Koronabirusa

Zer egin daiteke «normaltasun berrian»?

Konfinamendutik irtenda, «normaltasun berrian» dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa; maskara, eskuak garbitzea eta distantzia soziala izango dira COVID-19aren aurkako txerto bat aurkitu arteko irizpide nagusiak.

Zarauzko malekoian, talde bat terraza batean.
Zarauzko malekoian, talde bat terraza batean. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko ekainak 22

Alarma egoera ezarri eta hiru hilabetera, ekainaren 21ean amaitu da Hego Euskal Herrian konfinamendua arintzeko hirugarren eta azken fasea. Zenbait irizpide eman dituzte hemendik aurrerako bizimodurako. Ipar Euskal Herrian, ordea, faseak ez dira amaitu; Frantziako Gobernuaren arabera, uztailaren 11n emanen dute bukatutzat osasun larrialdi egoera, eta hortik aitzina, deskonfinamenduaren «azelerazio» bat iragarria dute.

 

 

 

<h2>Dendak, negozioak eta zerbitzuak</h2>

 

 

 

Zer saltoki daude zabalik?

Jada saltoki guztiek zabal dezakete. Nafarroan, txikizkako merkataritzan ezingo da gainditu %75eko edukiera, eta merkataritza zentroetan, %50ekoa. Jaurlaritzak ez du afororik zehaztu, baina bai lokal horietarako jarraibide batzuk: edukiera zein den argi erakustea, jendearen arteko tarte bermatzea eta horretarako espazioak prestatzea; esaterako, irteteko eta sartzeko ateak bereizita. Hala ere, merkataritza guneetarako %60ko gehienezko edukiera jarri du Jaurlaritzak gune komunetan, eta portzentaje bera kaleko merkatuetan; ezingo dituzte jarri lehen jartzen ziren postuen %60 baino gehiago. Hala ere, udalek handitu ahal izango dute merkatu horietarako prestatutako espazio fisikoa. Horietan guztietan, lehentasunezko zerbitzua eman beharko zaie 65 urtetik gorako herritarrei.

Txartel bidezko ordainketa lehenetsita dago?

Jaurlaritzak emandako irizpideek eskatzen dute lehenesteko ordainketa mota hori, txanpon trukea saihesteko.

Eta tabernak eta jatetxeak?

Ostalaritzari dagokionez, lokalen barneko edukiera lehengoaren %75 izango da Nafarroan, eta kontsumitzaileek barran eta mahaietan hartu ahal izango dituzte jan-edanak. Terrazak, berriz, osorik zabaldu ahalko dituzte, baina ezingo dira 25 lagunetik gorako taldeak sortu. Edukiera muga kendu egin du Jaurlaritzak, baina metro eta erdiko tartea bermatu beharko da pertsonen artean.

Diskotekak eta gaueko giroko tabernek ateak ireki ahal izango dituzte, baina mahaiak jarri beharko dituzte, lokal barruan, jendearen arteko distantzia gorde dadin. Gehienez %60 bete ahal izango dira halako lekuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iparraldean, ekainaren 2tik aitzina zabaldu dituzte jatetxe eta ostatuak. Langileek maskara erabili behar dute, eta bezeroek ere bai, ostatu barnean mugituko direlarik. Jatetxeetan, ez dute onartuko hamar lagun baino gehiagoko mahairik, eta mahaien artean metro bateko distantzia errespetatu beharko dute. Aldiz, ostatu barnean zutik kontsumitzea debekatu dute.

Txanda hartu behar da dendetara joateko?

Dendetara joateko, printzipioz, ez. Maiatzaren 4tik 9rako astean ireki zituzten dendetan-eta beharrezkoa zen aurrez txanda hartzea, baina maiatzaren 11tik aurrera ez da derrigorrezkoa. Jatetxeetan, aldiz, hobetsi egingo da txanda hartzea. Edozein moduz, komeni da ziurtatzea negozioa zabalik dagoela eta zerbitzua ematen ari dela, eta jende pilaketa handiak saihesteko eskatu dute beti.

Zinemak, antzokiak, auditoriumak, museoak eta halakoak ireki dituzte?

