Navarra Sumaren haserrea eragin du EAJk lortu izanak bizitzeko gutxieneko errentaren eskualdaketa

Atzo sinatu zuten Espainiako Gobernuak eta EAJk bizitzeko gutxieneko diru sarrera Lanbidek eta Nafarroako Gobernuak kudeatzea. Erabaki horrek Navarra Sumaren haserrea piztu du; Esparzaren hitzetan, Nafarroako erakundeei eta foru autogobernuari egindako «eraso nabarmena» da akordioa. 

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailea artxiboko irudian. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 28a
13:04
Entzun

Lanbidek eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute gutxieneko diru sarrera. Hala adostu zuen atzo EAJk Madrilgo gobernuarekin. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera, Espainiako estatu osoan ezarriko den lehen gutxieneko errenta, bihar du onartzekoa Ministroen Kontseiluak, eta dekretuak xedapen gehigarri batean jasoko du Hego Euskal Herrirako salbuespena. Bizitzeko gutxieneko errentaren transferentziak, ordea, Navarra Sumaren haserrea eragin du. Javier Esparza koalizioko bozeramaileak salatu duenez, Nafarroako herritarren borondate legitimoari, Nafarroako erakundeei eta foru autogobernuari egindako «eraso nabarmena» da hitzarmena. 

EAJren eta akordioaren kontra gogor hitz egin zuen atzo Esparzak: «EAJk, zeinak Nafarroako Foru Komunitatea desagertzea nahi baitu, ez du inolako zilegitasunik Nafarroako erakundeei dagokiena bere kabuz negoziatzeko». «Nafarroako herritarrek hauteskunde orokorretan erabaki dute EAJko kidek ez dutela ordezkatzen Nafarroa Gorte Nagusian, eta, beraz, ez dutela nafarren agindurik betetzen», azpimarratu du.

Txibiteren kontrako hitzak ere esan zituen Esparzak. Nafarroak inoiz izan duen presidenterik «otzanena» izatea aurpegiratu zion: «Txibite isildu egin zen Sanchezek eta EAJk Nafarroako trafiko transferentziei buruz hartutako akordioaren inguruan, eta, ondoren, berriz isildu zen Foru Berriaren indarraldia ukatzen duen errekurtsoaren kontuan. Isilik gelditu zen Sanchezen gobernuak eta EH Bilduko diputatuek Nafarroari buruz egin zuten akordioaren inguruan ere, eta orain berriro onartu du». 

Nafarroako Gobernuaren erantzuna

Elma Saiz Nafarroako Ogasun kontseilariak parlamentuan nabarmendu duenez, «gobernutik gobernura» egindako negoziazioen ondorioz lortu da transferentzia: «Argi dago: negoziazioa Espainiako eta Nafarroako gobernuen artean egin da», nabarmendu du. Hala, transferentziaren onarpena espero zen albiste bat izan dela berretsi du Saizek. 

Saizek kontatu duenez, maiatzaren 14an bildu ziren Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa eta Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, bertzeak bertze gutxieneko diru sarrera Nafarroak kudeatzeko. Saizek azpimarratu du urriaren 31 baino lehen hartuko duela eskumena Nafarroak, eta bitartean Espainiako Gobernuarekin kudeatuko dutela behar duten herritar guztiengana iristeko.  

Ramoz Alzorriz PSNko parlamentariak gaitzetsi egin du Navarra Sumaren jarrera: «Eskuinak  berriz ere ahalegina egiten ari da gatazka politiko bihurtzeko albiste on bat. Nafarroako herritar guztiei mesede egiten dien akordio bati balioa eman beharrean, akordioa nork egiten duen nabarmendu du», salatu du Alzorrizek. Gutxieneko errenta Nafarroak kudeatzea albiste ona dela azpimarratu du Alzorrizek, herritarrengandik «gertuen» dagoen erakundea delako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.