Azpiegiturak

AHTaren inbertsio osoa premiazko zerbitzuetara bideratzeko eskatu dute

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta makina bat gizarte eragilek manifestu bat aurkeztu dute lau hiriburuetan, eta aldarrikatu dute egungo egoeran ezin dela ez ikusiarena egin. Zerga bilketa nabarmen murriztera doanez, zerbitzu publikoak indartzeko beharra aldarrikatu dute.

Gaur Iruñeko Ospitale Gunean egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ
joxerra senar
2020ko maiatzaren 26a
13:07
Entzun

Euskal Y-an eta Iruñetik Castejonera arteko tartean ia 5.000 milioi euro gastatu dira orain arte, eta, aurrekontu osoa erabiliko balitz, 15.000 milioi eurora iritsiko litzateke ordaina. COVID-19ak eragindako krisian diru sarrerak %20 inguru murriztuko direla kalkulatzen da, eta, hori ikusita, Orain Ardura agiria aurkeztu dute lau hiriburuetan. Funtsean, aldarrikatzen du AHTaren eta obra handien gastua zerbitzu publikoak indartzera bideratzeko, baita pandemiak jotako sektore sozial eta ekonomikoak laguntzera ere.

Iruñean, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Ospitale Gunean, eta ele bitan irakurri dute manifestua. Elkarte ugarik babestu dute; sindikatuen artean, kasurako, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta CGT daude; gizarte taldeen artean, Bilgune Feminista, Ekologistak Martxan, Eguzki, Joxemi Zumalabe, Emakumeen Mundu Martxa, Pentsionistak Martxan, AEK, Ernai, Sustrai Erakuntza, KEM, 78ko Sanferminak Gogoan...

Ospitale aurrean izanik, gogora ekarri dute «aste gogorrak» izan direla, erabateko bakardadean hil direlako mila herritar, osasun langileak jo eta su ibili direlako lan baldintza txarretan, «ez delako gaixo guztientzako nahikoa arnasgailurik izan edo milioika test eta babes ekipamendu falta izan direlako». 2008ko finantza krisiaren ostean, murrizketak ezarri ziren zerbitzu publikoetan, eta orain Hego Euskal Herriak munduko heriotza tasarik handienetako bat izan du. «Gure erakundeek eredutzat dituzten iparraldeko herrialdeek milaka bizitza salbatzea eta milioika enplegu eta enpresa txiki ez galtzea lortu dute. Ez da kasualitatea izan».

Manifestuaren sinatzaileek uste dute ezin direla iraganeko akatsak berriro egin. «Etorkizun ziurgabe honetan, erakundeei eskatzen diegu egoerak eskatzen duen mailan egoteko eta iraganeko akatsak ez daitezela berriz egin». Haien ustez, iparraldeko herrialdeen aldean Espainiako Estatuak diru publikoa erabili du aireportuen, autobideen eta AHTaren azpiegituren inbertsioan. Hala, uneotan, Espainia abiadura handiko trenbidean kilometro gehien duen herrialdea da, Japonia, Alemania eta AEBen aurretik; aitzitik, erabilerari dagokionez «azken postuan kokatzen da, kilometro bakoitzeko bidaiari ratiorik txikiena baitu».

Koronabirusaren krisiak beste perspektiba bat eman dio auziari. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak autonomoen laguntzetara bideratu dituen hiru milioi euroekin AHTaren ehun metro egiten dira, eta Nafarroako Ospitale Guneko laborategi bateratuko eraikinera bideratutakoarekin AHTaren 83 metro egiten dira. Gasteizen eta Iruñearen artean orain arte egin den tren zatiaren kostuarekin, duela urte eta erdi Eibarren inauguratutakoaren pareko 32 ospitale egingo lirateke.

Horrek ematen du AHTaren kostuaren neurria. «Gobernuek inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren alorretan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan», salatu dute. Horrek bere isla izan du egunotan: «Ospitaleak gainezka, osasun langileen txanda bikoizketak, hiltegi bilakatu diren adinekoen egoitzak, bakardadean hil den jendea, bat-batean ospitale eraldatutako hotelak, etxeetan maskarak fabrikatzen dituzten emakume ugari...».

Agiriaren sinatzaileen ustez, elkarren arteko zaintza erdigunean jarri behar da, eta horretarako enpleguen garrantzia azpimarratu dute. Osasun eta gizarte zerbitzuetan aritzen diren langileen hiru laurden emakumeak dira.

Orain Ardura agiriaren arabera, Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak kargua hartzerakoan erabilitako hitz zuhurrak kontuan hartu beharko lituzkete Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Abalosek esan zuen urte askotan AHTan «zentratuegi» egon direla gobernuak, eta trenen inbertsioak «birbideratu» behar zirela. Pedro Azpiazuk apirilean esan zuen gastu publikoa murriztu egin beharko litzatekeela, eta obra handiak atzeratu. Hitzok kontuan izateko eskatu dute.

«Aurreikusten den krisialdi larria guztion ahotan dagoen honetan, ezin dugu ez ikusiarena egin». Horregatik guztiagatik eskatu dute AHTaren obrak berehala eteteko eta proiektu berriak bertan behera uzteko: «Inbertsio ekonomiko osoa premiazkoak diren alorretara bideratzeko eskatzen dugu». Lehentasun horien arten leudeke pertsonen zaintzarako zerbitzuak, pentsio duinak, oinarrizko diru sarrerak herritar guztientzat, euskararen sustapena eta COVID-19ak gogor jotako sektore sozial eta ekonomikoei laguntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.