Ekainaren 7ra arte luzatu dute alarma egoera

EAJren eta Ciudadanosen aldeko botoak erabakigarriak  izan dira luzapena aurrera ateratzeko. EH Bildu abstenitu egin da, PSOErekin eta Unidas Podemosekin akordioa izenpetu duelako: 2012ko lan erreforma baliogabetzeko eta udalentzat zein gobernuentzat finantzaketa arauak malgutzeko konpromisoa hartu dute..

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur. BALLESTEROS / EFE
joxerra senar
2020ko maiatzaren 20a
15:26
Entzun

Bosgarren aldiz, aurrera atera da alarma egoera Espainiako Kongresuan. Zortziak pasatxo zirela bozkatu dute, eta emaitza estua izan da. PSOEk eta Unidas Podemosek EAJren eta Ciudadanosen sostengua lortu dute, beste talde txikiagoekin bater —tartean, Mas Pais, Teruel Existe eta Coalicion Canaria—. EH Bildu abstenitu egin da, eta ERCek aurka bozkatu du. Guztira, 177 alde, 11 abstentzio eta 162 boto aurka.

Sanchezen arabera, alarma egoeraren luzapen berri honek bestelako ezaugarriak izango ditu. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak izango du aginte bakarra: hura izango da erreferente nagusia. Haren lantaldea «erkidegoekin batera elkarlanean arituko da», gobernantza delakoa partekatuz. Sanchezen arabera, erkidegoek osasunaren oinarrizko arretan erabaki ahalmena berreskuratuko dute.

EAJko Aitor Estebanek harmailatik hitz egin du. Esan du gobernua egokituz joan dela EAJren proposamenetara. Estebanen ustez, elkarrizketan sakondu ahala, gobernantza badabil eta erkidegoetako presidenteei dagokie akordioak gauzatzea. Estebanek zehaztu du hirugarren fasea pasatuta alarma egoera gaindituko dela, beste lurraldeak beste fase batean ote dauden aintzat hartu gabe. Halaber, uste du norabide onean egindako aldaketa bat dela Osasun ministroak hartzea aginte bakarra.

Osasun arloko legeak aldatzeko Sanchezek egindako proposamenaren harira, Estebanen ustez, jada badago koordinazio bat, eta ez daki nondik nora egin nahi diren aldaketak edo beharrezkoak diren lege moldaketak. Susmatzen du birzentralizaziorako balia daitekeela, eta ohartarazi du EAJ kasu horretan kontra egongo dela argi eta garbi.

EH Bilduren ohartarazpena eta akordioa

ERCren antzera, EH Bilduk kezkaz hartu du Madrilgo gobernuak berriro Ciudadanosen babesa behar izatea. EH Bilduk ohartarazi dio legealdian aurrera egiteko akordioa ezkerreko gehiengoaren bidetik edo eskuinetik soilik etor daitekeela. «Badakigu lehengoa hautatuz gero bidea egin dezakezula, baina bigarrena hautatuz gero babesa galduko duzu, eta bide motza izango duzu».

Inbestiduraren hitzaldia gogoan, Aizpuruak eskatu dio lan erreforma indargabetzeko. «Hainbeste urtez langileei kendu zaizkien eskubideak berreskuratu ditzaten eta babestuago egon daitezen COVID-19aren ondorioei aurre egiteko». EH Bilduk ongietorria egin dio alarma egoeraren luzapen honetan erkidegoekin koordinazioan aritzeko eta gobernantza partekatuaren alde egindako aldaketari. «Deitoratzen dugu bi hilabete behar izatea ulertu ahal izateko ezen koordinazioa ez dela menpekotasuna eta bestela egin daitezkeela. Ez dakigu erabat ulertu duzuen, baina baloratzen dugu urrats hori egitea».

