Koronabirusa

Hirugarren fasearen peskizan

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Okerrik ezean, Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatuko da hurrengo astelehenean, ekainaren 8an. Alarma egoeratik ateratzeko azken pausoa izango da, eta beste koska bat malgutuko dira alarma egoeragatik murriztuta dauden zenbait neurri. Gainera, berritasun garrantzitsu bat izango du fase berriak: erkidegoek kudeatu ahal izango dituzte konfinamendua arintzeko neurriak. Hala baieztatu zien igandean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erkidegoetako presidenteei. Hartara, Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek kudeatuko dute hirugarren fasea Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, hurrenez hurren.

Modu horretan, «gobernantza erabatekoa» berreskuratuko dute Urkulluk eta Txibitek astelehenetik aitzina. Haien esku geratuko da, hala nahi badute, fase berriaren epea laburtzea —ekainaren 21ean bukatuko litzateke—eta Espainiako Gobernuak jarritako arauak zehaztea. Joan-etorriei dagokienez, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko zirkulazioa baimentzeko eskumena izango du Urkulluk astelehenetik aurrera. Edozein modutan, Hego Euskal Herri osoan zirkulatzeko aukera ere egon liteke. Izan ere, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroak atzo iragarri zuen probintzien eta erkidegoen arteko mugikortasuna baimentzea aztertzen ari dela gobernua.

Igandeko bileran, Txibitek txalotu egin zuen hirugarren fasea erkidegoek kudeatu ahal izatea: «Gure erkidegoak, gainerakoek bezala, ezaugarri propioak ditu, aintzat hartu beharrekoak». Urkulluk, berriz, atzo bertan eskatu zion ofizialki Espainiako Gobernuari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera igaro ahal izatea ekainaren 8an, argudiatuta «bilakaera ona» izaten ari direla osasun egoera eta egoera asistentziala. Fasez aldatzeko eskaera ez ezik, beste eskakizun batzuk ere egin zizkion Sanchezi: besteak beste, osasun neurri gisa erosi beharreko maskarei ez jartzeko BEZik «ordainketa partekatua» ezarria duten herritarrentzat, halabeharrez aurkeztu beharreko aldi baterako erregulazio txostenak luzatzeko, irailera arte luzatuta Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko hobariak, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zabaltzeko.

Espainiako Gobernuak dagoeneko zehaztu du nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko hurrengo pausoa. Hala ere, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku dago hirugarren faseko neurriak moldatzea.

Ordutegiei eutsiko zaie?

Ez da inolako ordutegirik izango hirugarren fasean. Bigarren fasean, 70 urtetik gorakoek hiru ordu dauzkate zehaztuta paseatzeko, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Hirugarren fasean, ordea, desagertu egingo dira ordutegi horiek. Horren ordez, Madrilek eskatu du osasun eta higiene neurriak «muturreraino» betetzeko talde zaurgarrietako pertsonekin harreman zuzenik izanez gero.

Beste herrialde batera joaterik egongo al da ?

Espainiako Gobernuaren dekretuak ez du baimentzen probintziatik irtetea, baina litekeena da datorren astelehenetik aurrera libre izatea Hego Euskal Herriko lurralde guztien artean mugitzea. Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroak atzo azaldu zuenez, konfinamendua arintzeko prozesuko hirugarren fasean dauden erkidegoen artean mugitu ahalko da. Hala ere, datuen eta erkidegoen erabakiaren araberakoa izango dela zehaztu zuen.

Haurren parkeakirekiko dituzte?

Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuak ez du argibiderik ematen haurren parkeei buruz, baina oso litekeena da itxita jarraitzea. Alabaina, haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte hirugarren fasean, bai aire zabalean eta bai leku itxietan, baina egunean hasi eta bukatzen badira. Eguneko udalekuak, beraz, egin ahal izango dira. Aire zabalean egiten badira, haur eta gazteak bilduko diren leku horren edukieraren erdia izango dute gehienez; begiraleak zenbatuta, 200 pertsona. Leku itxi batean egiten badira, berriz, edukieraren herena izango dute, gehienez 80, begiraleak barne. Haur eta gazteak hamar pertsonako taldeetan banatu beharko dira, begiralea barne, eta jarduerak talde horietara mugatuko dira.

Gauez tabernakirekiko dituzte?

Ez. Gauez irekitzen diren tabernek itxita jarraituko dute, eta baita diskotekek ere. Baina aldaketak egongo dira tabernen eta jatetxeen edukieran. Taberna eta jatetxeetako lekuaren erdia bete ahalko da gehienez, eta terrazen %75. Gainera, taberna barruko barran kontsumitu ahal izango da, baina bezeroen edo bezero multzoen artean bi metroko segurtasun distantzia utzita.

Zenbat lagun elkartu daitezke fase berrian?

Hirugarren fasean, gehienez, hogei pertsona elkartu litezke etxe barruan zein kanpoan. Orain, bigarren fasean, hamabost pertsona elkartu daitezke.

Saltoki handiakirekiko dira?

Saltoki guztiek ateak zabaldu ahal izango dituzte, haien tamaina edozein dela ere. Hala ere, ezein dendatan ezingo dute gainditu %50eko edukiera. Merkataritza zentroetako eremu komunak eta aisialdirako guneak ere ireki ahal izango dituzte, leku osoaren %40 beteta gehienez.

Turismoari lotutako neurriak arinduko dira?

Hoteletako espazio komunak erabiltzea baimenduta egongo da hirugarren fasean, baina gehienez leku guztiaren erdia beteta. Animazio jardueretan, berriz, hogei pertsonako taldeak egongo dira gehienez. Turistentzako ekitaldietan, berriz, hogei pertsonarainoko taldeak baimenduko dituzte, eta turisten gida lanetan aritzen direnek jende pilaketak saihestu beharko dituzte. Turistentzako jolas parkeek, parke zoologikoek eta akuarioek ateak irekiko dituzte: aire zabalean, edukiaren erdia, eta toki itxietan, herena. Zinema aretoek, antzokiek, auditoriumek eta zirkuek ere edukiaren erdia izango dute.

Museoetan jarduerak egin ahal izango dira?

Museoek eta liburutegiek baimenduta edukiko dute irekitzea hirugarren fasean ere, eta, gainera, kultur jarduerak antolatu ahal izango dituzte. Museoek edukieraren erdia izango dute, eta gehienez hogei pertsonako multzoetan egingo dira bisitak. Liburutegietan kultur jarduerak antolatu ahal izango dira, gehienez espazioaren %50 beteta. Gainera,ikasketa gelak ireki ahal izango dituzte, baina ezin izango dute gainditu %50eko edukiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.