Ikasleen itzulerarekin eta hauteskundeekin azkarregi joan nahi izatea leporatu dio EH Bilduk EAJri

Maddalen Iriartek salatu du EAJren erabakien atzean euren kalkulua dagoela eta jeltzaleei hobeto datorkiela uztailean egitea.

Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrera bidean, apirilean. RAUL BOGAJO, FOKU
2020ko maiatzaren 10a
14:49
Entzun

Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia kritiko agertu da IƱigo Urkullu eta EAJ ikasleen itzulerarekin eta hauteskundeekin erakusten ari diren jarrerarekin. Ikasleak bihar zortzi dira eskoletara itzultzekoak, eta Arantxa Tapiak gaur goizean adierazi du berriro "logikoa" litzatekeela hauteskundeak uztailean egitea. Iriartek azkarregi joan nahi izatea leporatu die, eta esan du horren atzean EAJk bozekin egin duen kalkulua dagoela: jeltzaleen intereserako bozak uztailean egitea hobe datorkiela esan du.

Iriartek azaldu duenez, oraindik ikusi egin behar da nola atera konfinamendutik modu arduratsuenean, ez dadin berpiztu pandemia. "Maiatzean, ekainean eta uztailean gauza asko egin ditzakegu irailean bozetara deitzeko ebaluazioa eginda, egoerari nola egingo diogun aurre jakinda", gaineratu du. Esan du, gainera, Urkullu "berandu" ibili zela hauteskundeak bertan behera uzten eta korrika egin nahi dituela orain. "Horregatik gaude lehen fasean zero fasean egon beharrean, baina udalerritik atera ezin, eta horregatik nahi dituzte jarri eskolak berriro martxan", esan du.

Iriarteren arabera, presa hori ez dago justifikatuta, ez bada euren kalkuluengatik, uztailean egitea hobe datorkiela uste dutelako. "Uste dut uztailerako deituko dituztela, eta EH Bildu prest egongo da".

Herritarren arazoei, presazko erantzuna

"Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du enpleguaz hitz egin, eta sindikatuen eta enpresarien arteko akordio bat behar da enpleguak mantentzeko eta kalitatezkoak izateko. 2020ko aurrekontuak ere begiratu behar dira, fiskalitatea eta Europatik etorriko zaizkigun laguntzak", esan du Iriartek. Herritarren, familien, autonomoen, langabeen, enpresa txikien, merkatarien eta abarren arazoei presazko erantzun bat emateko garaia dela esan du.

EH Bilduko lehendakarigaiak adierazi du ezin dela pentsatu hauteskunden ondoren dena berdin izango dela, eta eskatu du krisi hau ez dezatela "betikoek" ordaindu. Iriartek gaineratu du krisi honek hutsune asko utzi dituela agerian, tartean osasun sistemarenak eta Osakidetzarenak. "Inork ez genuen espero hau horrela izatea, baina Osakidetza ez balitz egon berez jada murriztuta eta behin-behineko lanaldiekin pandemiari erakunde indartsuago batetik egin ahal izango genioke aurre".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.