Nafarroan, %75ekoa izango da gehienezko edukiera zinema aretoetan, antzokietan, zirkuetan, museoetan eta liburutegietan. Gida batekin egindako bisita eta jardueretan, 25 lagun elkartuko dira gehienera. Iparraldean, ekainaren 22tik aurrera ezingo dira 5.000 lagun baino gehiago bildu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, liburutegi publiko eta pribatuek ohiko zerbitzuak eman ahal izango dituzte, baina aretoak ezingo dira bete %60 baino gehiago. Zinemak berriz irekiko dira, Ipar Euskal Herrian, baita opor lekuak eta kasinoak ere.

Hotelak?

Bai. Hotelak, ostatuak, pentsioak, nekazaritza turismoko etxeak... gelak alokatzen hasi ziren maiatzaren 11tik aurrera, eremu komunak zabaldu gabe publikoari. Orain, eremu komunak ere zabalik daude; Jaurlaritzak zehaztu du horietan ere bermatu beharko dela herritarren arteko metro eta erdiko distantzia.

Azokak egin daitezke?

Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia eta segurtasun irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri —maiatzaren 25etik aurrera, postuen herenak jarri ahalko dira—. Eskumena udalek izango dute, eta haiek esku egongo da, adibidez, azokentzako eremua handitzea, postu gehiago jarri ahal izateko, edo ordutegiak arautzea, adibidez azoka bi egunetan edo ordutegi txandetan egiteko. Jakiak eta oinarrizko salgaiak eskaintzen dituzten postuei lehentasuna ematea aholkatu du Espainiako Gobernuak. Bezeroek ezingo dituzte salgaiak ukitu. Jai azokek, ordea, debekatuta jarraituko dute oraingoz. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.

Eta kontzesionarioak eta IATak?

Kontzesionarioak eta IAT ibilgailuaren azterketa teknikoa egiteko guneak ere lanean ari dira, baina aholkatu dute aurrez txanda hartuta joatea. Halere, Hegoaldean, IAT txartelen iraungitze datak bertan behera utzi dituzte urte amaierara arte. Autoak desgaitzeko guneak ere lanean aritu daitezke, beren jarduera osoan; alegia, baita piezak saltzen ere.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?

Baimenduta daude. Nafarroan, ezingo da izurri aurreko edukieraren %50 baino gehiago bete, eta gurtza eremuetan, %75ekoa izango da muga; gauza bera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian, hogei lagun elkartu litezke halakoetarako. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 65 lagun elkartu ahal izango dira leku zabaletan, eta 30 itxietan.

Eta ezkontzak?

Jaurlaritzak azaldu duenez, ezkontzak gurtza eremu batean egiten direnean, jarduera erlijiosoetarako ezarritako gehienezko edukierak eta higiene neurriak mantendu beharko dira; aldiz, ostalaritza lokal batean egiten diren kasuetan, gehienezko edukiera eremu horietarako ezarritakoa izango da.

Eta mendekotasunen bat dutenentzako zerbitzuak?

Maiatzaren 11tik aurrera berriro martxan jarriko dira mendekotasunak edo elbarritasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak, pixkanaka.

Nork kontrolatuko du zenbat jende sartzen den leku bakoitzean?

Denda, ostatu edo negozio bakoitzaren jabeak jarri beharko ditu baliabideak, bere lokalaren edukiera gainditu ez dadin, eta bezeroei txartelen bidez-eta jakinarazi beharko diete zenbat jende sar daitekeen gehienez leku bakoitzean.

Noiz hasiko dira liga profesionalak Hegoaldean?

Sasoiak bertan behera utzi dituzte liga askok. Gizonezkoen futbol profesionalak ekainaren 11n berrekin dio txapelketari. Emakumeena amaitutzat eman zuten.

Zer ezingo da egin uztailaren 11ra arte Ipar Euskal Herrian?

Kirol estadioak, hipodromoak, kontzertu gelak irekitzen hasiko dira egun horretan, betiere, gehienez 5.000 pertsonako kopuruarekin. Jende gehiagoko ekitaldiak iraila arte debekatuak dira. Dantzalekuak ere itxiak egonen dira ordu arte.

