Jaurlaritzak datorren astelehenean aztertuko du alarma egoerari eusten dion ala ez

Erabakia hartu aurretik, aste oso baten datuak eduki nahi dituzte.

Jaurlaritzak gaur eguerdian eginiko agerraldia. IREKIA
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 11
14:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean aztertuko ditu COVID-19ak hirugarren fasean izan duen bilakaeraren datuak, eta horren arabera erabakiko du alarma egoerari eusten dion ala ez. Hirugarren fasea ekainaren 8an sartu zen indarrean, eta, Arantza Tapia sailburuak esan duenez, lau egun gutxi dira ondorio bat ateratzeko gaixotasuna fase berri honetan izaten ari den bilakaeraz, eta egokiago iritzi diote aste oso baten bilakaera aztertzeari. Horregatik, datorren astelehenera arte itxarongo dute erabakitzeko alarma egoera, aurreikusita dagoen bezala, ekainaren 21ean amaituko den edo, aitzitik, lehenago emango duten bukatutzat.

Tapiak esan duenez, oraingo fasearen ezaugarriak «zaintza eta kontrola» dira: «Aurreikusitako erritmoan ari gara aurrera egiten; inoiz ez dugu azkarregi joan nahi izan, eta oraingoan ere ez». Sailburuaren arabera, hirugarren faseak aldaketa ugari ekarri ditu; adibidez, batetik bestera ibiltzeko aukera handiagoak, kultur, kirol eta gizarte jarduera gehiago, eta abar, eta komeni da ondo aztertzea nolako bilakaera izaten ari den gaixotasuna abagune berri horretan, are gehiago kontuan izanik hirugarren fasea amaitutakoan «normaltasun berria» ezarriko dela, eta hori «datozen hilabeteetako gure bizimoduaren giltza» izango dela.

Basurtu eta Txagorritxu

Basurtu eta Txagorritxuko erietxeetan izandako agerraldiei dagokienez, Osasun sailburu Nekane Murgak esan du Basurtun 29 direla orain arte kutsatuak, PCR proben arabera. Horietatik hamaika ospitaleko langileak dira; beste hamaika, pazienteak, eta zazpi dira bisitariak. Bi gaixo hil dira, horietako bat azken 24 orduetan. Txagorritxun, berriz, zazpi kutsatu detektatu dira PCR proben bidez: hiru paziente —horietako bat etxean dago—, langile bat, eta ospitaletik kanpo haiekin harremana izandako beste hiru lagun. Txagorritxun ere pertsona bat hil da azken agerraldi horren ondorioz.

Orotara, lau lagun hil dira EAEn azken 24 orduetan, eta 13 positibo berri detektatu: hamabi Bizkaian, eta bat Araban.

Osakidetzak egindako bahetze ikerketaren berri ere eman dute sailburuek. Nekane Murgak azaldu duenez, 4.147 lagun detektatu dituzte otsailaren 28tik apirilaren 15era COVID-19arenak izan zitezkeen sintomak izan zituztenak —arnasa hartzeko arazoak eta sukarra— baina bere garaian PCR probarik egin ez zietenak. Horietatik, 3.240ri PCR proba egin diete orain —gainerakoei ez diete egin, ez dituztelako aurkitu, ez dutelako probarik egin nahi izan edo bestelako arrazoiengatik—, eta emaitza izan da horien %30ek koronabirusa izan zutela; 959k, zehazki.

Murgak esan duenez, baheketa horren bigarren faseari ekingo diote orain, eta beste 8.000 laguni PCR proba egiteko proposatuko diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.