Euskal presoak

Atxurra, Mardones, Saenz eta Rodriguez presoak lekualdatu egingo dituzte

Aranjuezera, Soriara, Logroñora eta Valladolidera eramango dituzte osasun baldintzek horretarako modua ematen dutenean.

Urtarrilaren 11n Bilbon euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko ekainaren 10a
14:42
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du lau euskal preso Euskal Herritik gertuago dauden Espainiako Estatuko espetxeetara lekualdatuko dituztela COVID-19aren izurriak sortutako osasun baldintzek horretarako bidea dutenean. Zehazki, Julen Atxurra, Asier Mardones, Balbino Saenz eta Asier Rodriguez dira laurak, EPPK-koak.

Atxurra Puerto I-etik (Andaluzia) Aranjuezera (Madril) eramango dute. 61 urte ditu, eta buruko isuri bat izan zuen maiatzaren 13an. 24 urte beteko ditu espetxean, lehen graduan.

Beste hirurak Euskal Herritik gertuagoko presondegietara eramango dituzte. Rodriguez, Alborotetik (Granada) Soriara; Mardones Alacantetik (Herrialde Katalanak) Logroñora, eta espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du bigarren gradura igarotzea; eta Saenz, Valentzia III-tik (Herrialde Katalanak) Valladolidera eramango dute.

Etxerat elkarteak esan du Madrilek iragarritako lekualdaketak ez direla nahikoak; «are gutxiago Atxurraren kasuan. Euskal Herrian egon behar du, familiarekin eta konfiantzako medikuarekin batera». Preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du.

Sortuko Presoen Aldeko Batzordeak ez ditu gerturatze gisa hartzen Valladolid eta Aranjuez. PSOEren gobernuak, 2018tik irailetik aurrera, 28 hurbiltze egin ditu; Mardosenena eta Rodriguezena kontuan hartuta, 30.

Sanchez, behin-behinean

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi du Saioa Sanchez euskal presoa Roazhon-eko espetxetik (Frantzia) Naonedekora mugitu dutela. Sanchez haurdun dago, eta Renneseko kartzelako amen dibisioan obrak amaitu bitartean egongo da Naoned (Nantes). Gero, berriz eramango dute Roazhonera (Rennes).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.