Memoria

40 urte bete dira indar parapolizialek Maria Jose Bravo bortxatu eta hil zutenetik

BVEk bere gain hartu zuen hilketa, baina ikertu gabe gelditu zen. Poliziek manifestariak erreprimitu zituzten hiletaren ondoren.

Greba orokorra eta manifestazio jendetsu bat egin zituzten Bravoren hilketaren biharamunean, Donostian. JAVIER GALLEGO
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 7a
18:22
Entzun

Donostiako Loiola auzoko bizilagunek maiatzaren 7ko arratsaldean ikusi zuten azkenekoz Maria Jose Bravo del Valle auzokidea bizirik, 1980. urtean. Francisco Javier Rueda Alonso mutil lagunarekin batera zihoan Asepeyo klinikara, hari sendaketa egin ziezaioten. Handik ordu gutxira, Rueda balantzaka agertu zen kontrako norabidean. Inguruko baserritar batek mojengana eraman zuen zauriak artatzera, eta ospitaleratu egin zuten gero, garezur haustura larri bat zuela. Gerora kontatu zuen oroitzen zuen apurra: Bravo eta biak mendi magal batean eserita zeudela, lagunak garrasi egin zuen, eta hari bultza egin zioten atzetik; mendian behera bota zuten. Hurrengo egunean aurkitu zuten Bravoren gorpua, burezurra txikituta eta gerritik behera biluzik. Autopsiak berretsi zuen bortxatu egin zutela. BVE Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartu zuen hilketa. 16 urte zituen.

Rueda ospitaleratu zutenean, bi gazteen senideek salaketa jarri zuten, eta etxekoak, lagunak eta bizilagunak Bravoren bila abiatu ziren. Arakatu zuten bidea, baita inguruko auzoak ere, emaitzarik gabe. Biharamunean, 14:30 aldera, Donostiako Radio San Sebastianen esan zuten gaztea bizirik zegoela, lagun baten etxean. Bravoren gurasoek dei bat jaso zuten gero: «Kaixo, ama, ez al nauzu ezagutzen?», esan zien ahots ezezagun batek. Amak aitari pasatu zion telefonoa. «Zure alaba naiz, aitatxo, Amaran nago, Armerien plazan», eta deia moztu zuten.

Espainiako Polizia Nazionalak aurkitu zuen gorpua, 18:00 aldera, bezperan Rueda zaurituta agertu zen lekutik gertu. BVEk bere gain hartu zuen hilketa, eta Rueda ere hiltzearekin mehatxu egin zuen, «ahoa ixten» ez baldin bazuen. Ordutik aurrera, lagunek guardia egin zuten erietxean. Bravoren senideek alabaren arropak eskatu zizkieten poliziei, eta haiek erantzun zieten galduak zituztela.

Bravoren oroigarria, Loiolan, gaur. Andoni Canellada / Foku

Loiola auzoko bizilagunak bilera bat egiten ari ziren gorpua aurkitu zutela jakin zutenean. «Sumindura, amorru eta pena malkoek hartu zituzten han zeudenak», azaltzen du ikerketa batzordeak egindako txostenak. «Ez soilik Loiolan, Euskadi osoan ere gertatzen ari zena» salatzeko asmoz, greba orokorrerako deia egin zuten hurrengo egunerako, maiatzaren 9rako, Donostia aldean. Seiehun pertsonak manifestazio bat egin zuten gero auzoan.

Biharamunean, komunikatu bat atera zuten hainbat eragilek: Andoaingo Ikerketa Batzordea, CNT, Hernaniko Langabeen Batzordea, EMK, PTE, SU, HASI, LKI, EE, LAIA, HB, Kas Emakumeak, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, LAB, EIA, Donostiako Bizilagunen Elkarteen Koordinakundea, Loiolako Ikastola, Donostiako Emakumeen Batzarra eta Loiolako Bizilagunen Elkartea ageri dira dokumentuan. Donostiako Emakumeen Batzarrak idatzitako testu bat irakurri zuten Loiolan egindako bilera batean: «Bortxaketaren arazoa nabarmendu zuten, eta salatu bortxatzaile horien guztien gehiegikeria matxista, eta herriarenganako gorroto faxista, zeina gizatxar horiek bortxatzen dituzten emakumeengan adierazten baita».

Manifestazioa, Maria Jose, gogoan zaitugu lelopean. Javier Gallego

Bilera hartan, erabaki zuten tumulu bat jartzea Bravo hilik aurkitu zuten lekuan, eta hileta kalean egitea; apaizak ezetz esan zien, halere, eta eliza «leporaino» bete zen. Zeremonia hastearekin batera, manifestazio jendetsu bat abiatu zen Donostiako Bulebarretik. 2.000 lagun inguru iritsi ziren Loiolara, eta beste 2.000 elkartu zitzaizkien han. Bi itzuli eman zizkioten auzoari, eta gorpua aurkitu zuten lekura joan ziren. Ikurrin bat eta lore sorta bat utzi zituzten han, eta Eusko gudariak abestu.

Handik itzultzean, poliziek ke poteak jaurti zizkieten manifestariei. «Loiola osoa ke artean bilduta zegoen». Poliziek «basakeriaz» jardun zuten auzoan gauera arte. Hilketa salatzeko manifestazioak egin zituzten Eibarren (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Errenterian (Gipuzkoan) eta Bilbon.

Poliziek gogor erreprimitu zituzten manifestariak hiletaren ondoren. Javier Gallego

Urte hartan bertan, beste emakume baten aurkako hilketa ilun bat gertatu zen, gerra zikinari lotua: Loiun (Bizkaia), lau emakume bortxatu zituzten gizon armatu batzuek, galdeketak egin ostean. Haietako bat hil ere egin zuten: Ana Teresa Barrueta Alvarez; 17 urte zituen.

Gertatutakoak arrasto larriak utzi zizkion Ruedari, Bravoren mutil lagunari, eta zortzi urteren buruan hil egin zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.