Espetxeak

Presoak euskal espetxeetara ekartzeko eskatu dio Jaurlaritzak Madrili

Koronabirusarekin loturiko osasun arrazoiak argudiatu ditu Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusia. JUANAN RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 26a
10:56
Entzun

Euskal Herritik urruti dauden espetxeetan preso dauzkaten 330 euskal herritar euskal kartzeletara lekualdatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, idatziz, Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkaritza nagusiaren bidez. Koronabirusaren izurriak eragindako «errealitate berria» aipatu du Jonan Fernandez saileko idazkari nagusiak, eta nabarmendu du egoerak hurrengo urte eta erdian ere iraungo duela ziurrenera.

«Astero, 300 familiak edo espetxeraturiko pertsona horien gertukoek estatu osoan bidaiatu behar dute, bisitatzeko eskubideaz gozatzeko». Hori egoera normal batean ere «eztabaidagarria» litzatekeela adierazi du idazkariak; «orain, pandemia eta pandemia osteko testuinguru batean, erabat baztergarria da osasun publikoaren ikuspuntutik».

Fernandezek nabarmendu du ez dutela planteatu «ETAko presoen kasua» bakarrik, baizik eta edozein presoarena. «Logikoa da preso bakoitza erkidego autonomoaren espetxe batean egotea, beharrezkoak ez diren bidaia luzeak saihesteko, zeinek kutsatzeko arriskua handitzen duten hainbat erkide autonomoetan, geografia osoan». Horregatik, EAEren kasuan, presoak Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Donostia) eta Zaballako (Araba) kartzeletara ekartzeko eskatu du.

EH Bilduk «ongietorria» egin dio proposamenari

EH Bilduk «ongietorria» egin dio Jaurlaritzaren proposamenari, «berandu» datorrela uste badu ere, eta esan du ekinbidea «gertaera zehatzekin batera iristea» espero duela. Azken asteetan izandako antzeko eskaerak gogoratu ditu EH Bilduk. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko eledunari «euskal presoen auzia konpontzeko» proposamen «garrantzitsua» iruditu zaio, eta uste du urruntzearen amaierak «erraztuko» lukeela presoen «gizarteratzea». Etxerat-ek «ongi» deritzo eskaerari. «Euskal gizarteak eskatzen du presoak Euskal Herriratzea. Ea behingoz premiaz gauzatzen den, ezinbestean eta berehala». Sarek esan du «positiboa» dela proposamena, «baina berandu egindakoa». Coviteren iritzian, EPPKren espetxe politika bera planteatu du Jaurlaritzak; hots, «presoei aurrez ez die terrorismoa eta indarkeria errefusatzeko eskatu». Carlos Iturgaiz EAEko PPren lehendakarigaiak ere baztertu egin du proposamena.

COVID-19a dela eta, duela bi aste Espainiako Kongresuko Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya, EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis taldeek Espainiako Gobernuari eskatu zioten pandemiagatik aske uzteko 65 urtetik gorako presoak, gaixorik daudenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak. Orain dela hilabete bat, Sarek, Etxerat-ek, Salhaketak eta estatuko hamar elkarte sozialek Barne Ministerioari eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari ere galdegin zieten libre utz ditzatela larri gaixorik dauden presoak, 70 urtetik gorakoak eta haurdun daudenak. Lehengo astean nazioarteko komunitateko ehun eragilek Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zieten koronabirusa dela-eta euskal presorik zaurgarrienak askatzeko eta batzuk baldintzapean libre uzteko, eta, halaber, ohartarazi zieten «bake prozesua osatu gabe» dagoela. Europako Parlamentuan ere izan da preso zaurgarrienak askatzeko eskaerarik.

Sareren eta Etxerat-en eskaerak

Sare eta Etxerat elkarteek agerraldia egin dute gaur goizean, lau eskaera egiteko euskal presoen inguruan. Izurriaren eta larrialdi egoeraren harira espetxeetako egoera «gogortu» egin dela eta, horrek hainbat kasutan «muturreko egoeretaraino» eraman du presoen eta haien senideen egoera. Beatriz Etxeberria eta haren alaba Iratiren egoera jarri du adibide gisa: haurrak bi urte baino ez ditu, eta amarengandik bananduta egon behar izan du. Kartzelan buruko isuria pairatu duen Julen Atxurra Egurrolaren eta gose greban dagoen Patxi Ruizen kasuak ere aipatu dituzte erakundeek.

Horregatik, «salbuespen legedia» bertan behera uzteko eta «ezinbestean eta berehala» euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute, larri daudenak eta 65 urtetik gorakoak askatzeko, preso eta senideei bisita eskubidea itzultzeko, eta «gradu progresioari bide emanez» baldintzak betetzen dituzten presoak askatzeko.

Egoera dela eta, datorren ostiralean mobilizatzeko eskatu diete herritarrei.

Elkarteok emaniko datuen arabera, hamazazpi euskal preso daude gaitz larriekin; 70 urtetik gorako bi, 65 urtetik gorako 12, eta 60tik gorako 24. Espainiako Estatuko kartzeletan dauden presoen %80 etxetik 400 eta 1.000 kilometro arteko distantziara dauzkate, eta berrehun preso horietatik 158 lehen graduan dituzte. Nabarmendu dutenez, konfinamendu neurriengatik bisitak bertan behera utzi dituztenez, badira «gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten haur motxiladunak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.