Erabakitzeko eskubidea

«Plazak berreskuratzeko» urratsa egin du Gure Esku-k

Ekitaldiak egin ditu Bilbon eta Lezon, eta bihar beste 50 herritara eramango du burujabetzaren aldeko aldarria

gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 6a
16:14
Entzun

Martxoaren 11n aurkeztu zuen Gure Eskuk Hamaika Gara ekinbidea, beste zenbait eragilerekin batera atondua, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa ere aurreikusten zuena. COVID-19aren izurriak eta horrek ekarritako itxialdiak egitasmoa atzeratu du, baina orain, «plazak berreskuratzeko» garaia iritsi dela deritzo Gure Esku-k, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu herririk herri, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean. Gaur Bilbon eta Lezon (Gipuzkoa) egin ditu, eta bihar beste 50 bat herritan egingo ditu antzekoak.

Bilbokoan, 250 bat lagunek hartu dute parte, eta Plaza Eliptikoan kokatu dira, segurtasun tarteari eutsita eta enparantzari itzuliak emanez. Nork bere aldarria ekartzeko deia egin du Gure Esku, eta hala egin dute parte hartzaileek. Esku artean zeramatzaten afixetan mota askotako aldarriak agertzen ziren: Demokrazian sakondu, Aztarna ekologikoa murriztu, Lana, pentsioak eta bizitza duinak, Testak denontzat, Gorputz eta identitate guztiak aske, Black lives matter eta abar.

Ekitaldian, zenbait lagunek George Orwellen 1984 eleberriaren pasarteak irakurri dituzte, totalitarismoaren aurkako eta aniztasunaren aldeko aldarri gisa. Milia Ortiz de Pinedo eta June Telletxea feministak, Jaime Mendia EHGAMeko kidea, Iratxe Urizar giza eskubideetan aditua, Steilas sindikatuko Ana Perez, Beñat Zarrabeitia kazetaria, EHUko katedradun Iñaki Zabaleta, Bilboko konpartsetako kide Julen Larrea eta beste hainbat aritu dira Orwellen liburuaren pasarteak irakurtzen.

Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk esan duenez, itxialdian herritarrak etxean egon dira, «baina erabakitzeko eskubidea ez da etxean geratu. Burujabetzan sakontzeko nahia plazan dago berriro».

«Itxialdian asko pairatu dugu, baina baita asko ikasi ere», azaldu du Etxaburuk. «Ikasi dugu, esaterako, osasun krisiari, krisi ekonomiko eta sozialari, ezin zaiola aurre egin herritarroi bizkarra emanda. Krisiei hemendik eta denon artean erantzun nahi diegu, herritarrok hemen eta Euskal Herritik erabaki nahi dugulako».

Gogorarazi du Gure Esku ez dela «geldirik», eta udazkenean berriro eutsiko diotela udaberri honetarako zeukaten egitasmoari, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa barne: «Udazkenean, Bilbo erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzan sakontzearen gune bihurtuko dugu. Indarrak hartu, eta egon lasai, badugu-eta zer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.