Bozketa amaituta, EH Bilduk ohar bidez botoaren zentzua azaldu du, eta zehaztu PSOErekin eta Unidas Podemosekin akordioa lortu duela. Alde batetik, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurri sozialak amaitu aurretik 2012ko lan erreforma indargabetzeko asmoa azaldu dute. Bestalde, gobernuek, diputazioek eta udalek zorpetze bidez gastu ahalmena handitzeko aukera izango dute, eta finantza arauak malgutzeko prest dago Madrilgo gobernua, diru hori helburu sozialetara bideratu dadin. Horri lotuta, udalek helburu sozialetarako jartzen duten dirua ez da gastu arau gisa kontabilizatuko. Gainera, hiru indarrek hitzartu dute bai EAEk eta bai Nafarroako foru erkidegoak zorpetzeko ahalmena «soilik euren finantza egoeraren arabera ezartzea», Espainiakoa kontuan hartu gabe. 

PP: «Kaosa zu zara»

Bost eztabaida eta antzeko argudioak. Tonu gogorra erabili du PPko buruzagiak, Pablo Casadok. «Kaosa zu zara». Espainia hondamendira eramatea leporatu dio Pedro Sanchezi, Espainiako gobernuburuari. PPko eledunaren arabera, asteotan herritarrek ezin izan dute euren hildako senidekoekin egon, baina «IUko buruzagiaren hileta baimendu du gobernuak»; edo, Patxi Ruizen egoera dela-eta, «ETAko presoen aldeko akelarreak utzi ditu» . Haren irudiko, krisi ekonomiko handia dator eta Europak erreskatatuko du Espainia. «Gauza da noiz egin beharko dituzun murrizketak ongizate estatuan» . Hitzaldiaren amaieran, Casadok adierazi du alarma egoera luza daitekeela osasun arloko legedi arruntak aldatuta. Sanchezek onartu du lege horiek aldatuko dituela baina alarma egoera dela «alternatiba bakarra».

Aurrekoetan bezala, Pedro Sanchezek adierazi du “Konstituzioan jasotako erreminta” dela alarma egoera, eta legezkoa dela. Aldiz, aurrekoetan ez bezala, Espainiako agintariak sakonago erantzun die Pablo Casado PPko agintarien esanei. Sanchezek leporatu dio ardura gabe jokatzea. «Batasunaren eta eskuin muturraren artean, eskuin muturra aukeratu duzu». Estatuko Abokatuaren arabera, «alternatiba juridiko bakarra» da alarma egoera, eta Sanchezi harrigarri egiten zaio PPk hori aintzat ez hartzea.

ERCren kritika

ERCko Gabriel Rufianek ohartarazpen garbia igorri dio Espainiako Gobernuari. Haren irudiko, Pedro Sanchezen inbestiduraren izpiritua «aurretik» joan daiteke. «Arriskutsuena da eskuinari aukerak eman dizkiozuela partida hau irabaz dezan». Gobernuari leporatu dio negoziazio politikoari begira, ez duela hitz egiteko borondaterik. «Negoziazioak ez dira lortzen itxaroten, lan egiten baizik. Geometria aldakorrean zabiltzatela diozue, baina gezurrezko axiomak erabiliz. Edo ni, edo ezer ez. Xantaiaren jokoan ari zarete, baina hori egun batean amaitu egiten da». Gauerdira arte egon dira negoziatzen eta ERCk bost proposamen egin ditu, baina, guztiek ezezkoa jaso dutela-eta, haserre azaldu da Rufian.

Sanchezek erantzun du «inbestidurako konpromisoei eusten» diela. «Balio handia ematen diot ERCrekin dugun elkarrizketari eta lau urte ditugu aurretik».

Zentroaren irudia ematen ahalegindu da Ciudadanoseko Edmundo Bal, eta kritikatu egin du alde batekoen eta bestekoen muturreko jarrera. «Alarma egoera beste bi astez luzatzera gatoz, ez gehiago ez gutxiago». Sanchezi ohartarazi dio ez diola baiezkoa ematen gobernuari: «Lor ezazu akordioa, eta ez erratu. Ez xantaiarik egin. Ez esan aurrera atera ezean eskubideak galduko direla». Era berean, esan dio ez dela bazkide berri bat, baizik eta besteek alboratua utzi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.