Omenaldia egin diote Gladys del Estali, haren heriotzaren 41. urteurrenean

Eguzkik eta Gladys Gogoan plataformak adierazi dute Del Estal Tuterako protesta hartara eraman zuten arrazoiak indarrean jarraitzen dutela: «Inoiz baino gehiago».

Dozenaka lagun elkartu dira Gladys del Estali eginiko omenaldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 6a
19:31
Entzun

41 urte igaro dira Guardia Zibilak Gladys del Estal aktibista ekologista hil zuenetik, Tuteran (Nafarroa) eginiko protesta antinuklear batean. Hura oroitzeko, urtero gisa, omenaldi bat egin dute Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan plataformak, Donostiako Gladys Enean. Benetan «berria» izango den normaltasun baterako pausoak egin beharra azpimarratu dute.

Antolatzaileek nabarmendu dute Del Estal Tuterako protestetara eraman zuten arrazoi berak egun ere indarrean daudela. «Inoiz baino gehiago», adierazi dute: «Osasun krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen, kontsumo eta bizimodu aldaketa baten beharra». Aldaketarik eman ezean «normaltasun berrianormaltasun zaharraren» berdina izango dela azaldu dute, «baina maskarekin». Maskara horien atzean krisi ekologikoa «zorroztuko» dela, eta prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko direla uste dute, herritarrak «ahulago» sentiaraziz.

Konfinamenduak «benetan garrantzitsua zer den» konturatzeko balio izan duela behin eta berriz errepikatu den unean, emaniko lehen pausoak «kontrako norabidean» doazela kritikatu dute. Horren aurrean, ezinbestekotzat jo dute mugimendu ekologista aktibo baten beharra: «Guk normaltasun berri benetan berria behar dugulako».

Omenaldian, gogoan izan dute Zaldibarko zabortegiko ezbeharra ere, hura gertatu zenetik lau hilabete igaro direnean. Gaur kalera atera diren herritarrei euren elkartasuna adierazi diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.