Espainiako lan erreforma

Otegi: «Inork ez du eskubiderik piztutako ilusioa zapuzteko»

Lan erreforma «oso-osorik» bertan behera uzteko konpromisoa aldatu dute sozialistek, eta hiru puntura mugatu dute. Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde eta Unidas Podemoseko buruak esan du akordioa atzo arratsaldekoa dela eta akordioak betetzeko daudela.

Arnaldo Otegi, EH Bilduk, PSOEk eta UPk eginiko akordioaren balorazioa egiten. JUAN HERRERO, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Joxerra Senar - Jon O. Urain
2020ko maiatzaren 21a
07:53
Entzun

Bart gauerdian PSOEk ñabartu egin du atzo Unidas Podemosekin eta EH Bildurekin sinatu zuen akordioa, eta EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi hitzarmenaz eta ondorengo ñabarduraz mintzatu da. Nabarmendu du atzo «albiste on bat» eman zietela «Espainiako Estatuko langileriari eta Euskal Herrikoari». Itunak «sekulako garrantzia» du, Otegiren hitzetan: «Akordio politiko bat sinatu genuen, eta, horren atzean, hainbat herritarren xedea zegoen jasota. Atzo, bat egin genuen greba orokorrak egin dituztenekin, bat egin genuen herriarekin. Atzo, politikak bat egin zuen jendearen interesarekin. Hori askotan gertatzen da EH Bildu tartean dagoenean».

Dena dela, Otegik erantzun du EH Bilduk «printzipioak» dituela eta euskal herritarrek, hitza ematen dutenean, bete egiten dutela:  «Adosten dena bete egiten da. Akordioa sinatuta dago. Akordio honek ilusioa piztu zuen atzo, eta akordio honetarako lan handia egin dugu. Akordioak esaten duena esaten du, hitzez hitz». Ildo horretan, ohartarazi du «inork» ez duela eskubiderik «atzo piztutako ilusioa zapuzteko. EH Bilduk lanean jarraituko du atzo sinatutakoa kunplitzeko».

Azaldu duenez, lan erreforma erabat baliogabetzeko xehetasuna EH Bilduren eskariz jaso zuten dokumentuan, eta ohartarazi du EH Bilduk ez duela babestuko itun moldatu bat: «Hemen akordio bat dago, eta akordioa hau da. Gero bakoitzak egin dezake nahi duen interpretazioa, baina honek esaten du esaten duena. Orain akordioa martxan jarri behar da, garatu. Gai izan beharko genuke horretarako. Ez gara gu azalpenak eman behar dituztenak. Azalpenak langileriari eta herriei eman behar zaizkie».

Goizean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak RNE Espainiako irratian esan du akordioa indarrean dagoela eta ez duela baliorik galdu. «Ñabardurak akordioaren esparrua murrizteko nahia izan dezake, baina akordio bat dugu», gaineratu du. Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde eta Unidas Podemoseko burua zorrotzagoa izan da Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan, eta esan du sinatutako akordioa atzo arratsaldekoa dela, lan erreforma osorik bertan behera uzteko konpromisoa adierazten zuena, eta akordioak betetzeko daudela.

PSOEk gauerdian zehaztu du ez dutela PPren lan erreforma oso-osorik utziko bertan behera, atzoko akordioan sinatu zuten moduan, baizik eta hiru puntu soilik. Aizpuruari 08:10ean egin diote elkarrizketa RNEn, eta ontzat jo du akordioa «argitzea»; haren hitzetan, horrek esan nahi duelako akordioa «serioa» dela eta sinesgarritasuna duela. Elkarrizketa horretan, EH Bilduko Kongresuko bozeramaileak gogoratu du krisi ekonomiko «gordin» bat datorrela, eta azpimarratu du alarma egoera amaitu bezain laster horri aurre egin behar zaiola. «Badakigu lan erreforma bat ezin dela utzi bertan behera une batetik bestera, lan harremanei marko bat jartzen dion eskema bat dago, eta aldatu beharreko elementuak zehazten baditugu, bikain. [PSOEren ñabardura] Gehiago da azaleko kontu bat, mamiari dagokiona baino», esan du RNEn.

