Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartu da

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dira; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
2020ko ekainaren 2a
10:44
Entzun

Konfinamenduaren arintze prozesuko bigarren fasean sartu da gaur Ipar Euskal Herria. Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak lehengo astean jakinarazi zuenez, besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dira fase berrian. Hala ere, langileek maskara erabili beharko dute, eta bezeroek ere bai, ostatu barnean mugituko direlarik. Jatetxeetan, ez da onartuko hamar lagun baino gehiagoko mahairik, eta mahaien artean metro bateko distantzia errespetatu beharko da. Aldiz, ostatu barnean zutik kontsumitzea debekatu dute.

Hezkuntza arloan, lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dira. Kolegioetan, laugarren eta hirugarren mailak sartzen ahalko dira gaurtik aitzina. Lizeoak ere irekiko dira, eta ikastetxe bakoitza «tokian tokiko egoerari» egokitu beharko zaio. Leheneko frantsesezko ahozko azterketa bertan behera uztea erabaki du Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak. Hotelak eta aterpetxe turistikoak ere irekiko dituzte egun horretatik aitzina.

Bestalde, kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere irekiko dira. Zinemak, berriz, ez dira zabalduko ekainaren 22ra arte. Egun horretatik aitzina, kanpoan egiten diren ekitaldi handiak baimentzeko asmoa dago, baina ezingo dira 5.000 lagun baino gehiago bildu. Diskotekak, kirol kolektiboak, hipodromoak eta kirol zelaiak hetsirik atxikiko dira, oraingoz. Oro har, irekiko diren gune guztietan segurtasun neurri zorrotzak errespetatzeko eskatu zuen Philippek.

Orain arte, Iparraldeko herritarrek ezin zuten 100 kilometro baino urrunagoko joan-etorririk egin «baleko arrazoirik» gabe. Gaurtik aitzina, «libreki» ibiltzen ahalko dira Frantziaren menpe dauden lurraldeetan. Philipperen arabera, baliteke Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ekainaren 15ean irekitzea.

Hondartzak ere gaurtik irekiko dira Ipar Euskal Herrian. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak bilkura egin zuen joan den astean Lapurdi kostaldeko auzapezekin, hondartzen irekiera aipatzeko. Orain arteko balorazioa baikorra izan dela adierazi zuen, nahiz eta kudeaketa «lan handia» eskatu duen. Spitz: «Asteburu honetan horrela segituko dugu, eta Frantziako Gobernuak adierazten duenaren arabera ikusiko dugu heldu den asterako nola egokitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.