Espetxeetarako deskonfinamendu plan bat exijitu dute hainbat erakundek

Hirugarren graduak berrezartzea eta gaixotasun kronikoren bat duten presoei eta 65 urtetik gorakoei etxeko atxilotze erregimenak ezartzea eskatu dute. Sinatzaileen artean daude Etxerat, Salhaketa, Altsasu Gurasoak eta Sare.

Zaballa espetxea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
2020ko maiatzaren 12a
21:04
Entzun

Espetxeetan konfinamendutik ateratzeko premiazko plan bat exijitu diote giza eskubideen aldeko hainbat plataformak Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari, COVID-19ren testuinguruan Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko espetxeetan deseskalatzeko proposamenak testuaren bidez. Sinatzaileen artean daude Sare, Etxerat, Salhaketa eta Altsasu Gurasoak. Horien esanetan, «beharrezkoa da neurriak hartzea kartzeletan konfnamendua kentzeko eta normaltasunera itzultzeko».

Erakundeek salatu dute konfinamendua leuntzeko hartutako erabakien artean Espainiako Gobernuak ez duela hartu espetxeei begirako erabakirik. Horregatik, hainbat proposamen egin dituzte: besteak beste, telematikoki, telefonoz edo aurrez aurre kontrolatutako hirugarren graduak ezartzea, «espetxeetako populazioa murrizteko». Haien esanetan, orain arte neurri hori «modu eraginkorrean aplikatu da» eta «emaitza onak» eman ditu: «Bai espetxeetako administrazioarentzat, bai askatasunik gabe dauden pertsonentzat eta haien familientzat». Horregatik, eskatu dute hirugarren gradua emateko zigor laburrak dituzten presoei, zigorraren hiru laurden bete dituztenei, eta COVID-19ak eragindako egoeraren aurretik baimenak izan zituztenei.

Era berean, «askatasuna edo erdi askatasuna ardatz», 65 urtetik gorako presoei eta gaixotasun kronikoren bat dutenei etxeko atxilotze erregimena ezartzeko exijitu dute, aurrez Espainiako Kongresuko ordezkaritza zabal batek egin bezala. Berdin haurdun diren edo espetxean haurrak dituzten emakumeekin.

Horrez gain, «espetxeetako bizitza normalizatzeko prozesua» hasteko eskatu dute. Horretarako, presoek bisitak jasotzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dute, baita senideekin bideo deiak egiteko baimenak mantentzea ere. Bisitak errazteko, presoak lekualdatzeko baimena ematea eta polizien arteko koordinazioa exijitu dituzte, «bisitetara joaten diren pertsonek inolako zigorrik jaso ez dezaten».

Presoen gizarteratzea helburu duten tratamendu eta prestakuntza jarduerei berrekiteko exijitu dute: «Tratamendu batzarrak egiteko legezko erritmoa berreskuratzea, eta, horrekin batera, presoen sailkapenari, baimenak emateari eta programatutako irteerak egiteari buruzko erabakiak hartzea». COVID-19aren eraginez egin ezin izan diren jarduerak konpentsatzeko neurriak aztertzeko ere eskatu dute.

Sare, Etxerat, Salhaketa eta Altsasu Gurasoak plataformez gain, sinatzaileen artean daude Red Juridica, Abokatu Askeen Elkartea, Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkartea, Zaragozako M-15 Eskubide Zibilen Taldea, Oteando eta Bartzelonako Zigor Sistemaren eta Giza Eskubideen Behatokia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.