Aizpuruak azaldu du akordioa atzo goizean adostu zutela eta erabaki zutela Kongresuko plenoaren ondoren ezagutaraztea, arreta plenoan izan zedin. Ezkutuan aritu zirela ukatu du. Sinadurak egunean zehar bildu zituztela ere esan du. Pedro Sanchez Espainiako presidentea jakinaren gainean ote zegoen galdetuta, Aizpuruak erantzun du berak ez dakiela hori, PSOEren kontua dela, baina Adriana Lastrak sinatuta dagoela. EH Bilduk ere gauerdian izan zuen PSOEk egin duen ñabarduraren berri.

Aldaketa, hiru puntutan

Jatorrizko akordioan Espainiako Lan Erreforma osorik bertan behera uztea eta udal eta gobernuei finantza arauak malgutzea adostu zuten hiru alderdiek, eta, horren, truke EH Bildu abstenitu egin zen Kongresuan alarma egoera hamabost egunez luzatzeko bozketan. EH Bilduren abstentzioaren berri eman zuen Pedro Sanchezek Kongresuan, eta baldintzaren berri eman zuen Mertxe Aizpuruak. Ondoren eman zuen ezagutzera koalizioa abertzaleak akordioa. Gauerdian, baina, PSOEk lehen puntua aldatu du, eta zehaztu du ez duela lan erreforma osorik utziko bertan behera, akordioan hala jasotzen bada ere, baizik eta hiru puntu soilik.

Atzoko akordioak propio jasotzen zuen lan erreforma «oso-osorik» bertan behera uzteko konpromisoa. Hala zioen, hitzez hitz: «PPk 2012an martxan jarritako Lan Erreforma oso-osorik indargabetzeko konpromisoa hartzen dute akordio hau izenpetu duten indar politikoek. COVID-19ari lotutako krisiaren harira ekonomia eta lan alorrean hartu beharreko ezohiko neurrien ezarpena amaitu aurretik gauzatu beharko du indargabetzea Espainiako Gobernuak, 2012ko Lan Erreforma bertan behera utzita». Akordioa Adriana Lastra PSOEkoak, Pablo Echenique Unidas Podemosekoak eta Mertxe Aizpurua EH Bildukoak sinatu zuten. Handik hiru ordura aldatu zuen PSOEk, ordea.

PSOEk gauerdian zabaldu duen oharrean dio lan erreformaren hiru puntu aldatuko dituela: gaixotasunagatik lanera joaten ez direnak kaleratzeko aukerari dagokiona, hitzarmen kolektiboaren denbora mugei dagokiona eta enpresa hitzarmenek kolektiboekiko duten lehentasunari dagokiona. Hiru puntu horietako bat, gainera, otsailean onartu zuen Kongresuak bertan behera uztea. Hirugarren puntuari dagokion aldaketa, berriz, PSOEren eta Unidas Podemosen akordio programatikoan jasota dago.

Alarma egoera hamabost egunez luzatu da

Modu horretan bosgarren aldiz aurrera atera da alarma egoerari buruzko erabakia Espainiako Kongresuan. Bozkatu den aldiro, gero eta kontrako boto gehiago bildu dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek, eta, ondorioz, zailtzen ari zaie alarma egoera berriro luzatu ahal izatea. Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiok gutxiengoan izaki, oreka jokoa egin behar izan dute oraingoan ere, eta, azken bi bozketatan bezala, EAJren eta Ciudadanosen baiezko botoak erabakigarriak izan dira: 177 alde, 162 kontra eta 11 abstentzio. Jeltzaleek deritzote Madrilgo gobernuak norabide egokia hartu duela. Ciudadanosek, berriz, PPren eta Voxen aldean, tonu apalagoa hartu du. EH BIldu kezkatuta azaldu da horregatik hasieran, baina abstenitu egin da azkenean, eta gerora eman du PSOErekin eta Unidas Podemosekin egindako akordioaren berri. Ekainaren 7ra luzatu da alarma egoera, eta Salvador Illa Osasun ministroak izango du aginte bakarra.

Atzoko hitzaldian Sanchezek, hain zuzen, nabarmendu zuen luzapen berri horrek bestelako ezaugarriak izango dituela. Batetik, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa izango da erreferente nagusia. Haren lantaldea «erkidegoekin batera elkarlanean arituko da», gobernantza delakoa partekatuz. Bestetik, Sanchezen arabera, erkidegoek osasunaren oinarrizko arretan erabaki ahalmena berreskuratuko dute.

