EAJk berriro eskatuko du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko, GALi buruzko informazioa aztertzeko

Aitor Estebanentzat «harrigarria» da beste herrialde bateko zerbitzu sekretuen bidez izatea GALi buruzko txostenen berri. Maddalen Iriartek esan du «isiltasun ozenak» Gonzalezen parte hartzea «egiaztatu» duela.

Aitor Esteban, gaur, Espainiako Kongresuan eman duen prentsaurrekoan. BALLESTEROS / EFE
2020ko ekainaren 16a
16:26
Entzun

EAJk berriro aurkeztuko du Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko proposamena Espainiako Kongresuan. Alderdia saiatu izan da lehenago ere ekinbide hori burutzen, baina ez du lortu oraindik. Egunotan hedatu dira Felipe Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruz CIAk 1984. urtean egin zituen agiri batzuk, eta Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak aukera baliatu du proposamenari heltzeko berriro.

Estebanek prentsaurreko batean esan duenez, EAJk datorren astean aurkeztuko du Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko lege proposamena, Gonzalezen gobernuak GALen sorreran parte hartu ote zuen argitzeko. Haren hitzetan, «harrigarria» da informazioa beste herrialdeetako zerbitzu sekretuen txostenen bidez jakitea, Espainian «klasifikatuta eta zortzi giltzarekin itxita» egonik.

EAJren bozeramaileak adierazi du beren proposamenaren asmoa dela garai hartan gertatu zena «zehatz ikustea eta aztertzea», jakiteko «zer gertatu zen GALekin zehatz-mehatz». Salatu du «beste talde parlamentario batzuek» oztopoak jarri dizkiotela lege hori moldatzeari, eta berretsi du beraiek jarraituko dutela saiatzen, «inoiz baino beharrezkoagoa delako».

Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek ere eskatu du Felipe Gonzalezek Espainiako Senatuan agerraldi bat egin dezala, azalpenak eman ditzan. Martinezen ustez, GAL erabiltzeak ETAri arnasa eman zion, kide berriak lortzeko aukera sortu zion, eta estatuaren zilegitasuna kolokan jarri zuen.

EH Bilduk azalpenak eskatu ditu

EH Bilduk Gonzalezen eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren agerraldiak eskatu ditu Kongresuan, azalpenak eman ditzaten. Eta Kongresuari eta Senatuari galdegin die ikerketa batzordeak sor ditzaten.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak adierazi du CIAren txostenen aurreko «isiltasun ozenak» Gonzalezen parte hartzea «egiaztatu» besterik ez duela egin. «Isiltasunek ere hitz egiten dute, eta oztopo dira elkarbizitza eratzeko, esan du. «Egia, justizia eta erreparazioa» galdegin ditu.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Espainiako trantsizio eredua kritikatu du, eta erantzukizuna eskatu du: «Zintzotasuna eta erantzukizuna eskatzen ditut. Eta jende guztiak esan dezala zer egin duen eta zer ez». Egiari Zor taldeak ere erantzukizuna eskatu du, eta Sekretu Ofizialen Legearen pean ezkutatuta dagoen dokumentazio guztia agertzeko ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.