, Frantziako Gobernuak ere zehaztasunak eman ditu datorren astelehenetik aitzina itxialdia arintzeko hartuko diren neurrien inguruan. Hala, astelehenetik aitzina, enpresa gehienak ohiko jarduerara itzuliko dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baina, jende multzo handiegiak ez osatzeko, ordutegiak antolatzera deitu du Muriel Penicaud Lan ministroak. Komertzio gehienak ere normal irekiko dituzte, ostatu, jatetxe eta halakoak izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.