EAJko Aitor Estebanen hitzetan, alarma egoera bakoitza luzatu ahala gobernua egokituz joan da jeltzaleek egindako proposamenetara. «Elkarrizketa eta lankidetza badago, eta hasieran egindako proposamenak aintzat hartuz gero, alarma egoerak funtziona dezake». Estebanek ontzat jo zuen Madrilgo gobernuak aurrera egitea gobernantza partekatua delakoan, eta erkidegoetako gobernuen eskutik joatea, horiek «errealitatea hobeto ezagutzen dutelako». Estebanek ulergarritzat jo zuen, hirugarren fasea pasatuta, alarma egoera gainditzea, beste erkidegoak zer beste fasetan dauden aintzat hartu gabe. Halaber, uste du norabide onean egindako aldaketa dela Illak hartzea aginte bakarra.

Nahiz eta Pedro Sanchezek behin eta berriz nabarmendu alarma egoera erreminta juridiko bakarra dela, osasun arloko legeak aldatzeko prest azaldu zen. Horren harira, Estebanek zalantzak agertu zituen. Ez daki nondik nora jo nahi duen Madrilek eta beharrezkoa ote den horretan sartzea. EAJk susmatzen du birzentralizaziorako baliatu daitekeela aukera, eta, horregatik, ohartarazi dio kasu horretan kontra egongo dela argi eta garbi.

EH Bilduren ohartarazpena

EH Bilduk kezkaz ikusi du Espainiako Gobernuak berriro Ciudadanosen babesa behar izatea. Mertxe Aizpurua diputatuak ohartarazi zion Sanchezi legealdian aurrera egiteko akordioa ezkerreko gehiengoaren bidetik edo eskuinetik soilik etor daitekeela. «Badakigu lehenengoa hautatuz gero bidea egin dezakezula, baina, bigarrena hautatuz gero, babesa galduko duzu, eta bide motza izango duzu». Aizpuruak eskatu zion lan erreforma indargabetzeko. «Hainbeste urtez langileei kendu zaizkien eskubideak berreskuratu ditzaten eta babestuago egon daitezen COVID-19aren ondorioei aurre egiteko». Hala ere, ontzat jo zuen haien jarrera. «Deitoratzen dugu bi hilabete behar izatea ulertzeko koordinazioa ez dela mendekotasuna. Ez dakigu erabat ulertu duzuen, baina balioa ematen diogu urrats hori egiteari».

Nahasmena egon zen EH Bilduren botoari buruz. Aizpuruak ez zuen aurreratu zein izango zen, baina Sanchezek abstenitu egingo zirela ulertu zuenez, Aizpuruak ere ondorioztatu zuen Espainiako Gobernuak lan erreforma baliogabetzeko konpromisoa duela. «Aizpurua anderea, kritikatu nazazu nahi duzuna, baina ez dugu bazkidez aldatu».

Bozketa amaituta, EH Bilduk ohar batean azaldu zuen bere botoa, eta zehaztu zuen PSOErekin eta Unidas Podemosekin akordioa lortu duela. Alde batetik, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurri sozialak eta ekonomikoak amaitu aurretik 2012ko lan erreforma indargabetzeko asmoa azaldu zuten, gero PSOEk ñabartu duena.

Bestetik, gobernuek, diputazioek eta udalek zorpetze bidez gastu ahalmena handitzeko aukera izango dute, eta finantza arauak malgutzeko prest dago Madrilgo gobernua, diru hori helburu sozialetara bideratu dadin. Horri lotuta, udalek helburu sozialetara bideratzen duten dirua ez da gastu arau gisa kontabilizatuko. Gainera, hiru indarrek hitzartu dute bai EAEk eta bai Nafarroako Foru Komunitateak zorpetzeko ahalmena «soilik euren finantza egoeraren arabera ezartzea», Espainiakoa kontuan hartu gabe.

Aizpuruak berak ondoren egin zuen balorazioa (ñabarduraren aurretik), Twitter sare sozialean: «Sinatutako akordioak Euskal Herriko gehiengo sozialaren eta langileriaren bizi baldintzak hobetzeko larrialdiko neurriak hartzea du jomuga». Zortzi urtez langileei «ebatsi» dizkieten eskubideak berreskuratzen hasteko pausotzat jo zuen, eta «garaipen txiki» bat izan dela erantsi zuen. Nabarmendu zuen aldeek «diskrezioz eta zuhurtziaz, hordago publikorik bota gabe», hitz egin, eztabaidatu eta adostu dutela akordioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.