Txabi Etxebarrietaren senideek tramiteak hasi dituzte giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortua izan dadin

Familiak dio beren bertsioa balioztatzen duen dokumentazio ofiziala lortu duela. Guardia Zibilak hildako lehen ETAko Kidea izan zen Etxebarrieta.

Txabi Etxebarrietaren omenaldia, hil zuteneko 50. urteurrenean. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 8a
14:12
Entzun

1968ko ekainaren 7an hil zuen Guardia Zibilak Tolosako Benta Haundin Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagia, hark Jose Antonio Pardines guardia zibila hil eta ordu gutxira. Guardia Zibilak hildako lehenengo ETAko kidea izan zen Etxebarrieta . Handik 51 urtera, Etxebarrietaren senideek izapideak hasiko dituzte biktima gisa onartua izan dadin, Jaurlaritzaren motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legearen baitan. Eskaera horren bidez, familiak bi helburu ditu: Txabi Etxebarrietak giza eskubideen urraketa jasan zuela aitortzea eta biktima gisa onartzea.  

Etxebarrietaren sendiak eta Egiari Zor fundazioak nabarmendu dute bi arrazoik bultzatu dituztela Etxebarrietari biktima izaera eskatzeko prozedura hastera. Batetik, familiak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 2016an txosten bat argitaratu zuela  bizitzeko eskubidearen urraketei buruz, Memoriaren Udal Erretratuak, eta hor zalantzak zituela Etxebarrietan hilketaren inguruan. Honako hau jasotzen du txostenak: «Nahikoa argitu gabeko kasua da, eta gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude».

Bertzalde, 50 urtean lehenengoz, familiak dokumentazio ofiziala lortu du, orain arte ezezaguna zena. Familiaren hitzetan, dokumentazioak, kasua argitzen laguntzeaz gain, beren bertsioa defendatzen du: «Txabi menderatu eta armagabetu ondoren, exekutatu egin zutela». Dokumentazio hori aitorpen eskaerarekin batera bidaliko dute Balorazio Batzordeak ikertu eta aztertu dezan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.