 

Joan-etorriak eta bizitza soziala

 

Dokumenturik behar al da lanera joateko?

Mugikortasuna librea da ekainaren 21etik; Euskal Herri osoan ibil daitezke herritarrak, muga fisikorik, ordutegirik eta adinaren araberakorik gabe.

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da?

Leku itxietan nahitaezkoa da sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabiltzea, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak, 6 urtetik gorako pertsonentzat. Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartzen. Espazio publikoan ere derrigorrezkoa izango da, ezin bada bermatu jendearen arteko bi metroko distantzia.

Betebehar hori ez zaie eskatuko arnas zailtasunen bat dutenei eta maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jarduerak egiten ari direnei (adibidez, elikagaiak eta edariak hartzea; korrika egitea eta bizikletan ibiltzea), edo ezinbesteko arrazoiengatik edo premia egoeragatik.

Zer baldintza daude jarduera fisikoa egiteko?

Nafarroan, kirola ere egin ahal izango da taldean; kalean, ezingo dira 25 pertsona baino gehiago elkartu, eta leku itxietan denean, horien edukiera %75 izango da gehienez. Materiala ezingo da konpartitu, eta eremu komunetan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Edukiera bera izango da igerilekuetan, eta aurrerantzean ez da txandarik hartu beharko, baina lekua egokitu beharko da jendearen arteko distantzia ziurtatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 30 lagun elkartu daitezke kirola egiteko, aire zabalean eta kontaktu fisikorik gabe. Leku itxiak, berriz, gehienez %60 bete ahal izango dira. Ipar Euskal Herrian, talde kiroletan aritzeko baimena ere eman dute, baina oraingoz kontaktu kirolak debekatuak dira.

Eta mendira joan liteke?

Bai; konfinamenduaren hasieran, mugak zeuden kilometro batetik harago aldentzeko, baina jada libre joan daiteke mendira.

Jarduera horietarako ordutegiak indarrean al daude Hegoaldean?

Ez. Bigarren fasean, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi zituen jarduera fisikoa egiteko ezarritako ordutegiak, udalerriaren tamaina edozein dela ere.

Etxe barruan hartu-eman sozialak onartuta daude?

Lehen fasea estreinatzearekin batera polemika edo zalantza gehien sortu zuen galdera izan da etxe barruko bilkurei buruzkoa; Espainiako Gobernuak orokorrean onartu egin zituen hamar lagun arteko bilkurak, horiek non ziren zehaztu gabe. Irizpide horri jarraitu zion Nafarroako Gobernuak, baina aukera hori murriztu zuen Jaurlaritzak, eta etxe barruko hartu-eman sozialak debekatu zituen. Aurrerantzean, ordea, baimenduta daude etxe barruko hartu-eman sozialak.

Senideak bisitatzera joan daiteke?

Bai.

Eta elkarte gastronomikoak ireki daitezke?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ireki daitezke, ostalaritzaren muga berberekin; gehienez lehengo edukieraren %50 beteta. Nafarroan, %75ekoa izango da edukiera.

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?

Bai; libre da mugitzea.

Eta hondartzara?

Baimenduta dago hondartzetako joan-etorria eta egonaldia, bai eta kirol, lanbide edo jolas jarduerak egitea ere. Banaka eta kontaktu fisikorik gabe egin daitezke, eta parte hartzaileen artean gutxienez bi metroko distantzia eta gehienez hamabost pertsonako taldeen arteko distantzia mantentzea zainduz. Objektu pertsonalak, eskuoihalak, etzateko aulkiak eta antzeko elementuak beste erabiltzaile batzuekiko bi metroko segurtasun perimetroa bermatzeko moduan kokatuko dira, elkarrekin bizi diren bainularien kasuan izan ezik.
Aisialdiko bainuak baimenduko dira, baita eguzkia modu estatikoan hartzea ere, baldin eta hondartzako araudiak baimentzen baditu.

Ekitaldi kulturalak egin litezke aire zabalean?

