Gaua pasatzeko udalekuak ere egitea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

Udalekuri buruzko zirriborro bat lantzen ari dira, eta «ezer ere ez dago itxita». Hirugarren faserako baimendu dituzte udalekuak.

Umeak jolasean, Iruñeko kaleetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 3a
16:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gazteria Zuzendaritzak adierazi du udalekuei buruzko zirriborro bat lantzen ari direla, eta, eguneko udalekuez gain, gaua igarotzeko eta otorduak egiteko aukera ere aztertzen ari direla. Oraindik ez dute zirriborroa bukatu, eta aldaketak izan litzake, aisialdi taldeekin eta Eudel Euskal Udalen Elkartearekin ari baitira prozesua kontrastatzen.

Udalekuei buruzko azalpenak emateko eskaera asko jaso dituztela-eta, dokumentuaren zenbait xehetasun azaldu dituzte. Oraingoz, aukera guztiak dituzte zabalik: eguneko udalekuak egitea, baita gaua pasatzekoak ere. Adierazi dute orain arte jasotakoak betetzen dituela Espainiako Gobernuak ezarritako arauak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu duela.

Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean izango dute udalekuak egiteko baimena; datozen egunetan ere datuak onak badira, Hego Euskal Herria astelehenean pasatuko da fase horretara. Egun lantzen ari diren proposamenaren arabera, udalekuak aire zabalean eginez gero, berrehun lagun elkar litezke gehienez, begiraleak barne. Leku itxiren batean eginez gero, berriz, edukieraren herena bete ahal izango dute, laurogei pertsona gehienez ere.

Hurrengo agertokian, faseetatik igaro osteko «normaltasun berrian», aire zabaleko jardueretan gehienez hirurehun pertsona elkartzeko proposamena jaso dute zirriborroan. Leku itxietan, laurogei.

Zirriborro hori aurkeztu diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, eta hirurek onartu dute, Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren arabera. «Edozein ekarpen jasotzeko prest gaude, deialdietako oinarriak berme guztiekin osatzeko», adierazi du Marcos Muro Enplegu eta Gazteria sailburuordeak. «Gaiak ikusmin handia sortu die hainbat gurasori, eta, horregatik, errepikatu beharra dugu ezer ez dagoela itxita oraindik», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.