Espainiako Kongresuak larrialdi egoeraren seigarren luzapena onartuko du gaur

Ekainaren 21 arte luzatuko dute; printzipioz, azken aldiz. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori».

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko lehen agerraldian, Kongresuan. J. J. GUILLEN / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 3a
10:37
Entzun

Espainiako Gobernuak alarma egoeraren luzapena eskatzeko osoko bilkura hasi da Kongresuan, minutu bateko isilunearekin. Espainian ez da hildakorik baieztatu azken bi egunetan, eta hala adierazi du Pedro Sanchez presidenteak bere lehen parte hartzean: «Okerrena igaro da». Horretaz gain, normaltasunera itzultzeko prozesuaren balorazio ona egin du, eta, azaldu duenez, «momentuz ez du izan eragin negatiborik pandemiaren garapenean».

Sanchezek adierazi duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori». Erkidegoek «erabakitzeko eskumen osoa» izango dutela gehitu du, mugimenduan izan ezik. Gainera, iragarri du datorren asteartean txerto bat aurkitu bitartean indarrean egongo den lege bat onartuko duela Gobernuak, eta bertan bilduko dituela aurrerantzean badaezpada hartu beharreko neurri guztiak.

Ondo bidean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa datorren astelehenean sartuko dira fase horretan. Ez hori bakarrik; hirugarren fasetik «normaltasun berrira» igaro ala ez ere Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakiko dute, ez Madrilek.

Printzipioz, gaur onartuko dute larrialdi egoeraren seigarren eta azken luzapena, ekainaren 21 arte. Gobernuan dauden PSOEren eta Unidas Podemosen baiezkoarekin ez ezik, EAJren eta Ciudadanosen babesarekin eta ERCren abstentzioarekin onartuko dute luzapena.

Eztabaida

Saioaren lehen zatian, Espainiako alderdi nagusien arteko eztabaida izan da protagonista, larrialdi egoeraren luzapenari buruzko kontuetatik harago. Sanchezek esan du inork ez duela Espainiako bandera besteen aurka erabiltzeko eskubiderik, «guztiok ordezkatzen baikaitu». Martxoaren 8aren alde ere jardun du.

Jarraian hitza hartu duten PPko Pablo Casadok eta Voxeko Santiago Abascalek, ordea, ez diote jaramonik egin batasunerako dei horri. Biek «Espainiaren etsaiekin» akordioak egitea egotzi diote: Casadoren arabera, Sanchez gobernuan dago «ultraezkerrari, independentistei eta batasunoei esker». Abascalen iritziz, berriz, «ETA, EAJ eta ERC» dira etsai horiek, eta, Espainiako banderari dagokionez, presidenteari esan dio nahikoa litzakeela «bere konplizeei» exijituko balie ez erretzeko eta eraikin ofizialetatik ez kentzeko.

Gobernantza banatua

EAJk kritikatu egin du eztabaida hori; Aitor Estebanen iritziz, gobernuaren aurka jardutea «ez da egokiena gaur egungo egoeran». Pozik agertu da pandemiaren bilakaeragatik, baita Espainiako Gobernuarekin lortu duten akordioagatik ere: «Ikusi dugu pandemiaren bilakaera ezberdina izan dela leku bakoitzean, eta horregatik uste dugu egokia dela autonomia erkidego bakoitzak alarma egoera nahi bezala moldatzea».

EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere gobernantza banatuaren alde jardun du, eta eskumenak errespetatzeko eskatu dio gobernuari. Jarraian, «langile klasearen aldeko neurriak» indartzen jarraitzeko eskatu dio Sanchezi: «Ez duzue dena gaizki egin; norabidea egokia da, baina ez nahikoa». EH Bildu abstenitu egingo da larrialdi egoera luzatu edo ez erabakitzeko bozketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.