Energia

Euskal Herriko parke eolikorik handiena abian jarri du Iberdrolak

Cavar parkeak 111 megawatteko potentzia du, eta Cadreitako eta Valtierrako lurretan dago.

Cavar parkean haize errrotak jartzen. IBERDROLA
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 5a
12:04
Entzun

Hamabi hilabeteko lanen ondoren, argindarra ekoizten hasi da Euskal Herriko parke eolikorik indartsuena, Cavar izenekoa, Valtierrako eta Cadreitako lurretan (Nafarroa). Iberdrolaren proiektua da, Nafarroako Rural Kutxaren finantzaketarekin egindakoa. Europako Inbertsio Bankuaren mailegu bat ere jaso du proiektuak.

Berez, lau parke ditu Cavar guneak, eta guztira 32 haize errota jarri dituzte, Siemens Gamesak egindakoak. Haize errotak SG 3,4-132 modelokoak dira, eta 3,4 megawatteko potentzia daukate. Palak 64,5 metro luze dira.

Iberdrolak azaldu duenez, Cavarren eraikuntzarako 80 milioi euroren erosketak egin dizkie hornitzaileei, eta haietako asko Nafarroako Erriberakoak eta inguruko eskualdeetakoak ziren.

«Cavarrek erakusten du enplegua eta aberastasuna sor ditzakegula karbono gutxiko ekonomia bat sustatzen badugu, eta inbertsioak bideratzen baditugu etorkizuneko sektoreetara, hala nola energia berriztagarrietara, sare adimenduetara eta biltegiratzera», azaldu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.

Parke eolikoak 45.000 etxebizitza urte osorako argindarrez hornitzeko adina argindar sortuko du. Edonola ere, argindar hori ez da etxeetara joango, enpresetara baizik, Iberdrolak kontratua egin baitu hainbat enpresarekin luzerako argindarra hornitzeko. Cavarreko elektrizitatea erabiliko dute, besteak beste, Kutxabankek, Euskaltelek eta Uvescok (BM eta Super Amara).

Badira 25 urte Euskal Herrian lehen parke eolikoa jarri zutela, Erreniega mendikatean (Nafarroa). Bultzada handia izan zuten 2000. mendeko lehen urteetan, Nafarroan bereziki, baina 2008an abiatutako krisiak geldialdi bat eragin zuen sektorean. Nafarroako Gobernuak 650 megawatteko potentzia duten proiektuak onartu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak ere baditu asmoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parkeak jartzeko, baina artean ez du erabaki non egingo diren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.