Kanpoaldean eginiko jardueretarako, %75eko edukiera ezarri dute Nafarroan. %60koa da muga hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, lau probintzietan, ezingo dira mila pertsona baino gehiago elkartu.

Bisitak egin litezke zahar etxeetan?

Nafarroan, adinekoen eguneko zentroetan, berriro hasiko dira lanean, edukieraren %75 gainditu gabe. Erretiratuen klubak ere berriro zabaldu ahalko dira, %75eko edukieratik behera betiere. Zahar etxeetan, bisitak eta irteerak baimentzen jarraituko dute, baina irteera horiek modu progresiboan antolatu beharko dituzte. Haur eskola pribatuak %75eko edukiera beteta zabaldu ahal izango dira, ratioak mugatuta.

Eta ehiza eta arrantza?

Arrantzarako, Jaurlaritzaren muga bakarra da distantzia gordetzea. Ehiza taldean egiten bada, arduraun bat egon beharko da, eta jarduera plan bat eduki beharko dute, bakoitzak bere tresnak erabili beharko ditu, ondoren desinfektatu, eta abar.

 

 

 

 

<h2>Garraioa</h2>

 

 

 

Zeintzuk dira auto batean joateko baldintzak?

Ibilgailu pribatuetan, eserleku guztiak bete daitezke; gauza bera garraio publikoan. Bi kasuetan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, salbuespen batekin; ibilgailuan doazen guztiak etxe berean bizitzea.

Zenbat lagun joan daitezke motorrean?

Bi, biek kasko integrala edo maskara badaramate edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.

 

 

 

<h2>Hezkuntza</h2>

 

 

 

Egin ahal izango da umeentzako jarduerarik?

Nafarroan, baimenduta egongo da haurren aisialdirako jarduerak antolatzea, ohiko taldeen %75ek eta gehienez 250 umek parte hartuta; leku itxietan bada, edukiera %50era murriztu beharko da, eta 150 haur batu ahalko dira asko jota. Gainera, debekatuta egongo dira haur eta nerabeen taldekako kanpaldiak eta gaua etxetik kanpo igarotzea eragiten duten irteerak.

Ikasleak ikasgeletara itzuliko dira kurtso honetan?

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, babes neurriak arinduko dituzte, eta ikasle guziak ikasgeletara itzultzera deituak dira. Errealki, ez da hala izanen hala ere. Irakasle zaurgarriek debekatua dute lanera itzultzea, eta araberan antolatu beharko dute ikastetxeek. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi du ikastoletako irakasleen %20 direla kasu horretan, eta, beraz, «ezinezkoa» zaiela ikasle guziak denbora osoz hartzea.

 

Parkeak zabaldu daitezke?

Haurrentzako parkeak, kirol instalazioak eta erabilera publikoko aire zabaleko eremuak zabaldu daitezke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; gutxi gorabeherako edukia pertsona batekoa izan beharko da lau metro koadroko. Udalei dagokie eremu bakoitza garbitasun eta higiene baldintzetan mantentzea.

Autoeskolak, euskaltegiak eta bestelako hezkuntza jarduerak egin ahal daitezke aurrez aurre?

Akademia, euskaltegi, arautu gabeko hezkuntza zentro, autoeskola eta abarrek eskolak eman ditzakete aurrez aurre, ikasleen artean metro eta erdiko distantzia gordeta eta gehienez 25 pertsona elkartuta. Ibilgailuak erabili behar diren kasuetan, derrigorrezkoa da irakasleak eta ikasleak maskara erabiltzea

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Zarauzko (Gipuzkoa) hondartz, ekainean. ©Juan Carlos Ruiz / FOKU

Zarauzko Talai Mendi kanpinean PCR probak egiten dabiltza, bezero ohi batek positibo eman ostean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Langileei PCR probak egin dizkiete, eta etxera bidali dituzte. Bezero batzuei ere egin dizkiete probak. Emaitzak jaso bitartean, kanpinera ezin da inor sartu eta bertatik irten.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Joxerra Senar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. ©Jon Urbe / Foku

80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Edu Lartzanguren

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza batez

Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez

Edu Lartzanguren

Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna