Iruña-Veleia auzia

Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote Eliseo Gili

Agiriak faltsutzeagatik eta iruzurragatik zigortu dute arkeologoa, baina ez du kartzelara joan beharko, epaileak kontuan hartu duelako auzia asko luzatu dela.

Eliseo Gil eta Ruben Cerdan, epaiketaren saio batean.
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan, epaiketaren saio batean. Juanan Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren - Aitor Biain -

2020ko ekainak 10

Gasteizko Zigor Arloko 1. Epaitegiak Iruña-Veleia auziaren epaia eman berri du, eta bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio Eliseo Gil indusketen arduradunari, agiriak faltsutzeagatik eta iruzurrarengatik. Haren laguntzaile Ruben Cerdani urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra jarri dio. Zigortuek ez dute kartzelara joan beharko, baina 12.490 euro ordaindu beharko dizkiote Arabako Foru Aldundiari. Epaileak kontuan hartu du auzia asko luzatu dela.

Hasieran, akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen Gilentzat, eta fiskaltzak, bost urte eta erdikoa. Ondarea hondatzea eta iruzur egitea egozten zioten Gili, baina azken unean omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten. Akusazio horiek zirrikitu bat ireki zieten zigor txikiagoei, epaiketaren saioetan agerian gelditu baitziren aztarnategian egindako lanaren hutsuneak eta akatsak, baina akusazioek ez zuten lortu piezak Eliseo Gilek faltsutu zituela ziurtatzea. 

Isabel Diez epaileak fiskalak epaiketaren azken egunean emandako argudioak onartu ditu Gil zigortzeko. Izan ere, epaiak dio ezin dela frogatutzat eman grafitoak Gilek berak egin zituenik. Aldiz, onartu du Gil aztarnategiko zuzendari zen neurrian bertan geratzen zenaren jabe zela, eta, beraz, baita arduradun ere. Izan ere, epaian frogatutzat ematen da «zeramikazko benetako 36 pieza arkeologikoetan erromatar berantiarretan inskripzioak egiteko ebakidurak» egin zituela Gilek berak edo beste norbaitek, «aztarnategietako aurkikuntzei ez zuten balio historiko-kultural erlijioso bat emateko asmoz». Gainera, epaileak azpimarratu du idatziak eta irudiak «piezak garbitzeko prozesuan» agertu zirela, eta ez aztarnategian piezen aurkikuntzaren unean bertan.

2006an aurkeztu zituzten Iruña Veleian aurkitutako piezak, baina denbora gutxira piztu ziren dudak euskarari, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzez. Benetakoak ziren ala ez aztertzeko batzorde zientifiko bat eratu zuten 2008an, eta batzordearen ebazpena baliatu zuen Arabako Foru Aldundiak aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen enpresa kaleratu eta arduradunen aurkako salaketa jartzeko. Hamaika urteko tramiteen ondoren, iragan otsailaren 3an hasi zen epaiketa. Hamabi saio izan zituen, eta 50 lekukok parte hartu zuten. Hiru lagun eseri ziren akusatuen aulkian: Eliseo Gil, Ruben Cerdan eta Oscar Escribano.

Epaiketaren lehen saioan, ordea, Oscar Escribano geologoak aitortu zuen pieza bat faltsutu zuela. Lankideei «broma» bat egiteko pieza batean Veleia idatzi zuela onartu zuen Escribanok. Saioa hasi eta berehala eman zuten akusazioarekin adostutako zigorraren berri: urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hori dela eta, ez du espetxera joan beharrik izango, baldin eta hurrengo bi urteetan beste deliturik egiten ez badu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iratxe Aguilera musikaria, atzo, Bilboko Bira kulturgunean, Kai Nakai izen artistikoarekin kaleratu duen diskoa aurkezten. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Euskal reggaeton ahaldundua

Iñigo Astiz

Durangoko Azokak martxan jarritako Sormen Beka eskuratu zuen iaz Iratxe Aguilera musikariak, eta bederatzi kantuko disko bat kaleratu du orain, Kai Nakai izen artistikoarekin: 'Baimenik gabe'
Bisitari bat, Jon Cazenave argazkilariaren erakusketa ikusten. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna